«Palestinaren alde beste gol bat» sartzera deitu du EH Bilduk

Larunbateko partidaren atarian Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek egingo duten kalejirarekin bat egin du koalizio abertzaleak: 17:30ean abiatuko dira Bilboko Arriaga antzokitik.

Arkaitz Rodriguez EH Bilduko ordezkarien buru, gaur San Mamesen. MIGUEL TOÑA / EFE
Arkaitz Rodriguez EH Bilduko ordezkarien buru, gaur San Mamesen. MIGUEL TOÑA / EFE
14789412 kepa
Bilbo
2025eko azaroaren 11
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 10ean menia indarrean sartu arren, odolusteak ez dauka etenik Gazan: «Israelek palestinarrak bonbardatzen, hiltzen, setiatzen eta kolektiboki zigortzen jarraitzen du», Arkaitz Rodriguez EH Bilduren Ekintza Politikoko idazkariak ohartarazi duenez. Haren ustez, inoiz baino beharrezkoagoa da genozidioa salatzen eta herri palestinarraren eskubideak defendatzen segitzea. Hori dela eta, larunbatean Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek deitutako kalejiran parte hartzeko deia egin dio euskal gizarteari.

Euskal Herriko eta Palestinako selekzioek jokatuko duten partidaren atarian egingo dute mobilizazioa hiru eragile horiek, 17:30ean, Arriaga antzokitik San Mamesera. Eta EH Bilduk kalejirarekin bat egin du. Rodriguezek gogorarazi duenez, «egin den apurra herriaren presioari esker egin da»: «Horregatik, mobilizatzen jarraitu behar da, gobernuak presionatzen eta Israel isolatzen».

Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioetan «Euskal Herria erreferente» izan dela nabarmendu du EH Bilduko ordezkariak, eta gogora ekarri du Bilbon Espainiako Itzuliko etapa geldiaraztea lortu zela. Gauzak horrela, larunbateko partidan zein kalejiran ere «modu masibo, baketsu, alai eta aldarrikatzailean» parte hartzera deitu ditu herritarrak: «Palestinaren alde beste gol bat sartu behar dugu».

Ofizialtasuna

Euskal Herria, Palestina bezala, nazio bat dela ere gogorarazi du Rodriguezek: «Nazio horrek selekzio ofizialak izateko eta bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea du». Ildo horretan, EH Bilduko ordezkariaren ustez, «ez da kasualitatea Palestinarekin solidarioak izatea». Rodriguezen hitzetan, «Euskal Herria ere herri ukatua, zatitua eta zapaldua da. Haren kausa gurea da, munduko herri zapaldu guztien kausa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.