Eta, bat-batean, isildu egin dira 51.396 lagunen ahotsak. Isildu egin dira duela bi urte baino gehiagotik hona ozendutako amorruak, isildu aldarriak, isildu han-hemen antolatutako protestak, boikot eskaerak, lanuzteen abarrotsak, minutu eskas batean oroitzeko Israelek hildako 69.000 palestinarrak, zauritutako 170.000ak eta lekuarazitako mordoa. 51.396 pertsona inguru mutu, gainez egindako zelai bat tente, ikurrinak, Palestinako banderak eta kufijak besoetan zabalduta. Eta, bat-batean, euste ariketak indartuta beharbada, ozenagoak eman dute «Palestina askatu» oihuek. San Mames ez da gehiago apaldu. Aldarrikapenekin bete dute zaleek Euskal Herriko eta Palestinako gizonezko futbol selekzioen arteko partidaren atarikoa, aldarrikapenekin josi dute jokoa bera, eta aldarrikatzen segitu dute epailearen txistuak bukatutzat jo duenean norgehiagoka. Euskal selekzioak Palestinakoak baino hiru gol gehiago sartu ditu (3-0); ez zaio gailendu, ordea.
Garaiz agertu dira zaleak. Partida hasteko ordu eta erdiren faltan, San Mamesko harmailen zuri-gorria orbaindu dute daborduko puntu beltz, berde eta zuri batzuek. Eta eserleku gehienak artean hutsik egon arren, zale bakan horien txaloek, txistuek eta bozina zaratek estadio osoa hartu dute Palestinako selekzioko jokalariak zelaira atera direnean beroketa ariketei ekiteko. Denak batera korrika, zelaiaren luze-zabala zeharkatuta.

Eta, zelai erdian, Picassoren Gernika koadroaren detaile bat: andre bat besoak igota, ahoa zabalik, txilioka. Zuriz emakumea, beltzez hondoa. Tonu berekoak izan dira ariketok egiteko palestinarrek soinean eraman dituzten kamisetak: hurrenez hurren, iaz eta aurten eraildako selekzioko kide bana irudikatuta paparrean; eta, bizkarrean, mezu argi bat: «Partidak haien izenean jarraituko du». Apaldu da ostera zaratotsa, eta marmar artean nabarmenagoa egin da harmailen gainean kokatutako bi pantailek igorri dutena: genozidioaren laburpen bat; hildakoak, lekualdaketak, gosea, Palestinako herritarren eta hondarren irudien bilduma bat.
Euskaraz aditu da gizon ahots bat partida hastera zihoala ohartarazteko. Eta, segidan, emakume bat hizketan, arabiarrez, eta txalo zaparrada ostera, haren hitzak ulertu beharrik gabe ere. Izaro Andres, Eñaut Elorrieta eta Sol Band iragarri dituztenean bozgorailuetatik partida hasteko ordu laurden eskas falta zela, berriz suhartu da San Mames, beteago jada, baina oraindik ez lepo. Eta artistak zelairatu direnean, sirena hotsak jarri du mugarria, eta ezarri du lotura: Gazako genozidioa eta Gernikako bonbardaketa. «Javier Gardoki, Josefina Solozabal, Aurelio Legarreta, Kattalin Arrieta, Gernikan», abestu du Eñaut Elorrietak. Sol Bandek hartu dio lekukoa, arabiarrez, eta Andresek eta Elorrietak kolpea, berriz, Gernikako bonbardaketaren biktimen zerrendarekin jarraituz. Palestinians kantatu du Sol Bandek ondoren, eta ordurako zutik zeuden zaleak. «Eskerrik asko. Palestina askatu!», bukatu dute palestinarrek, euskaraz, eta txilioka eskertu diete ikusleek.
Jokaldi guztiei txalo
Harmailetako bat osorik hartu dute berehala mosaikoekin irudikatutako ikurrinak eta Palestinako banderak, elkarren ondoan, bi selekzioen ereserkiak entzun bitartean. Harmailetan ez da apenas eserleku hutsik ikusten daborduko, eta bengalen keak nabarmen zurituta ditu bazterretako hainbat. Euskal selekziokoek ofizialtasuna aldarrikatzen duen pankartarekin egin dute talde argazkia; Palestinakoek, Stop Genocide dioen batekin. Bereizita atera dizkiete irudiak aurrena, eta besarkaturik hurrengoak, Bakea-Peace dioen kartel baten atzean. Ozenagoak egin dira orduan orroak, eta ziztuan apaldu dira omenezko minutu bateko isilunea has zedin.

