Hapoel Tel Aviv Israelgo saskibaloi taldea Baskoniaren aurka jokatzekoa da iluntzean Gasteizen, eta protesta jendetsua egin dute gaur arratsaldean hirian, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Manifestazioaren amaieran irakurritako komunikatuan, plataformak salatu du Israelekin lotutako kirol jarduerek bide ematen diotela «erakunde sionistaren zuriketari», eta aurten ere «normalizatu» egin nahi izan dela Hapoel Tel Aviv eta Maccabi Tel Aviv taldeak Gasteizen egotea. Hala ere, adierazi dutenez, azken hilabeteetako mobilizazioek eta boikot kanpainek helburu hori oztopatu dute, eta testuinguru horrekin lotu dute gaurko protesta ere.
Ikusi gehiago
Iparralde gizarte etxetik abiatuta egin dute mobilizazioa, eta katedral berriaren ondoan amaitu. Plataformaren arabera, gaurko partida jokatu egingo da, baina, «presio sozialari» esker, ateak itxita. Izan ere, hasieran, manifestazioa Buesa Arena pabiloian zen amaitzekoa, baina ibilbidea aldatzea erabaki dute partida ateak itxita egingo delako; ordu berean Korrika Gasteizera iritsiko da, gainera.
Antolatzaileek azpimarratu dute saskibaloi partidak ez direla lehiaketa hutsak, baizik eta Israelen «normalizazio politikorako» tresna bat. Horregatik, exijitu dute kirol ekitaldiak «genozidioaren propaganda egiteko» erabiltzeari uztea. Ez dute ontzat jo partida ateak itxita egitea, eta bertan behera uzteko eskatu diete Baskoniako zuzendaritzari eta instituzio publikoei.
Euroligaren eta instituzioen «konplizitatea»
Era berean, inplikatutako eragile guztien «konplizitatea» salatu dute. Lehenik eta behin, Euroliga bera jarri dute jomugan, Israelgo taldeei parte hartzeko modua emateagatik. Plataformaren ustez, parte hartze hori ez da kasualitatea, baizik eta Israel nazioartean «aliatu» gisa aurkezteko estrategia baten parte. Bestalde, tokiko instituzioen ardura ere azpimarratu dute: hala, gogora ekarri dute Eusko Jaurlaritzak eskumena duela halako ekitaldiak bertan behera uzteko, Arabako Foru Aldundia dela azpiegituraren jabe, eta Gasteizko Udalak kudeatzen dituela hiriko baliabideak.
Testuinguru politiko zabalago bati ere egin diote erreferentzia, adierazi baitute Israel «aliatu estrategikoa» dela Mendebaldeko estatuentzat, eta horrek baldintzatzen duela instituzioen jarrera. Horren harira, plataformak berretsi du «antolakuntza eta borroka» beharrezkoak direla «konplizitatearen aurka» egiteko, eta azpimarratu azken hilabeteetan egindako protesten bidez «desnormalizatu» egin dutela Israelgo kirol taldeak Euskal Herrira etortzea.
Halaber, ohartarazi dute mobilizazioak ugaritu ahala errepresioa areagotu dela. Salatu dutenez, dozenaka lagun auzipetu eta zigortu dituzte protesta horietan parte hartzeagatik. Horregatik, elkartasuna adierazi diete kaltetuei, eta nabarmendu neurri horiek ez dutela borroka geldituko.
Palestinarekiko elkartasuna berretsi dute, eta bereziki kirol arloan Israelekin lotutako edozein harreman etetera deitu. Era berean, mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa adierazi dute, eta iragarri protestak egingo dituztela apirilaren 7an Baskoniak eta Maccabik jokatzekoa duten partidari begira, helburu bera hartuta: neurketa hori bertan behera uztea eta halako ekitaldien aurkako presioa handitzea.