Ligako lehen bost partidak jokatu ostean, gaur hasiko du Realak Txapeldunen Ligako multzoen fasea. Hamar urteren ostean, berriro entzungo da Europako kluben arteko txapelketa handienaren ereserkia Anoetan. Inter Milan hartuko du talde txuri-urdinak, txapeldunordea. Aritz Elustondo (Beasain, Gipuzkoa, 1994) ez da zelaian izango, baina taldearen aukeretan sinetsita dago.
Ikusi gehiago: Hasteko, aurkaririk zailena
Nola dago taldea?
Beti gustatzen zaigu hiru puntuak eskuratzea. Etxeko lehenengo bi partidetan gogotsu irten ginen, baina aurkariak ere jokatu egiten du, eta biak berdindu genituen. Hirugarren berdinketa ere iritsi zen Las Palmasen. Granadaren aurka irabazita, ez dakit geldialdia ondo etorri zitzaigun edo ez; jarraipena eman nahi genion Bernabeun. Orain, Txapeldunen Ligan gaude, buru-belarri.
Zer moduz egokitu dira taldera fitxaketak?
Etxeko jokalariok jarraitzen dugu, eta klubak beste zerbait eman nahi dio taldeari kanpotik jokalariak ekarrita. Ekarpenak egitera datoz, eta orain arte jokatu dutenek argi eta garbi erakutsi dute. Denek behar dute denbora egokitzeko, baina oso jokalari onak dira. Seinale ona da geroz eta jende gehiagok etorri nahi duela Realera, eta horrek oso ondo hitz egiten du bai klubari buruz, baita aldagelari buruz ere.
Fitxaketak iritsi dira, baina taldekide garrantzitsuenek Realean jarraitzeko hautua egin dute. Hori da pozgarriena?
Zalantzarik gabe. Reala talde handia da, jokalariak oso gustura gaude bertan... familia eder bat osatu dugu aldagelan, eta baten batek joan nahi izanez gero, badaki kanpoan hotz handia egiten duela eta etxean hobeto dagoela. Fitxaketekin esan bezala, taldean daudenek kanpora joan nahi ez izateak oso ondo hitz egiten du klubaz eta taldeaz. Horrela izan dadila urte askoan; ez da seinale txarra izango.
Hala ere, izar nagusia galdu duzue, lesio batengatik: David Silvarena hutsune handia da.
Argi eta garbi. Gurekin jokatzera zetorrela esan zigutenean gutako askok ez genuen sinetsi ere egin. Baina kanpoan begi onekin ikusten dute hona etortzea, eta hori ere zerbaitegatik izango da. Taldeari laguntzera etorri zen, umiltasun osoz, eta ikaragarria izan da haren ondoan jokatzea. Inork ezin du bete haren hutsunea; bakarra da, berezia. Hutsune handia utzi du. Aste txarrak igaro genituen aldagelan, baina erreferente handi bat izan da guretzat.
Alor pertsonalean, lesioak izan dira zure buruhausteak azkenaldian. Zer moduz zaude?
Pixkanaka-pixkanaka bagoaz aurrera. Kopako finalaren ondoren, denbora asko pasatu nuen lesioak ahaztuta, denboraldi oso bat entrenamendu zein deialdi guztietan egoten. Oso gustura sentitu nintzen. Iaz ere urtarrila iritsi arte eutsi nion, baina Bernabeun egindako mugimendu txar batean orkatila txikitu nuen. Kosta egin zitzaidan erritmoa hartzea; azken finean, lesioak ahaztuta dauzkazunean berriro erortzea gogorra da. Udan beste lesio bat izan dut, eta uste baino gehiago egon naiz geldirik. Kosta egiten da lesio bati buelta ematea. Hortxe nabil orain, lan horretan buru-belarri.
Txapeldunen Liga. Hitz handiak dira. Nola iritsiko da taldea?
Ilusio handia daukagu aldagelan. Real Madrilen aurkako partida pasatu da, eta buru-belarri jarri ginen berehala Interren aurkako partidari begira. Talde handiak dauzkagu multzoan, eta oso partida zailak izango dira denak. Baina guk edonori aurre egiteko ilusioa daukagu, eta prest egon nahi dugu. Aurreko sasoian guk lortu genuen zerbait da, eta disfrutatzea eta lehiatzea merezi dugu.
