urtzi urkizu
Pantailen artetik

Bi poeta

2026ko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal kultura eta telebista lotzen dituen egunotako aurkikuntzarik bereziena, zalantzarik gabe, Jon Kortazarrek RTVEren artxiboan topatutakoa da: Gabriel Arestiren grabaketa bat. 1969. urtea zen, diktadura betean, eta han ageri da Aresti, UHFn —gazteek galdetuko dute zer demontre den hori...—, edo TVEren bigarren katean. Han ageri da, euskaraz poesia errezitatzen, Ateneo saioan: «Sega zorrotz batekin ebaki nituen pagadiaren azken lukurreriak/ Tenaza gogor batekin atera nituen debekatzaileen haginak/ Gero, hil nintzen».

Hil ziren ez, baizik eta fusilatu egin zituzten beste bi poeta handi. 36ko gerra hasi zela 90 urte bete berri dira, eta edozein une izan daiteke aproposa Federico Garcia Lorca eta Estepan Urkiaga Lauaxeta poeta eta idazleak gogoratzeko. Estatu kolpea eman zuten faxista haiek 1936ko abuztuaren 18an indarrez hartu eta fusilatu zuten Lorca. Lauaxeta, berriz, 1937ko ekainaren 25ean fusilatu zuten.

Juan Luis Zabala idazle eta itzultzaile estimatuak euskarara itzuli zuen Lorcaren Poeta New Yorken. «Bals hau, bals hau, bals hau/ baiezkoa, heriotzazkoa eta koñakezkoa/ bere isatsa itsasoan bustitzen duena». Liburu hartakoa da, bai, Vienar bals txikia zoragarria. Ana Belenek eta Silvia Perez Cruzek samurtasunez kantatua. Eta Leonard Cohenek... bada, Cohenena egiten du.

https://youtu.be/Phd8keozhJE?si=j1dJhZOxxG72hQRM

Baina ez, ez da kasualitatea Lorca lerrootara ekartzea. Zeren badatoz hurrengo hilabeteetan Lorcaren inguruko bi dokumental eta fikziozko film bat, gutxienez. RTVE Lorca, las horas perdidas dokumentalean ari da lanean. Iragarri dutenez, true crime generoko lan baten moduan kontatuko dituzte idazlearen atxiloketa eta azken orduak. Angel Ruiz aktoreak egingo du Lorcarena. Beste dokumentala La voz quebrada da: Manuel Menchon zuzendaria Juan Ramirez de Lucasen egunerokoetan eta materialetan murgildu da —ikertzaileek diote Lorcak harekin izan zuela azken maitasun harremana—. Lehendik ikusi gabeko irudiak ikusiko dira dokumental horretan; tartean, Menendez Pidalen artxibokoak.

La voz quebrada dokumentala
'La voz quebrada' dokumentalaren irudi bat. EL ENCANTO

Edonola ere, Javier Ambrossi eta Javier Calvo zuzendarien La bola negra fikziozko filmak izango du oihartzunik handiena, ziurrenik. Cannesko zinema jaialdian zuzendari onenaren saria irabazi zuten egileek, Pawel Pawlikowski zinemagilearekin ex aequo. Hego Euskal Herriko zinema aretoetan irailaren 25ean estreinatuko dute La bola negra, eta, gero, Movistar Plus plataforman jarriko dute, esklusiban.

'La bola negra' filmaren trailerra.

Lauaxeta ahaztu ez dadin

Duela egun batzuk, TVEko Días de cine saioan nahikoa erreportaje interesgarriak eman zituzten 36ko gerraren inguruan egindako pelikulen inguruan. Joaquin Oristrell gidoilari eta zinemagile katalanak —La cena filmeko gidoiarekin Goya saria jaso du aurten— argi esan zuen: «Gerra zibila kontatu beharreko gaia da». Ez zaio arrazoirik falta.

Bilaketa egin RTVE Play plataforman, Lorca jarriz. Telesail bat baino ez da ageri: Lorca, muerte de un poeta. Baina 1987koa da hura. Egin bilaketa Primeran plataforman, Lauaxeta jarriz. Eta ez da eduki bakar bat ageri. Egon, badago fikziozko film bat Estepan Urkiagaren ingurukoa, 1987koa hura ere: A los cuatro vientos. Jose Antonio Zorrillaren film hori non ikus daitekeen dakienak eman dezala abisua.

Ekainaren 18an, euskal zinemari eskainitako EHUko udako ikastaroan, hiru aktore elkartu zituzten solasaldi batean: Ramon Agirre, Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoi. Samara Velte ikerlariak galdetu zien ea zer egin nahiko luketen, eta Sagardoik berehala erantzun zuen Lauaxetarena egingo lukeela pozik. Kazetaria ere izan zen Urkiaga, ez ahaztu.

'Ele! Lorca - Lauaxeta'
'Ele! Lorca - Lauaxeta' ikuskizunaren irudi bat. Lauxeta eta Lorca dira protagonista lan horretan. HEZURBELTZA

Hezurbeltzak taldeak Ele! Lorca Lauaxeta ikuskizuna sortu zuen, Lauaxetak Lorcari bidali zion gutun bat abiapuntu. Lorcak ez zion erantzun Lauaxetari, antza. Baina Juanjo Olasagarrek iritzi artikulu batean beste erantzun bat asmatu zuen. «Urkiaga jauna; plazer handiz. Ez nekien euskaraz poemak idazten zenituenik. Gustura entzungo nituzke neure poemak euskaraz. Eta zeuk ere poesia idazten duzu? Zer deritzozu Paul Eluardi? Eta, Apollinaire, irakurri duzu? Hotelean izanen naiz bihar arratsaldean, zatozkit bisitan. FGL». Lauaxetari buruzko film baterako hasiera ederra litzateke, ezta? «Goiz eder onetan erail bear nabe / txindor baten txintak gozotan naukela? / El naiten leyora begiok intz gabe». 2027ko ekainean 90 urte beteko dira frankistek Lauaxeta hil zutenetik. Nahi duzuen formatuan. Baina egin zerbait, otoi!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA