urtzi urkizu
Pantailen artetik

Dena ondo

2026ko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ekoizleok saria partekatu nahi dugu benetako infiltratuarekin... partekatu nahi dugu Ordoñez familiarekin eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioarekin, Coviterekin, eta benetako biktima guztiekin... memoria historikoa herri honen gertuko historiarako ere badago... eta azkenik, Goyaren nire zatitxoa Santiago Segura nire bazkidearekin konpartitu nahi dut». Maria Luisa Rodriguez La infiltrada filmaren ekoizleak diskurtso hori egin zuen 2025eko otsailaren 8an, berak ekoitzitako zintak film onenaren Goya saria jaso zuenean —ex aequo El 47-rekin—. Eskuin muturreko hainbatek emozioz goraipatu zuten sare sozialetan eta atari digital batzuetan diskurtso hura. ETB2 kateak aurreko asteburuan irudi bat jarri zuen pantailaren izkina batean, iragartzeko La infiltrada emango zuela ostegun gauean. Bospasei egun iraun zuen iruditxoak. 

La infiltrada-ren ekoizleek Gipuzkoan filmatu dute El confidente. Eta, euskal gatazkaren gainean duten ikuspuntuari akabera emateko, Miguel Angel Blancoren hilketaren inguruko fikziozko film bat egingo dute. Espainiako Guardia Zibilak sari bat eman zion El confidente-ren zuzendariari 2024an, erakunde horrek egindako jarduerak zabaltzeko egindako lanagatik. Hark, Daniel Kalparsorok, zuzenduko du Blancorena ere; beste bertsio bat zuzenduko du Felix Biskarretek (Patria telesaila), Nadie es Perfecto ekoiztetxearekin.

2024. urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aretoetan gehien ikusi ziren hamar filmetatik euskarara bikoiztu zen bakarra izan zen La infiltrada. Primeran plataforman jarri zutenean, autobus markesinetan iragarri zuen EITBk.

Maiatzean, ETB2k fikziozko 25 film baino gehiago eman zituen. Zenbat ETB1ek? Bakar bat ere ez. Zenbat film euskaraz telebista konbentzionalean, telebista publikoan? 0. Eta ekaineko lehen bi asteetan? Hutsa.

Helikoptero bat Anoetan, 'Cada día nace un listo' filmaren grabaketan.
Helikoptero bat Donostiako Anoeta estadioan, 'Cada día nace un listo' filmaren grabaketan, iazko martxoaren 31n. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Euskal Herriko zinema areto komertzialetan, euskaraz sortutako fikziozko zenbat film luze estreinatu dituzte urteko lehen hilabeteetan? Bakar bat ere ez. Ekainean iritsiko al da baten bat? Ez. Loraldiaren mirariak.

Tira, uda hasieran, Madrilen aurkezpen bat egingo dute Espainiako Zinema Akademiaren egoitzan, non Donostiako Zinemaldian ikusi ahalko den Espainiako Zinemaren hautaketa iragarriko duten. Eta horren barne, bai, litekeena da euskarazko film berriren baten estreinaldia iragartzea irailerako.

'True Basque Zinema'

Eusko Legebiltzarrean gertatu zen, ekainaren 4an. EH Bilduk proposatu zuen EITBk euskarazko audioen eta azpitituluen edukiak nazioarteko streaming plataformei doan uzteko. Kontra egin zuen EAJk, Vox alderdiarekin batera, eta proposamena ez zen aurrera atera —PPk eta PSEk ere kontra egin zuten—. Pantailak Euskaraz taldeak ez zuen ontzat jo gertatutakoa: «Oso kezkagarria da Eusko Legebiltzarrak ateak ixtea Espainiako 13/2022 Legeak plataformetan euskararen presentzia handitzeko ematen duen aukera honi». Izan ere, lege horrek dio plataformak behartuta daudela erakundeek emandako hizkuntza koofizialetako audioak txertatzera. Eta aste honetan bertan, Kataluniako Generalitatea —PSC da gobernuan— akordio batera iritsi da Disney Plus plataformarekin, telebista katalan publikoak egin zituen 37 filmen bikoizketa Disney Plusera irits daitezen. Ondorioa: Disney Plusen 128 film katalanez. Euskaraz? Asmatu duzue: 0.

PPko legebiltzarkide batek eskatuta, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren idatzizko azalpenak. EITBko hemeretzi lagun Bartzelonara joan dira aurten, Espainiako Goya sarien ekitaldira; bi gau Hilton Diagonal hotelean. Bederatzi kazetari sarien berri ematera joan ziren. Beste hamar bidaiariak EITBren zuzendaritzakoak ziren. Euskal zinemaren topaketa izeneko koktel bat antolatu zuten hotel hartan, eta milaka euro batzuk kostatu zen.

EAEn ekoitzitako filmek eraman beharko duten gortina
EAEn ekoitzitako filmek eraman beharko duten gortina. ANDER BARINAGA-REMENTERIA

Malagako zinema jaialdira (Espainia) martxoan Zineuskadik eraman zuen katalogoko hamasei ekoizpenetatik soilik bakar batean entzun zitezkeen euskarazko elkarrizketak. BERRIAk otsailaren 8an argitaratu zuen Zineuskadin irregulartasun larriak izan direla urteotan, eta bidaia eta harremanetarako gastuak 2021etik 2024ra %300 handitu direla. Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat —independentea eta serioa— abiarazi zezakeen, baina erabakia zera izan da: Zineuskadiko lehendakari Aitziber Atorrasagasti Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari izendatzea.

Zinema ekoizle batek esan du sare sozialetan: Jaurlaritzak erabaki du EAEko ekoizpenen emanaldien hasieran gortina animatu bat jartzea, «euskal zinemaren nazioarteko ikusgarritasun eta posizionamendu estrategia baten barnean». Gortina horretan, hiru hitz: True Basque Zinema. Eta dena horrela, dena ondo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE