Malkoak Dijonen (Frantzia), eta irribarreak Atarrabian (Nafarroa). Europako txapelketetan aurrera segitzea zuten jokoan gaur Bera Berak eta Beti Onak-ek, eta nafarrek helburua lortu dute atzo eta gaur Yellow Winterthur Suitzako taldeari irabazita, baina gipuzkoarrek ez. Penaltietan galdu dute Dijonen aurka (27-24).
Imanol Alvarezek prestatutako taldearentzat, Europako Ligako lauko finala jokatzea zen denboraldiko helburu nagusia, baina aurkari gogorra tokatu zaie multzoen fasearen aurreko kanporaketan, eta modu krudelean esan diote agur lehiaketari. Iaz oso gertu izan zuten lauko finala, penaltietan geratu ziren kanpoan final-laurdenetan, eta gaur ere modu berean heldu da porrota. Mingarria izan da, jokalarien malkoek erakutsi duten moduan.
Joan den astean, Donostian, 22-19 irabazi zieten frantziarrei, eta hiru golen aldearekin ekin diote gaur lehiari. Neurketa bikain hasi dute, gainera: bost golen aldea lortu dute berehala (2-7), eta markagailuak 9-12koa erakutsi arte sendo aritu dira. Orduan heldu da etxeko taldearen erreakzioa: 5-0eko partziala egin eta 14-12 aurretik iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatian itxura txarra hartu du partidak: segituan hiru gol sartu eta 17-12koa ezarri du Dijonek markagailuan, eta sei golen aldea ere izan du (24-18). Bera Berak ez du amore eman, eta gol bakarrera jartzea lortu du (25-24), baina etxekoek sartu dituzte azken bi golak, eta, kanporaketa berdinduta geratu denez, penaltietan erabaki da dena.
Une erabakigarrian eskas aritu da Bera Bera. Lehen hiru jaurtiketak huts egin dituzte Arroyok, Alvarezek eta Somazak, hirurak sartu dituzte frantziarrek, eta horrelaxe amaitu da Europako ibilbidea. Alvarezen neskek beste behin erakutsi dute goi mailako taldeen pare daudela, baina zorte apur bat falta zaie koska bat gora egiteko. Datorren sasoian itzuliko direla hitzeman dute.
Beti Onak, aurrera
Beti Onak-ek, berriz, Europako Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu du asteburuan Atarrabian; joaneko eta itzulerako partidak, biak, bi egunetan, Atarrabian, bi taldeek hala adostuta. Atzo 30-26 irabazi zioten Suitzako Yellow Winterthur-i, eta gaur, berriz, 27-25. Horri esker, final-zortzirenetarako sailkatzea eta ametsa luzatzea lortu dute.

Lehen zatian, kanporaketari buelta emateko ahaleginak egin ditu Suitzako taldeak, baina gehienez ere bi golen aldea lortu du (6-8, 10-12). Ate aurrean huts asko egin ditu etxeko taldeak, baina erdi-lanetara, hala ere, berdinduta heldu dira (13-13).
Bigarren zatia hasi bezain pronto pare bat golen aldea hartu du Beti Onak-ek, eta ez du askatu. Bigarren zati osoan gol bat, bi edo hiruko aldea izan du etxeko taldeak, eta kontrolpean izan du kanporaketa une oro.Â
Nabarmentzekoa izan da Patricia Encinas atezainaren lana;Â hamabost geldiketa egin ditu. Azken minutuetan garaipena lortzeko esfortzua egin du taldeak, eta sari hori ere eskuratu du.