Ez da ohikoa arlo akademikoa eta futbola nahastuta ikustea, nahiz eta egitasmo solidario bat bultzatzeko izan. Hala ere, «kausak merezi du», Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen ustez. Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida dela-eta, jarduera akademiko, kultural eta solidarioak antolatu ditu EHUk bihartik larunbatera, helburu argi batekin: «Bakea, elkartasuna eta giza duintasuna aldarrikatzea». Hain zuzen, norgehiagokaren egunean, argazkia eta elkartasun ekitaldia egingo dituzte 19:00etan, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, San Mames futbol zelaitik gertu. Aurretik, Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek deitutako kalejiran parte hartuko dute.
Horretaz gain, EHUk bere azpiegiturak jarri ditu Palestinako selekzioaren eskura: «Egunotan gure artean izango dira, Bilboko Unamuno Ikastetxe Nagusian», Bengoetxeak zehaztu duenez.
Alde horretatik, errektoreak eskerrak eman dizkie EHUko ikasleei, jokalari palestinarrei haien gelak utziz erakutsi duten eskuzabaltasun eta elkartasunagatik: «Uste dugu gure unibertsitateak praktikatzen eta islatzen dituen balioak izan dituztela, eta hori aitortu egin behar zaie».
Bitartean, Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak EHUren eskuzabaltasuna nabarmendu du. Hark azpimarratu duenez, Euskal Selekzioak lagun gehien bilduko dituen partida izango da, 50.000 ikusle inguru elkartuko baitira San Mamesen.
EGITARAuA