Askotan zabaldu da duela hamar urteko zure argazki bat Riazorreko harmailetan. Orain,taldeko bigarren kapitaina zara. Zer da hori zuretzat?
Lehenengo taldera iristen zarenean, amets asko izaten dituzu. Aurrenekoa, bertara iristea da; gero, nola ez, taldean mantentzea. Ondoren datoz helburu handiagoak. Zorionez, amets asko bete ditut Realean, baina ez dizut ezetzik esango: hau betetzeko neuzkan horietako bat zen. Behin harmailetan sentitu nuena zelaian bizi nahi dut orain nire bihotzeko taldearekin.
Hamar urte pasatu dira Realak Txapeldunen Ligan azkenekoz jokatu zuenetik. Nola oroitzen dituzu partida horiek?
Partida guztietako emaitzak ez dizkizut buruz esango [barrez], baina oroitzapen oso onak ditut. Oraingoz, ez da Anoetan urtero ikusten den zerbait, eta orain dela hamar urte Txapeldunen Ligako ereserkia Anoetan entzutea izugarria izan zen. Zale moduan bizi izan dut, eta pribilegiatu bat naiz zelaian ere biziko dudalako. Oroitu, oroitzen naiz, baina bizi, oraingo hau bizitzeko gogoa daukat.
Gehienentzat esperientzia berria izango da. Loa kendu dizue Txapeldunen Ligak?
Inola ere ez. Berdin dio Txapeldunen Liga edo Europa liga izan. Azken urteetan helburuak lortuz joan gara, eta horrek sariak ekarri ditu. Azken urteetan udan bagenekien uneren batean iritsiko zirela Europa ligako partidak, eta, aurten, berdina izan da, baina Txapeldunen Ligarekin. Horrek ez du baldintzatu gure orain arteko lana. Beti esaten dugu liga dagoen asteetan ligan zentratu behar dugula, eta gero hasiko garela Europan pentsatzen. Ez dugu Txapeldunen Liga Espainiako Ligaren aurretik jarri. Azken urteetan ezagutu dugu zer den aste barruan jokatzea, eta ohituta gaudela esan daiteke. Baina, orain, koska bat gorago ariko gara.
Iazko txapeldunordea hartuko duzue lehenengo jardunaldian. Ez da hasiera makala...
Ez da txantxa, ez. Baina ziur nago aurkariei ez zitzaiela gustatu Reala egokitu izana. Multzoen zozketa egin zenean bagenekien horrelako taldeak egokitzeko aukera zegoela, eta aurreko denboraldiko bigarren sailkatuaren aurka hasiko dugu bide berri hau. Oso partida zaila izango dela badakigu, baina gu oso seguru gaude. Badakigu gure gauzak ondo eginez gero eta gure jokoa erakutsiz gero garaipenetik gertuago egongo garela. Horretan saiatuko gara Interren aurka.
Zein da helburua Txapeldunen Ligan?
Ez dut uste helburu bat eta bakarra izan behar dugunik. Pixkanaka joan behar dugu, datorren partidari begira. Ahalik eta puntu gehien lortu nahi dugu, ligan bezala. Badakigu oso zaila izango direla partida guztiak, aurkari handiak dauzkagulako aurrean. Hemendik hilabete batzuetara, ligaxka bukatzen denean, ikusiko dugu futbolak non jarri gaituen eta Reala non dagoen sailkapenean. Indarrez hustu behar dugu, eta, gero, etor dadila etorri beharrekoa.
Ikusi gehiago: Italiar estiloa, behar duenerako gordea
Aritz Elustondo. Realeko jokalaria
«Behin harmailetatik sentitu nuena zelaian bizi nahi dut orain»
Denboraldiaurreko lehenengo partidan min hartu zuen atzelariak, eta zelaira itzuli ezinda dabil oraindik. Realak gaur egingo du debuta Txapeldunen Ligan, Inter Milanen aurka, baina hark ez du jokatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu