Euskal selekzioa-Palestina partida

«Bi herrien memoria kolektiboan iltzatuta geratuko da atzoko eguna»

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko neurketa eta haren baitan bizitakoa historikotzat jo dituzte antolatzaileek. «Espero dugu Palestinan elkar ikustea», idatzi du hango futbol federazioak.

Euskal selekzioko eta Palestinako jokalariak elkarrekin, atzo, partida amaitutakoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal selekzioko eta Palestinako jokalariak elkarrekin, atzo, partida amaitutakoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko azaroaren 16a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Historikoa»; «bi herrien memoria kolektiboan iltzatuta geratuko den eguna»; «gure oroitzapenetatik ezabatuko ez den gau bat». Atzo 51.000 lagunetik gora elkartu ziren San Mamesen euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunartekoa ikusteko, genozidioa salatzeko eta ofizialtasuna aldarrikatzeko, eta partida zein haren inguruko ekitaldiak antolatzen aritu diren eragileek bizi izandako guztiaren balorazio bikaina egin dute.

Palestinako Futbol Federazioak, esaterako, sare sozialetan idatzi du euren memoriarik ezabatuko ez den gau bat izan zela, eskerrak eman dizkie «Palestinaren alde oihu egin zuten 51.000 zaleei», eta itxaropenerako mezu batekin amaitu du: «Espero dugu Palestinan elkar ikustea».

Partidaren aurreko giroa bi kalejirak berotu zuten. Palestinarekin Elkartasuna plataformak euskal zaletuekin batera deitutakoa izan zen bat, eta Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek deitutakoa bestea.

Palestinarekin Elkartasunaren eta zaletuen kalejira, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Palestinarekin Elkartasunaren eta zaletuen kalejira, atzo, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Azken horien izenean Ibon Meñikak egin du balorazioa gaur goizean: «Atzokoa herri honen memoria kolektiboan iltzatuta geratuko den eguna izango da. Euskal Herriak harrera beroa egin dio Palestinari, elkartasun ariketa kolektiboa egin du, bere selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu du, eta esparru guztietan bere burua ordezkatu nahi duela adierazi du. Euskal Herriak herri librez osaturiko mundua aldarrikatu du».

Norgehiagoka «aste osoko elkartasun eta senidetasun keinu sorta baten eta lan luze baten amaiera bikaina» izan zela adierazi du Meñikak, eta gehitu du festa horrek utzitako hondarra «primerako lehengaia» dela Palestinarekiko elkartasuna lantzen jarraitzeko.

Atzoko egunak utzitakoak zerrendatu ditu. «Lehenik San Mamesen bizi izan genuen elkartasun festa erraldoia; hunkigarria izan zen, eta ziur gaude milaka lagunek betiko gordeko dutela oroimenean. Bigarrenik, kalean herritarrek bidalitako mezua. Milaka eta milaka lagun atera ziren atzoko mobilizazioetan. Gure martxaren burua Jesusen Bihotzera iritsi zenean, azkenak oraindik ere Arriagatik ateratzen ari ziren: ibilbide osoa bete zen, eta mobilizazio anitza izan zen, gainera, non adin guztietako jendeak, familia osoek, sentsibilitate askotako jendeak… parte hartu zuten», hasi da.

Gure Esku, Gu ere Bai eta Gernika-Palestinaren kalejira, atzo, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gure Esku, Gu ere Bai eta Gernika-Palestinaren kalejira, atzo, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Segidan nabarmendu ditu boluntarioen lana, gizarte zibilak eta kirol munduak erakutsitako batasuna, eta atzoko egunak nazioartean izandako oihartzuna: «Partidak berak zein mobilizazioek jarraipen zabala izan dute, oihartzun handia izan du Euskal Herriak atzo bidalitako elkartasun mezu erraldoiak»

Amaitzeko, aurrerantzean ere Palestinaren alde eta Euskal Herria munduan aitortua izan dadin lanean jarraitzeko deia egin du, eta datu bitxi batekin amaitu: estadio batean inoiz egin den ikurrin handiena erakutsi zen atzoko mosaiko erraldoian.

«Historiaren alde egokian»

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bart egin zituen adierazpenak ETBn, partida hasi aurretik. Nabarmendu zuen partidak balio izan duela «munduari erakusteko Euskadi nazio bat dela», eta maila guztietan ofizialtasuna lor dezakeela. «Erakutsi dugu kirolaren eta futbolaren bidez aldarrikatu eta gozatu daitekeela», esan zuen.

Hortaz gain, elkartasuna adierazi zion Palestinako herriari, eta aipatu zuen «Euskadi eta euskaldunak» beti egon direla sufritzen dutenen eta sufritzen ari direnen alboan, «beste garai batzuetan beste herri batzuk gure alboan egon ziren moduan».

EH Bilduk ere agerraldia egin du goizean, eta atzokoaz mintzatu da Oskar Matute Espainiako Kongresuko bozeramailea. Zoriondu egin ditu Palestinari elkartasuna erakutsi zioten milaka lagunak, eta esan du Euskal Herria, «beste behin ere, historiaren alde egokian» dagoela: «San Mamesen elkartutakoek bidezkoa dena aldarrikatu zuten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.