Pilota

Peio Etxeberria: bi ezkero, hiru seguru

Aurreko bi urteetan finala galdu eta gero, Peio Etxeberriak irabazi egin du lau eta erdiko txapela. Haren ustez, «tentsioa gainetik kentzea» izan zen gakoa Javier Zabalari irabazteko.

Peio Etxeberria, lau eta erdiko txapela jantzita, garaikurrari kosk egiten. AITOR KARASATORRE / FOKU
Peio Etxeberria, lau eta erdiko txapela jantzita, garaikurrari kosk egiten. AITOR KARASATORRE / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko azaroaren 17a
14:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pilotari txapeldunek biharamun arratsaldean eman ohi dute txapela irabazi ondorengo prentsaurrekoa. Bezperako ospakizunek luze jotzen dute, eta, nahiago izaten dute goizean atseden hartu. Peio Etxeberriak (Zenotz, Nafarroa, 1998), ordea, gaur eguerdian jarri du hitzordua kazetariekin hitz egiteko, Gorraitzen (Nafarroa). Horrek ez du esan nahi ez duenik ospatu bezperan lau eta erdiko txapela irabazi izana: afaria egin zuen senitartekoekin eta lagunekin. «Oso gustura egon ginen; elegante ospatu genuen», aitortu du.

Hain zuzen, haiei eskaini die txapela, eta, bereziki, haren aita hil zenean ondoan izan zituen guztiei. 15 urte baino ez zituela hil zitzaion aita Etxeberriari, eta hura oso presente du egun pozgarri hauetan. «Emozio handiz ikusten genituen biok finalak. Seguru nago inor baino zoriontsuago izango zela ni final batean txapela irabazten ikusita». 

Ordu batzuk pasatu dira jada, baina «emozioari» eusten dio oraindik ere. «Oso zoriontsu naiz: ametsa bete dut. Hirugarren ahaleginean irabazi dut finala eta txapela. Zama kendu dut». Berehala erreparatu dio aurreko bi urteetan galdu zituen bi finalei. «Lehenengoan ez nuen batere gozatu; bigarrengoan, berriz, gehiago gozatu nuen, baina opari batzuk egin, eta galdu egin nuen; hirugarren aldi honetan, ordea, asko gozatu dut».

Nagusitasunez irabazi zion Javier Zabalari Bilboko Bizkaia frontoian: 22-11. Oso argi du zergatik gailendu zitzaion horren alde handiz. «Aurreko bi finaletan tentsioa gainetik kendu ezinda ibili nintzen. Argi nuen ezin nuela berriro huts bera egin». Argi izanagatik ere, ez zuen berehalakoan egin. «Tentsioa sumatu nuen hasieran. Ez da harritzekoa, ez da gauza bera mila lagunen edo 3.000 lagunen aurrean jokatu. Lotuta jokatu nuen hasieran», arrazoitu du. Zabalak etekina atera zion horri, eta 4-2 jarri zen aurretik. 

«Tentsioa hor egongo zela onarrarazi nion neure buruari, eta arreta osoa nire lana ondo egitean jarri nuen»

PEIO ETXEBERRIA Aspeko pilotaria

Baina Etxeberriak buelta eman zion egoerari, eta patxada gehiagoz jokatzen hasi zen. «Tentsioa hor egongo zela onarrarazi nion neure buruari, eta arreta osoa nire lana ondo egitean jarri nuen». 14-1eko partziala lortu zuen, eta tentsioa gozamen bilakatu zitzaion. Aldiz, kontrakoa gertatu zitzaion Zabalari: goitik behera egin zuen. Hain zuzen, Etxeberriak finala jokatu aurretik BERRIAn esan zuen Zabala «aise» zebilela, baina ziur aski «jaitsiko» zela. Esan, eta gertatu ere bai. 

«Ondo sakatu nuen, eta min egin nion ezkerrez, pilota ezkerparetara pegatuz», azpimarratu du. Arretari une oro eusteari buruz, berriz, nabarmendu du «lan handia» egin duela esparru horretan.

Etxeberriak bederatzi urte daramatza profesionaletan, eta hau du hirugarren txapela: 2021ean, Promozio Mailako buruz burukoa irabazi zuen, eta, iaz, Lehen Mailako binakakoa, Jose Javier Zabaletarekin batera. Hiru modalitateetan nagusitu da, baina Etxeberriak hiru txapelak nahi ditu maila nagusian. «Egunero ahaleginduko naiz hori lortu ahal izateko».  

EUSKAL SELEKZIOAK BI DOMINA LORTU DITU MUNDUKO FRONTBALL TXAPELKETAN

Pilotako euskal selekzioak bi domina eskuratu ditu Mexiko Hirian, Munduko Frontball Txapelketan: Beñat Beitiak zilarrezkoa lortu du 23 urtez azpikoan, eta, Miren Larrartek brontzezkoa maila nagusian. Espainiarekin, berriz, Laia Salsamendik urrea irabazi du maila nagusian, Santi Yanizek zilarra maila nagusian, eta Goiuri Zabaletak brontzea 23 urtez azpikoan. Azkenik, Frantziarekin, Joana Dutaretek zilarra lortu du 23 urtez azpikoan, eta Andoni Larzabalek brontzea nagusian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.