Euskal Herrian bizi diren zenbat palestinar bildu dira gaur goizean San Mames parean, eta herritarrei dei egin diete datorren larunbatean Palestinaren aldeko elkartasun martxan parte hartzera. Hain zuzen, orduan jokatuko dute futboleko euskal selekzioak eta Palestinako selekzioak elkarren arteko norgehiagoka, eta hori baino lehen manifestazioa egingo dute, 17:30ean, Bilboko Arriaga antzokitik hasi, eta San Mameseraino.
Ikusi gehiago
Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina Deialdi Herritarra plataformek antolatu dute agerraldia, baita larunbateko manifestazioa ere, Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop lelopean. Ia 200 palestinar bizi dira Euskal Herrian, eta gaur, San Mames pareko zabalgunean, horietako batek hitz egin du, Mohamed Farajallah-k. Adierazi du larunbatekoa ez dela futbol partida soil bat, «oso egun garrantzitsua» baizik.
Azaldu du haientzat Palestinako futbol selekzioa Euskal Herrian jokatzen ikustea ikusgarritasunaren, duintasunaren eta esperantzaren berme bat dela: «Palestinako futbol selekzioak jokatzen duenean, ez du soilik futbolean jokatzen: existitzeko eskubidearen alde ari da borrokan». Balioan jarri du selekzioak Euskal Herrian jokatzea: «Bi herriren arteko besarkada bat bezalakoa izango da, eta bi herri horiek badakite zer den existitzea, amestea eta haien identitatea bizirik mantentzea».
Agerraldian haur batzuk egon dira uneoro kartelaren aurrean eserita, eta Farajallah beraiei zuzendu zaie: «Guretzat oso garrantzitsua da haur hauek, Gazan urte bat eta erdi genozidio bat jasaten ondoren, haien selekzioa jokatzen ikusi ahal izatea eta alaitasuna sentitzea». Gogoan izan ditu «okupazio sionistak» eraildako pertsonak, eta baita horien familiak ere.
Aireportuan harrera
Farajallah-k jakinarazi du Palestinako futbol selekzioko jokalariak asteartean, 12:50ean, helduko direla Loiuko aireportura. Herritarrak animatu ditu harrera egitera joan daitezen aireportura.
Ikusi gehiago