Elkar hartuta lortu dute arrakasta Imanol Arriortuak eta Mikel Aristik

Bikain amaitu dute denboraldia, txirrindularitza egokituko munduko txapeldun izan baitira. Aristi txirrindulari profesionala izandakoa da, eta berak egin ditu gidari lanak. Arriortuak ikusmen arazoak ditu, eta tandema erabiltzen erakutsi dio Aristiri.

 Imanol Arriortua txirrindularia eta Mikel Aristi haren gidaria. BASQUE TEAM
Imanol Arriortua txirrindularia eta Mikel Aristi haren gidaria. BASQUE TEAM
2026ko urriaren 1a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraindik ere sinetsi ezinda dabil Imanol Arriortua (Derio, Bizkaia 1998). Orain aste batzuk, Txirrindularitza Egokituko Munduko Txapelketako errepideko proba irabazi zuen, Mikel Aristi txirrindulari ohia (Bergara, Gipuzkoa, 1993) gidari zuela. «Geure burua oso indartsu ikusi genuen, eta dena oso ondo atera zen».

Arriortuak Stargardt gaixotasuna du, begietako arazo genetiko bat, eta ikusmena galtzen joan da. Soilik hiru urte daramatza tandem modalitatean lehiatzen, eta jada munduko txapeldun izatea lortu du. Aristi txirrindulari profesionala izan zen bederatzi urtez, eta orain Arriortuaren gidaria da. «Potentziari erreparatuta, datu antzekoak ditugu; beraz, nahiko tandem orekatua osatzen dugu», nabarmendu dute. Haien arabera, hasieratik ondo ulertu dute elkar, eta elkar hartuta aritu dira. Horiek izan dira arrakasta izateko gakoetako bi. Urtebete daramate soilik elkarrekin entrenatzen.

Hain justu, Arriortua jarri zen harremanetan Aristirekin, gidaria izan zedila eskatzeko: «Nire entrenatzaile Enekok eta biok harekin hitz egin genuen». Hasieran bakoitza bere bizikletarekin hasi zen entrenatzen, elkar ezagutzeko. Baina egun batetik bestera tandemarekin hasi ziren, munduko txapeldun izatea lortu arte. Aristik hasieratik antzeman zuen Arriortua maila handiko txirrindularia zela: «Oso datu onak zituen. Nahiz eta orain arte ez duen irabaztea lortu, emaitza onak ari zen lortzen», gehitu du. Helburuak garbi izan zituzten hasieratik: dominen lehian egotea.

Hori lortzeko, lan handia egin dute bi txirrindulariek. Aristik Arriortuak egindako lana nabarmendu du: «Imanolek asko lagundu dit, nik ez bezala esperientzia baitzuen jada. Tandema eramateko garaian asko erraztu dizkit gauzak; esaterako, bihurguneak hartzeko orduan». Arriortuak ere laudorioak izan ditu Aristirentzat, eta hasieratik tandema «oso ondo» erabili duela nabarmendu du. Horrek konfiantza ematen dio: «Modalitate honetan hori beharrezkoa da».

Gainera, Aristik zertan lagundu dion azaldu du: «Nabari da urteak egin zituela profesionaletan, eta errepideko proban ikusi zen hori. Lasterketan zer gertatuko zen ondo antzeman zuen. Une oro bazekien zer egin behar genuen». Konpromiso «oso handia» duela ere adierazi du, eta harekin oso gustura entrenatzen dela. Horregatik guztiagatik, «lasaiago» dago. 

«Nabari da [Mikel Aristik] urteak egin zituela profesionaletan, eta errepideko proban ikusi zen hori. Lasterketan zer gertatuko zen ondo antzeman zuen. Une oro bazekien zer egin behar genuen» 

IMANOL ARRIORTUA Txirrindularia

Aipatutako guztia erakutsi zuten munduko txapelketan. Aurrena erlojuaren aurka lehiatu ziren. Bosgarren amaitu zuten, espero baino okerrago. «Dominen lehian ibiltzea espero genuen, denbora asko eman baikenuen prestatzen», azaldu du Arriortuak. Egindako denborarekin ez ziren gustura geratu, eta sentsazio txarrekin amaitu zuten. «Txapelketa aurreko entrenamenduetan gure energia osoa erlojupekoan jarri genuen. Serie eta test asko egin genituen, eta gimnasioan ere lan handia egin genuen». Xehetasun txikiena ere zaindu egin zuten: «Kasko asko probatu genituen, eta bizikleta gainean posizio aldaketa batzuk ere egin genituen», azaldu du Arriortuak.

Hala ere, egoerari buelta ematen jakin zuten, eta nola, gainera: errepideko proban munduko txapeldun izatea lortu zuten. Lasterketa hasi aurretik «oso urduri» zeuden, baina behin errepidean zeudela erlojupekoan gertatutakoa erabat ahaztu zuten. Urrutitik aurrera egitea erabaki zuten, helmugarako 65 kilometro falta zirenean. «Lasterketan zer gertatzen den Mikelek ikusten du, eta hark esaten du noiz jo erasoa, noiz geratu…», kontatu du Arriortuak. Aristik azaldu du zergatik erabaki zuen orduan aurrera egitea: «Lehiakideak erasoa jotzen ari zirela ikusten nuen, eta ez genuen lasterketatik kanpo geratu nahi. Indarrak galtzen ari ginen eraso horiei erantzuten. Beraz, aurrera egitea erabaki nuen, talde handi hori murriztu eta txikiago batekin geratzeko».

Baina azkenerako bakarrik joan ziren. Inor ez zen gai izan haiei segitzeko. Ekinean jarraitu zuten, baina indar guztiak xahutu gabe, amaierarako gorde beharra baitzegoen. Lasterketa amaitzeko hiru itzuli falta zirenean, Aristi zera pentsatzen hasi zen: irabaztea posible zela. Arriortuak, berriz, ez zuen horretan pentsatu helmugara iritsi arte: «Mikelek azken itzulian esan zidan jada ez gintuztela harrapatuko, baina nik lanean jarraitzeko esan nion, badaezpada ere».

«Imanolek asko lagundu dit, nik ez bezala esperientzia baitzuen jada. Tandema eramateko garaian asko erraztu dizkit gauzak; esaterako, bihurguneak hartzeko orduan» 

MIKEL ARISTI Gidaria

Garaipena lortzea «zaila» izan zela esan dute. Aristi berria zen modalitatean, lehen lasterketan erori egin zen, erlojupeko kaskarra egin zuten… Hori guztia gorabehera, beste guztiak baino indartsuago izan ziren.

Pistako denboraldia

Errepideko denboraldia amaituta, pistakoa hasiko du Arriortuak. Bertan ez du Aristiren laguntza izango. Enpresa batean lanean dabil, eta opor egunak bukatu zaizkio jada. Pistako probak oso laburrak eta biziak dira errepidekoekin alderatuta: lau kilometrokoak, kilometro batekoak eta berrehun metrokoak. Pistakoa esperientzia berria da Arriortuarentzat. Baina jada hasi da 2028ko Olinpiar Jokoetan pentsatzen —Los Angelen izango dira—, nahiz eta oraindik ere urruti dauden: «Badakit hor daudela».

Hurrengo denboraldian elkarrekin jarraitzea espero dute, eta, printzipioz, batera hasiko dute errepideko sasoia, urtarrilean: «Imanolekin jarraitzea da nire intentzioa», esan du Aristik. Errepidekoarekin batera egin nahi dute datorren urteko pistako denboraldia ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA