Behobia-Donostia lasterketaren 61. aldiak baditu garaileak: Javi Guerra espainiarra eta Katherine Tisalema ekuadortarra. Biek ala biek egin dute balentria: Guerrak lasterketa irabazi duen korrikalari beteranoena bilakatu delako 42 urterekin, eta Tisalemak iazko garaipena errepikatu duelako.
Eguraldia lagun, ziztu bizian ibili dira atletak, eta azken edizioetako denborak hobetu dituzte. Guerrak 01:01:28ko denbora egin du, bigarren amaitu duen Raul Celadak —iazko irabazleak— baino 28 segundo hobea, eta hirugarren egin duen Iraitz Arrospidek baino minutu bat eta 13 segundo hobea. Euskaldun onena izan da Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) korrikalaria.
Tisalemak, berriz, 01:08:58 behar izan du lanak amaitzeko. Nazioarteko podiuma osatu dute Bulgariako Devora Kramisirovak eta Portugalgo Monica Silvak. 54 segundora helmugaratu da bulgariarra, eta 1:20ra portugaldarra. Euskaldun onena zortzigarren amaitu duen Maitane Melero izan da, 01:13:42ko denbora eginda.
Ikusi gehiago
Gizonezkoetan, Arrospide izan da lehen kilometroetan erritmoa ezarri duena. Faboritoen taldetxotik aurrera egin du Javi Menta andoaindarrak hirugarren kilometroa pasatakoan; hainbat kilometro eman ditu ihes eginda, baina Gaintxurizketako igoeran harrapatu du Arrospidek eta Guerrak gidatutako multzoak. Igoera horretako azken metroetan erritmoa azkartu du Guerrak, eta bost korrikalarira murriztu da taldea.
Beheranzkoan, bakarrik geratu dira Guerra, Celada eta Arrospide; podiuma erdi erabakita zegoen ordurako. Pasaiako Portuaren inguruetan, gipuzkoarrak ezin izan dio eutsi beste bien erritmo biziari. Guerrak Herrerako igoeran atera dio tartetxoa Celadari, eta bikain kudeatu du hori helmugara arte.
Emakumezkoen lasterketan ere berehala nabarmendu dira faboritoak: bigarren kilometroa pasatzerako hamar lagun eskas zeuden aurreko taldean. Kramisirovak erasora jo du hirugarren kilometroa pasatakoan, eta oilarren arteko lehiak bost lagunera murriztu du multzoa.
Ikusi gehiago
Gaintxurizketako igoeran bakarrik geratu dira podiuma osatu duten hiru korrikalariak eta Sisay Dida etiopiarra, baina beheranzkoan geratu da atzean Dida. Sekulako erritmoa ezarri du Tisalemak, Errenteria inguruan hautsi du lasterketa, eta amaierara arte kontrolpean izan ditu aurkariak.
Guztira 29.301 korrikalari zeuden izena emanda aurtengo Behobia Donostian, iaz baino ia 1.500 gehiago. Trenaren azpiegiturak hobetzeko lanek baldintzatu dute azken urteetan izen-emate kopurua. 2015ekoa izan zen jendetsuena: 34.000 korrikalarik hartu zuten parte. 2022an, parte hartzaileen kopurua 30.000ra mugatzea erabaki zuten antolatzaileek, eta azken urteetan, trenbideen obren eraginez, 28.000ra. Aurten, lan horiek amaituta, berriro 30.000ra igo dute langa, baina dortsala izanda ere azkenean zenbaitzuek ez dute parte hartu.