Arrauna

Eusko Label liga: heldu da benetako garaia

Igandean hasiko da Eusko Label liga; Madrilen jokatuko dute lehen estropada, erlojupekoa. Orio da aurten ere guztia irabazteko faboritoa. Entrenatzaile gehienak gustura daude denboraldiaurrean egindako lanarekin, eta orain uretan erakutsi nahi dute.

Traineruak lehian aurtengo Euskadiko Txapelketan, Getarian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Traineruak lehian aurtengo Euskadiko Txapelketan, Getarian. ARITZ LOIOLA / FOKU
2026ko ekainaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

 

Inkesta

  1. Zer helburu dituzue aurten?
  2. Nola ikusten dituzu aurkariak?
     

«Trainerua azkarrago ibiltzea gustatuko litzaidake»

Iker Zabala

Orioko entrenatzailea

Iker Zabala. AITOR ARRIZABALAGA
Iker Zabala. AITOR ARRIZABALAGA

1. Joan den denboraldian banderen errekorra ezarri bagenuen ere, iaz bezain anbiziotsu ikusten dut taldea. Neguan egin dugun lana aintzat hartuta, eta hilabete hauetan jokatu ditugun estropadei begiratuta, denboraldiaurrea bikaina izan da, Espainiako, Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldun izan baikara. Arraunlarien artean maila handia dago, eta jakitun dira onena eman beharko dutela traineruan egon nahi badute. Trainerua aurreko denboraldian baino azkarrago ibiltzea gustatuko litzaidake. Postuei dagokienez, gure lana egitea dagokigu, eta egiten dugun horretan jarri behar dugu arreta. 

2. Aurkariak joan den denboraldian bezala ikusten ditut. Ez dut aurrerapauso nabarmenik eman duen talderik ikusi. Orain arte hainbat txapelketatan neurtu ditugu indarrak guztiok, eta, oro har, aurreko denboraldiko oinarri berdinarekin ikusten ditut beste ontziak.

 

«Ohorezko txandan aritzea izango da gure helburua»

Daniel Perez
Zierbenako entrenatzailea

(ID_17823043382865) Daniel Perez
Daniel Perez. AITOR ARRIZABALAGA

1. Joan den denboraldian bigarren sailkatu ginen, baina hori erreferentzia gisa hartzeak gutxirako balio du. Hemeretzi arraunlarietatik zazpik taldea utzi dute, eta horrek eragina dauka. Astez aste ongi ari gara lanean, eta arraunlariak inplikatuta ikusten ditut. Oraindik xehetasun batzuk fintzea falta zaigu, baina oro har gustura nago osatu dugun taldearekin. Ongi aritu ez garen estropaden biharamunean ere arraunlariak gogo handiz entrenatzen ikusi ditut, eta alde horretatik lana erraztu didate. Helburuei dagokienez, gurea ohorezko txandan aritzea izango da.

2. Oriok eta Donostiarrak proiektu sendoak zituzten, eta horiei eustea lortu dute. Guk, aldiz, beste aro bati eman diogu hasiera, eta horretara egokitu beharko dugu.

 

«Gustura nago osatu dugun taldearekin: handiagoa eta orekatuagoa da»

Igor Makazaga
Donostiarrako entrenatzailea

(ID_17823057987165) Igor Makazaga
Igor Makazaga. AITOR ARRIZABALAGA

1. Egunez egun lantzen ari garen bi zutarri ditugu: autoefikazia eta autokonfiantza. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan Orio estutu izana erreferentzia ona da guretzat. Genituen ahulgune batzuk indartu ditugu, eta hori garrantzitsua izan da. Horrez gain, harrobiko zenbait arraunlarik emandako aurrerapausoa azpimarratu nahiko nuke. Gustura nago osatu dugun taldearekin: handiagoa eta orekatuagoa da. Gustura nabil lanean, ongi inguratuta eta babestuta sentitzen naiz.

2. Aurkariei begiratu beharrean geure buruari begiratzen ari gara. Inoiz baino gehiago ari gara horretan. Hala ere, batera eta bestera begiratzen dudanean, joan den denboraldian zegoen antzeko testuingurua sumatzen dut, xehetasun eta salbuespen batzuk kenduta.

 

«Liga hasteko gogoz gaude»

Jon Salsamendi
Urdaibaiko entrenatzailea

(ID_17823062227155) Jon Salsamendi
 Jon Salsamendi. AITOR ARRIZABALAGA

1.  Urduri gaude, baina hori ona da. Liga hasteko gogoz gaudela esan nahi du horrek. Guztira bederatzi hutsune izan ditugu, eta oinarria erabat sendotu gabe helduko gara liga hasierara. Hala ere, igande honetan hasiko da denboraldia, eta zirt edo zart puntuak batzen hasi beharra dago. Gustura nago osatu dugun taldearekin, baina, guztiaren gainetik, talde dinamikarekin nago pozik, ongi ari baikara lanean.

