Arrauna

Kontxan ez dago huts egiteko tarterik

Gizonezkoek gaur jokatuko dute sailkatze estropada, 18:00etan hasita; 21 traineru ariko dira lehian. Zenbaitentzat, tramitea behar luke izan; beste zenbaitentzat, berriz, amestutako unea.

Traineruak eta jendetza Donostian, iaz, Kontxarako sailkatzeko estropadan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Traineruak eta jendetza Donostian, iaz, Kontxarako sailkatzeko estropadan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ligan ondo aritzeko, ezinbestekoa da erregularrak izatea. Kontxan, berriz, ez dago huts egiteko tarterik: kale edo bale. Eta zirraragarriena: beti edo ia beti izaten dira ezustekoak. Gizonezkoetan, iaz, Cabok eta Kaikuk eman zuten sailkatze estropadako ezustea. Aurten, ikusi beharko da. 21 traineru ariko dira lehian gaur (18:00, ETB1), eta guztiek lehiatu nahi dute Kontxan. Zenbaitentzat, tramitea behar luke izan; beste zenbaitentzat, berriz, amestutako unea.

Argi dagoen bakarra zera da: 21 ontzi horietatik zazpirentzat bakarrik dagoela tokia, eta gosez daudela traineru guztiak. Azken bi urteetan, Isuntza kanpoan geratu da, gutxigatik bada ere, eta madarikazioa apurtu ezinda dabil —azkenekoz 1999an parte hartu zuen Kontxako Banderan—. «Ea hirugarrengoa balekoa den», esan du Jurgi Gorostiza arraunlariak. Ilusioa eta esperantza, behintzat, badituzte. «Denboraldiari ginga jarri nahi diogu, eta, zergatik ez, Kontxarako sailkatu».

Ligako sailkapena hartu daiteke erreferentziatzat, eta, hori aintzat hartuta, Kontxako Banderaren lehian tokia izango luke Isuntzak. Gaur-gaurkoz, zazpigarren dago. «Hori hala da, eta ez dugu baztertuko. Ligan oso-oso ondo ibili gara, espero baino askoz hobeto, eta, betiere oinak lurrean izanda, uste dut sailkatzeko aukera asko izango ditugula dena ematen badugu». Hala ere, ezin dira fidatu: Lekeitioko taldea zazpigarren zegoen iaz ere, eta ez zuen lortu sailkatzea. Duela bi, berriz, zortzigarrena zen, eta orduan ere kanpoan geratu zen. Oraingoan, emaitza bestelakoa izatea espero dute.

«Ilusio handia dugu, baina batere ez presioa», adierazi du Gorostizak. Hainbat aurkari zuzen aipatu ditu: San Juan, Ondarroa, Kaiku, Chapela, Santurtzi... Baina, haren iritziko, aldeko dute kanpo faktore bat: itsasoaren egoera. «Iragarpenak ikusita, itsaso txarra dago, eta hori motibazio estra bat da guretzat, itsasoan oso ondo ibili baikara aurten eta azken urteetan». Iñaki Goikoetxea patroiaren eskarmentua ere goraipatu nahi izan du: «Gorka Aranberriren mailan dago».

«Betiere oinak lurrean izanda, uste dut sailkatzeko aukera asko izango ditugula dena ematen badugu»

JURGI GOROSTIZA Isuntza taldeko arraunlaria

Dena den, pozik dago orain arte egindakoarekin: «Denboraldi hasieran uste genuen mailari eusteko borrokan ibiliko ginela. Datorrena sari moduan hartuko dugu. Egin duguna disfrutatu dugu, eta hau opari bat izango da guretzat». 

Azaldu duenez, sasoiak aurrera egin ahala geroz eta hobeto aritu dira, eta azken estropadetako sentipenak onak izan dira. «Sasoi onean iritsiko gara Kontxarako sailkatze estropadara; ea aurtengoa den gure urtea».

Ahalik ondoen aritu, eta ea

Azken hiru urteetan Urdaibaik irabazi du Kontxako Bandera, baina aurtengo panorama bestelakoa da. Aldaketa asko izan dituzte traineruan, eta balentria handia litzateke aurten Bou Bizkaia ontzia nagusitzea. Hala ere, horretan saiatuko dira: «Beti irabazi nahi izaten da», aitortu du Imanol Caruezo Urdaibaiko arraunlariak. «Azken hiru urteak bereziak izan dira, baina aurtengoa bestelakoa da. Desberdina izango da. Talde ona dugu, eta uste dut ondo ariko garela».

Kontxarako ilusioz eta gogotsu daude: «Lan asko egin dugu urte osoan. Dena emango dugu, eta ea emaitza ona lortzen dugun». Oraintxe, ligan laugarren dago Urdaibai, eta Galizian jokatutako azken estropadan bigarren amaitu zuen, Orioren atzetik: «Urtea ondo joan da. Ondo hasi ginen, gero behera egin genuen, baina azken estropadetan ondo ibili gara. Ilusio handia dugu Kontxarako. Taldea animatuta dago, eta antzematen da».

«Azken estropadetan ondo ibili gara. Ilusio handia dugu Kontxarako. Taldea animatuta dago, eta antzematen da»

IMANOL CARUEZO Urdaibai taldeko arraunlaria

Caruezok lehen urtea du Eusko Label ligan, eta nabaritu du aldea. «Maila oso handia dago, eta exijentzia ere halakoxea da. Beti irabazi nahi dugu». Bermeokoa da Caruezo, eta azaldu du harentzat «berezia» dela etxeko traineruan aritzea.

Orain, Kontxan jarrita dauka arreta osoa. «Inoiz ez dakizu itsasoak ze emango dizun; orduan, beti egon behar duzu adi. Litekeena da ezusteko asko egotea». Gaur, egin beharrekoak egin eta Kontxarako sailkatu nahi dute; eta hurrengo bi igandeetan, ahalik eta posturik onena lortzeko lehiatu.

parte hartzaileak

  1. Orio

  2. Zierbena
  3. Urdaibai

  4. Hondarribia

  5. Getaria

  6. Isuntza

  7. San Juan

  8. Ondarroa
  9. Ares
  10. Kaiku
  11. Cabo
  12. Santurtzi
  13. Arkote
  14. Zarautz
  15. Lapurdi
  16. Zumaia
  17. San Pedro
  18. Chapela
  19. Tiran
  20. Samertolameu
  21. Hibaika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.