Baina baloia mugitu denerako, burrunba betean zegoen ostera estadioa. Txaloka, jauzika tarteka, askotariko banderak astinduta etengabe: Palestinakoa, Euskal Herrikoa, Nafarroakoa, zale taldeetakoak. Berehala heldu da lehen gola, laugarren minutuan: Unai Elgezabalek buruz errematatu du Kike Barjaren kornerra. Gogoz ospatu dute zaleek, baina orobat ospatu dituzte euskal herritarrei kanpora ihes egindako baloiak, palestinarrek berreskuratutakoak, atezainak salbatutako bidalketa arriskutsuak, batzuen zein besteen aldeko epaileen erabakiak.... Kodea iraulia da: ez dago kanpoko talderik, baizik eta etxeko bi. Kexatu dira Palestinako jokalari batek behegainera bota duenean euskal selekzioko bat, baina are kartsuago gaitzetsi dute euskal selekziokoak bota duenean palestinarra hurrengo jokaldian.
Eta bitartean, «Palestina askatu» oihukatu dute hainbatetan. Abestu dute Laboaren Txoria txori, entzun dira «Lepoan hartu eta segi aurrera» eta «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak». Independentzia eskatu dute sarritan, eta olatua egin dute pare bat bider. Ozen egin dute txistu pare bat aldiz bengalak bota dituztenean zelaira. Heldu da atsedenaldia, eta orduan ere ez dira aitortzak eten. Berriki zendutako Xabier Azkagorta entrenatzailea gogoan izan dute, eta, ondoren, omenaldia egin diote pilota selekzioari, ofizialtasuna erdietsi duen lehen euskal selekzioari. Keinua itzuli dute pilotariek, zestak altxatu eta pasabide bat osatuta Palestinako jokalarientzat.

Instituzioek ere aitortza egin diete hala Palestinako selekzioari, nola euskal selekzioari, ordezkariz beteta egon da-eta palkoa: partidari adi egon dira, besteak beste, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, Aitor Esteban EBBko presidentea, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Sira Rego Espainiako Gazteriarako eta Haurtzarorako ministroa, Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidentea eta Jibril Rajoub Palestinako Futbol Federazioko presidentea.
Esker on orokorra
Giroa ez da apaldu atsedenetik bueltan. Jarraitu dute kantuek, eta berrikuntzak ere erantsi dituzte ikusleek tarteka: halako batean, sakelakoen linternekin argitu dira harmailak, izkina batzuetan ostera ere «Palestina askatu» entzuten zen bitartean. Laster etorri da, ordea, euskal selekzioaren hirugarren gola: Urko Iruretagoiena Izeta-k sartu du 76. minutuan, baina jada ez dute indar berarekin jaso zaleek, agian ordurako argi zegoelako euskal taldearen nagusitasuna. Palestinarren atezainagandik gertu ibili dira partidaren hasieran, lehen zatia bukatzear zela palestinarrak suspertu egin dira, baina bigarren goletik aurrera txikia izan da haiek sortutako arriskua. Eta hori dela-eta, ikusleak berpiztu antzean egin dira partidaren hondarrean palestinarrak euskal herritarren eremura gerturatu diren aldi urrietan, nahiz eta ezerezean gelditu diren ahaleginak.

Partida bukatu denean, txalo zaparrada luze bat eskaini diete zaleek hala palestinarrei, nola euskal herritarrei. Norgehiagoka galdu arren, irabazleen pare ibili dira Palestinakoak. Thank you Basque Country dioen pankarta batekin egin dute ibilaldia, eta zutitu da ostera San Mames, banderak eta kufijak zabal-zabal, Txoria txori kantatzeko beste behin.