«Non aparkatu duzu, bada?». «Nik ere kafetxo bat nahi dut». Babelgo dorre txiki bat da Loiuko aireportuko heldueretarako tokia (Bizkaia), hainbat hizkuntzatako bidegurutze. Normalean, leku horretan euskara ez da izaten mintzaira guztietan gehien erabilitakoa, baina oraingoan barra-barra entzuten da harrera guneko kafetegian. Euskal pilota selekzioari harrera egitera etorritako lagunak dira, elastiko berdea soinean eta irribarrea aurpegian.
Balentria ederra egin du euskal selekzioak. Estreinako aldiz parte hartu du modu ofizialean Munduko Euskal Pilota Txapelketa nagusi batean, arrakastaz parte hartu ere, hamabi domina eskuratu baititu: lau urrezkoak, zazpi zilarrezkoak eta brontzezko bat. 08:30ean ziren iristekoak Argentinatik Loiura, Madriletik igarota, ia 24 orduko bidaia baten ostean.
Dozena bat lagun dira harrera egitera etorri eta kafetegiko mahaietan gosaltzen ari direnak. Apurka-apurka, gehiago batu zaizkie: zesta-puntako hautatzaile Diego Beaskoetxearen senitartekoak heldu dira, eta haren bi seme-alabek kartel bat daramate, Zorionak aita, txapeldun leloa idatzita duela. Urrezko bi domina ekarri ditu Beaskoetxeak Argentinatik.
«Ofizialak gara jada. Jokatu egin behar genuen eta jokatu dugu; espero dezagun hemendik aurrera bidea errazagoa izatea»
JOXEMARI MITXELENA Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea
Asier Amondo Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakariordea ere badago harrera egitera etorritakoen artean. «Zaila zen zerbait berezia prestatzea, astelehena delako, oso goiz, eta gutako gehienak lanean dabiltza, baina ilusioz eta jendea besarkatzeko gogoz gaude; uste dut oso momentu polita izango dela. Azken finean, selekzioko kideek ere oso momentu polit eta hunkigarriak ere eman dizkigute».
Amondoren iritziz, «oso ondo» aritu da euskal selekzioa txapelketan: «Bikain ez dut esango, beti dagoelako zer hobetu, baina lehenengo aldiz parte hartu dugu munduko txapelketa batean, motxilan ilusioa eta lehiatzeko gogoa generaman, eta hori demostratu dugu; baina, gainera, kapazak izan gara dominak Euskal Herrira ekartzeko. Oso ondo lehiatu dira gure pilotariak, eta oso maila ona erakutsi dute».
Pankartak eta txistulariak
Gero eta jende gehiago batu da harrera gelan. Zenbait senide eskailera automatikoak igo eta goiko aldera joan dira, kirolarien etorrera hango beirategitik ikusteko; gehienak, baina, beheko solairuan gelditu dira, pilotariak noiz iritsiko. Pankarta bat zabaldu dute: Euskal Herritik mundura, ofizialtasuna! goiburua du irakurgai, eta Euskal Herriko armarriko sei ikurrak ageri dira.
09:00etan txistulariek Ikusi mendizaleak jotzeari ekin diote, eta jendea kantuan hasi da. Harridura azaldu dute hegazkinetik jaitsi berriak diren bidaiariek, eta gehienek eskuko telefonoa atera dute, harrera ekitaldiari argazkiak egiteko.
«Badatoz!», egin du oihu zain daudenetako batek, eskuko telefonoan mezua jasota. Hala da: 09:36an beirazko ateak zabaldu eta lehenengo pilotariak agertu dira. Aurrena, pilota egokituko kirolariak sartu dira, eta haien atzetik gainerako guztiak, maletatik tiraka eta, halakorik lortu dutenak, domina lepoan. Ohorezko aurreskua dantzatu diete etorri berriei, eta, ondoren, txalo zaparrada batek hartu du harrera gela. «Gora Euskal Herria! Gora euskal selekzioa! Zorionak!» egin du oihu zaleetako batek. Eupadak, musuak eta besarkadak iritsi dira gero.
«Uste dut oso maila ona eman dugula; zestan, neskok zilarrezko domina lortu dugu, eta mutilen taldeak, berriz, urrezkoa. Pozik goaz etxera»
MAIA GOIKOETXEA Puntista
Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakari Joxemari Mitxelenak nabari du nekea aurpegian, baina pozik dago: «Balorazioa oso positiboa da: hamabost domina lortzeko aukera genuen eta horietatik hamabi lortu ditugu eta 11 finaletan egon gara. Oso emaitza ona izan da».
Kirol ikuspegitik, onak izan dira emaitzak, baina euskal selekzioen ofizialtasuna lortzeko bidean ere, Mitxelenak ez dauka ahazteko mugarri historikoa izan dela estreinako aldiz munduko txapelketa batean lehiatu ahal izatea: «Ofizialak gara jada. Jokatu egin behar genuen eta jokatu dugu; espero dezagun hemendik aurrera bidea errazagoa izatea».
Maia Goikoetxea berriatuarra ere pozik dago, eta irribarretsu ari zaie kazetarien galderei erantzuten. Zesta-puntan zilarrezko domina lortu du, Maite Ortiz de Mendibil, Eia Gogenola eta Eneritz Lizardi taldekideekin batera: «Uste dut oso maila ona eman dugula; zestan, neskok zilarrezko domina lortu dugu, eta mutilen taldeak, berriz, urrezkoa. Beraz, pozik goaz etxera».
Goikoetxeak azaldu duenez, «inoiz ez ahazteko moduko esperientzia» izan da munduko txapelketan jokatzea: «Lehenengo biderrez munduko txapelketa batean Euskal Herria ordezkatzea guretzat ohore bat da; ea horrela jarraitzen dugun aurreruntz». Ziur dago txapelketa eta arrakasta gehiago iritsiko direla, eta jadanik buruan du hurrengo Munduko Txapelketa: 2030ean jokatuko da, Bizkaian.