2. Trainerilletan aurkariek adina aukera izan dugu lehiatzeko; traineruetan, ordea, ez. Gainera, azken bi estropadetan izan ditugun erreferentziak ezberdinak izan dira. Bizkaiko Txapelketa alde handiz irabazi genuen, baina Euskadikoan seigarren izan ginen. Azken horretan, gainera, estropada hasieratik geratu ginen atzean. 

 

«Joan den denboraldiko maila eman, eta ahal dela pixka bat hobetzea gustatuko litzaiguke»

Mikel Orbañanos
Hondarribiko entrenatzailea

(ID_17823055333595) Mikel Orbañanos
Mikel Orbañanos. AITOR ARRIZABALAGA

1. Joan den denboraldian, ziklo aldaketa hasi zen taldean, eta gainontzeko beteranoek aurten utzi dute multzoa. Orain arteko bideari jarraituz, maila ona eman nahiko genuke. Denboraldiaurrean ongi ikusi dut taldea; izan ere, neguko estropadetan iaz bezala jardun gara. Joan den denboraldiko mailan aritu nahi dugu, eta, ahal dela, pixka bat hobetu. Arraunlariek gogoz hartu dute aurtengoa, eta inplikatuta ikusten ditut. Hori dela eta, maila ona emateko bide onetik goazela iruditzen zait. 

2. Orio gainontzekoak baino koska bat gorago ikusten dut. Eta ondoren, Zierbena, Donostiarra eta Bermeo nabarmenduko nituzke. Getariak ere gora egingo duela iruditzen zait. 

 

«Lehen helburua mailari eustea izango da, eta hurrengoa, datorren denboraldirako prestatzen hastea»

Ion Larrañaga
Getariako entrenatzailea

(ID_17507595563705) Ion Larrañaga
 Ion Larrañaga. AITOR ARRIZABALAGA

1. Lehenengo helburua mailari eustea izango da, eta, hurrengoa, datorren denboraldirako prestatzen hastea. Getariak helburu hori izan behar du bere apaltasunean. Horretarako, sailkapenean ahalik eta goren sailkatu nahi dugu, eta beheko tokietatik urrun ibili. Gaizki aritzen garenean, estropada hain txarra ez egiten saiatu behar dugu, eta ongi aritzen garenean, ahalik eta ondoen aritzen.

2. Orio da guztia irabazteko faboritoa. Horrez gain, Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra ikusten ditut ohorezko txandan. 

 

«Esperientzia duten arraunlariek asko lagundu digute»

Markel Akarregi
Isuntzako entrenatzailea

(ID_17823058853745) Markel Akarregi
Markel Akarregi. AITOR ARRIZABALAGA

1. Mailari eustea izango da gure helburu nagusia. Hori lortuz gero, baliteke lehenengo txanda irabazteko borrokan egotea, eta bigarrenean aritzea. Esperientzia duten arraunlariak daude, eta asko ari zaizkigu laguntzen. Gainera, traineruan badira bost edo sei urte daramatzatenak ere, eta horiek aurrerapauso bat ematea espero dut. Urteak daramatzat taldean, eta arraunlariak ezagutzeak ere lana erraztu dit. Niretzat, ametsa da Isuntzako entrenatzaile izatea. 

2. Orio da faborito nagusia. Haren ondoren Donostiarra, Zierbena, Urdaibai, Hondarribia eta Getaria ikusten ditut. Gainontzekoak beste lehia batean ibiliko gara.

 

«Gure lana ongi egiten ari gara, eta horrek konfiantza hartzeko balio izan digu»

Joseba Fernandez
San Juaneko entrenatzailea

(ID_17823054570835) Joseba Fernandez
Joseba Fernandez. AITOR ARRIZABALAGA

1. Denboraldi hasiera ez da abiapuntu gisa hartzekoa izango. Joan den denboralditik hona esperientzia zuten hainbat arraunlarik taldea utzi dute. Multzoari ezaugarri jakin batzuk ematen zizkioten arraunlariak ziren. Hala ere, neguan lan ona egin dugula iruditzen zait, eta, hori horrela izanik, hasierako estropadetan beheko postuetatik ihes egin eta bigarren txandan sartzen saiatuko gara. Gure lana ongi egiten ari gara, eta horrek konfiantza hartzeko balio izan digu.

2. Isuntzak, Ondarroak eta Getariak gure filosofia dute, eta talde indartsuak osatu dituzte azken denboraldietan. Harrobia eta fitxaketak nahasten dituzten taldeei aurre egitea zaila da gaur egun, baina guk lanean jarraituko dugu noizbait hori lortzeko.

