Saskibaloia

Baskoniaren eta Hapoelen arteko partida bertan behera uzteko eskatu dute

Arabako Foru Aldundiak, Buesa Arenaren jabe den aldetik, partida bertan behera uzteko «ahalmena» duela adierazi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k. Agerraldia egin dute bi alderdiek, BDZ eta Osagileak Genozidioaren Kontra kolektiboekin batera.

Xabier Valdor EH Bilduko batzarkidea, Alberto Villareal Osagileak Genozidioaren Kontra taldekoa, Koldo Alzola BDZko bozeramailea, eta David Rodriguez eta Jose Damian Garcia-Moreno Elkarrekin-eko batzarkideak, Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.
Xabier Valdor EH Bilduko batzarkidea, Alberto Villareal Osagileak Genozidioaren Kontra taldekoa, Koldo Alzola BDZko kidea, eta David Rodriguez eta Jose Damian Garcia-Moreno Elkarrekin-eko kideak, Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. BERRIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko martxoaren 24a
12:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Esan dezagun: aski da!». Sumina eta nekea nabariak dira hizlarien aurpegietan. Izan ere, behin eta berriro eskatu diote Arabako Foru Aldundiari esku hartzeko, baina entzungor egin diete, eta «nazkatuta» daude. Halaxe adierazi dute BDZ eta Osagileak Genozidioaren Kontra kolektiboko kideek, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu alderdien sostenguarekin egindako agerraldian. Aspaldiko eskaria berritu dute: bertan behera utz dezatela Hapoelen eta Baskoniaren arteko ostiraleko partida. Uste dute Tel Aviveko saskibaloi taldeari jokatzen uztea «Israelgo estatuaren krimenak normalizatzea» litzatekeela, eta auzi horri ez ikusi eginda erakundeak «konplize» bilakatzen direla. Partida ateak itxita jokatzea «ez da nahikoa», BDZko Koldo Alzolaren iritziz. 

Oraingoan, Arabako Foru Aldundia izan da aktibisten eta ordezkari politikoen haserrearen jomuga. BDZren ustez, beste hainbatetan erabilitako argudioei berriro helduta, Arabako Foru Aldundiak badu eskumena partida bertan behera uzteko, Buesa Arena pabiloia aldundiarena baita, eta Baskoniak haren baimenarekin erabiltzen baitu azpiegitura. Alzolak gogorarazi du Palestinaren aurkako genozidioa sostengatzen duten taldeak Euroligatik kanporatzearen alde agertu izan dela Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, baina salatu du geroztik ez duela iritzi horien aldeko jarrerarik erakutsi, eta, areago, entzungor egin diela BDZren batzar eskariei. «Birritan eskatu diogu elkartzeko, baina ez dugu erantzunik jaso», kritikatu du Alzolak. 

«Betebehar historikoa»

Alzolaren iritziarekin bat etorri da Elkarrekin-eko batzarkide David Rodriguez. Gogorarazi du Israelgo indarrek palestinarren aurka egindako «torturak» dokumentatu dituela duela gutxi Francesca Albanese Nazio Batuen Palestinarako kontalari bereziak. Israelek palestinarren aurka egindako genozidioa «tortura kolektibo erraldoi» batekin alderatu du Rodriguezek, eta «onartezintzat» jo du «gizadiaren aurkako krimenak» defendatzen dituzten taldeak «aldundiaren azpiegitura publiko batean» hartzea. Izan ere, Rodriguezen arabera, aldundiak «betebehar historiko eta etiko bat» du partida bertan behera uzteko.

EH Bilduko batzarkide Xabier Valdorren ustetan, aldundia ez da nahikoa egiten ari, eta «legezko aukera guztiak» aztertu beharko lituzke «erregimen sionistaren propaganda egiteko balio duten partidak» bertan behera uzteko. «Genozidioa babesten duten taldeak ez dira ongi etorriak», nabarmendu du Valdorrek. Izan ere,  Ofer Yannai enpresari israeldarra du Hapoel saskibaloi taldearen jabe, eta enpresari hori sarritan agertu izan da Israelgo armadak Gazan eta Zisjordanian egindako krimenen alde. Gainera, agerraldiko partaideek adierazi dute Israelek bere irudia «zuritzeko» erabiltzen dituela nazioarteko kirol lehiaketak.

«Borondate falta hutsa»

Hortaz, argi adierazi dute ostiraleko partida ez dela «kirol ekitaldi soila», «gertakari politikoa» baizik. «Ezin ditugu zuritu Israelgo estatua eta haren krimen guztiak: beste alde batera begiratuta konplize bilakatzen gara!», adierazi du suminez Alberto Villarreal Osagileak Genozidioaren Kontra kolektiboko kideak. Bat etorri da Alzola, BDZren ordekari gisa, eta azpimarratu du gizarteko «maila guztiek» dutela genozidioaren aurka eta Palestinaren alde egiteko betebeharra. «Gizarte zibilak bete du jada bere eginkizuna; orain, erakundeen txanda da», azpimarratu du Alzolak. 

Aldundiak benetan kirol ekitaldi hori bertan behera uzteko ahalmena ote duen galdetuta, Villarrealek aitortu du balitekeela «eskumen arazoak» egotea, baina Alzolak argi dauka: «borondate falta hutsa» da aldundiak ez erantzuteko arrazoia. Alzolak gogorarazi du Kirolean Xenofobiaren, Arrazakeriaren eta Intolerantziaren Aurka Egiteko Legea erabili izan dela Palestinaren aldeko aktibistak zigortzeko, Palestinako bandera israeldarren aurkako «gorroto adierazpentzat» hartuta, Nazio Batuek onartutako sinboloa izanagatik. «Zergatik ezin da erabili lege hori bera genozidioa eta gizadiaren aurkako krimenak defendatzen dituzten taldeen partidak bertan behera uzteko?».

Galdera horri erakundeek erantzun beharko diote, eta, orain, aldundiari dagokio zeregin hori. Ez foru erakundeak ez Gonzalez ahaldun nagusiak oraindik ez dute adierazpenik egin, ordea. Palestinaren aldeko kolektiboek manifestazioa egingo dute ostiralean bertan, 18:30ean, Iparralde gizarte etxetik abiatuta, Korrika Gasteiztik igaro bitartean jokatzekoa den partida horren aurka protesta egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!