 

«Denboraldiaurrean ez da ezustekorik izan, eta entrenamendu onak egin ditugu»

Iñaki Errasti
Ondarroako entrenatzailea

(ID_17823056831115) Iñaki Errasti
 Iñaki Errasti. AITOR ARRIZABALAGA

1. Mailari eustea izango da aurtengo helburua. Lehia horretan hainbat talde ibiliko gara, eta bi edo hiru asteburu igaro arte ez dugu ikusiko bakoitza non ibili gaitezken. Orain arteko estropadetan ez dugu aurkari zuzenik atzean uztea lortu, eta gora begiratu aurretik, baditugu beste lan batzuk. Hala ere, azken asteetan taldeak gora egin du, eta ongi iritsiko gara lehen estropadara. Denboraldiaurrean ez da ezustekorik izan, eta entrenamendu onak egin ditugu.

2. Orio ikusten dut faborito. Gure lehiari dagokionez, Ares, Chapela, Isuntza eta Santurtzirekin ariko gara borrokan.

 

«Ligari ekiteko prest gaude»

Jose Manuel Pelaez
Areseko entrenatzailea

(ID_17823061388825) Jose Manuel Pelaez
Jose Manuel Pelaez. AITOR ARRIZABALAGA

1. Aurtengo helburua mailari eustea izango da, eta Kontxako estropadarako sailkatzea. Denboraldiaurrean irregular aritu gara, eta ez dugu gure nortasuna uretan islatzea lortu. Ligan aurrekontu baxuena dugun taldea gara, eta guretzat sekulakoa da hemen lehiatzea. Gustura nago osatu dugun taldearekin, multzo lehiakorra osatu dugula uste dut. Ligari ekiteko prest gaude.

2. Aurkariak indartsu ikusten ditut. Goian Orio izango da faborito, eta Donostiarrak ere aurrerapausoa eman du. Horrez gain, Zierbena, Hondarribia eta Getaria hor ibiliko dira. Gure lehian San Juanek, Ondarroak edo Santurtzik ez dituzte estropada biribilak egin, baina zabalik ikusten dut liga.

 

«Ez dugu lan egiteko era aldatu, eta denboraldiaurrean ongi aritu gara»

Alexander Esteban
Santurtziko entrenatzailea

(ID_17823059687245) Alexander Esteban
 Alexander Esteban. AITOR ARRIZABALAGA

1. Azken bi postuetatik ihes egin eta mailari ahalik eta azkarren eustea bermatu nahi dugu. Hori lortzeak ziurtasuna emango digu. Joan den denboraldian nagusi izan ginen KAE1 ligan, eta hori kanporaketetan berrestea lortu genuen. Ez dugu lan egiteko era aldatu, eta, gorabeherak izan badira ere, ontzat jo dugu denboraldiaurrean egindako lana.

2. Borrokan egon daitezkeen lau edo bost taldek antzeko maila eman dezakegula iruditzen zait. Chapela eta gu gara maila honetan esperientzia gutxien duten taldeak, eta estropadetan akats gutxi egin beharko ditugu haien pare aritzeko.

 

«Chapelarentzat ederra da Eusko Label ligan egotea»

Juan Zunzunegi
Chapelako entrenatzailea

(ID_17823161765645) Juan Zunzunegui
Juan Zunzunegi. AITOR ARRIZABALAGA

1. Estropadetan ahalik eta emaitza onenak lortzea izango da helburua, eta bi talde atzean uztea. Denboraldiaurrean estropada onak egin ditugu, eta horrek konfiantza eman digu. Zierbenara joan nintzenean, igo berria zen talde baten proiektua zuzentzeko ardura hartu nuen, eta orain Chapelarekin berdina egokitu zait. Lau urteren ondoren gustura hartu dut erronka. Chapelarentzat ederra da Eusko Label ligan egotea.

2. Sei edo zazpi talde oso ondo ikusten ditut, eta gainontzekoek mailari eusteko helburua izango dugula iruditzen zait. Horrez gain, ez dut sailkapen finkorik ikusten, aldatuz joango dela iruditzen zait, eta hor dantza izango dela.

Egutegia

  • Ekainak 28. Madril (Espainia). 
  • Uztailak 4. Bilbo.
  • Uztailak 5. Zierbena.
  • Uztailak 11. Castro Urdiales (Espainia).
  • Uztailak 12. Orio.
  • Uztailak 18. Redondela (Galizia).
  • Uztailak 19. Bueu (Galizia).
  • Uztailak 25. Donostia.
  • Uztailak 26. Getxo.
  • Abuztuak 1. Santurtzi.
  • Abuztuak 2. Lekeitio.
  • Abuztuak 8. Ondarroa.
  • Abuztuak 9. Hondarribia.
  • Abuztuak 15. Pasai Donibane.
  • Abuztuak 16. Getaria.
  • Abuztuak 22. Zarautz.
  • Abuztuak 23. Zarautz.
  • Abuztuak 29. Boiro (Galizia).
  • Abuztuak 30. Ares (Galizia).
  • Irailak 19. Bermeo (kanporaketa).
  • Irailak 20. Portugalete (kanporaketa).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA