Enekoitz Telleria Sarriegi kazetariak asteartean erreportaje bat idatzi zuen BERRIAn, eta bertan jasotzen zuen hodeiak desagertzen ari direla. «Saretzen». NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziako ikerlari talde batek eman du lehen aldiz datua: hodeiak gutxitzen ari dira.
Ez du horrek balio Zineuskadi elkartearen jardunerako. Laino gero eta ilunagoak daude Zineuskadiren inguruan, nahiz eta asteazkenean Eusko Legebiltzarrean Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan zuen prozedurak «legearen arabera» egin direla. Soilik «bi akats» izan direla adierazi zuen Jaurlaritzako lehendakariordeak, eta horiei «bide egokia» eman zaiela. Era berean, esan zuen ikus-entzunezkoen sektorean 28.500 lanpostu badirela. Bada, 28.500 langile horietako bakar bat jarriko balitz zorrotz Zineuskadiren azkeneko urteotako jarduna ikertzen, konturatuko litzateke dena ez dela izan Bengoetxeak goraipatu zuen bezain garden.
Bengoetxearen agerraldian azaleratu zen, esate baterako, Zineuskadi elkartea ez zegoela alta emanda Kontratazio publikoa Euskadin plataforman —2018tik egon beharko luke hala—, eta 2025eko uztailean EH Bilduk egin zituen galderen ostean eman zutela alta.
Baina badira irregulartasun larri gehiago, legebiltzarreko batzordean aipatu ez zirenak. Info3 enpresarekin egindako kontratuetan, adibidez, lainoak ilun samarrak dira. Jaurlaritzak zera adierazi zuen idatzizko erantzun batean: «Info3 enpresarekin eta Aitor Ubarretxenarekin komunikazio lan batzuen kontratazioa praktika desegokia izan zen. 13/10/07/02/01526 espedientean aipatutako erantzunean bezala, praktika hori zuzendu egin da». Baina nor da Aitor Ubarretxena? Info3 enpresako zuzendaria. Eta zer gertatu zen? Enpresa horrek lizitazio eta kontratu bat zuen, baina, lizitaziotik kanpo ezin zuenez gehiago kontratatu, zuzendariaren izenean fakturatu zuten 2022. eta 2023. urteetan.
Zinema Euskaraz programaren barnean, banatzailea bera bikoizketa ordaintzeaz arduratzen da, eta Zineuskadik gero ordaintzen dio faktura. 2021etik 2024ra eremu horretan egindako lizitazioetako asko nola egin diren ikertuko balitz, agerian geldituko litzateke ez dela dena uste bezain garden.
Atorrasagasti lehendakari
Badira Zineuskadiko beste datu batzuk, nahikoa adierazgarriak. Auditoria sakon bat eskatzeko modukoak. Zeren, bestela, nola justifikatzen da bidaia eta harremanetarako gastuak 2021etik 2024ra %300 handitu izana? Zerbait lortu al du euskarazko zinemak gastu horietatik?
Zineuskadi elkartea «sektorearena» dela nabarmendu zuen asteazkenean sailburuak. Bai, eta hori hala da, eta kezka sortzen du EPE-Ibaia eta Apika ekoizle elkarteek zorroztasun handiagoa ez eskatzeak Zineuskadiren jardunean. Zeren sektoreko batzuei entzunda, lainoak ez dira gutxi.

Aitziber Atorrasagasti da Zineuskadiko lehendakaria. Kargu publikorik ez du, nahiz eta aurretik Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria izan zen. Film Basque Country teknikariaren deialdia egin zenean —Film Commision-etako beste arduradunen zalantza handiekin—, Atorrasagastik ez zuen azalpenik eman. Bengoetxeak legebiltzarrean aipatu zuen ez dela akatsik lehendakariaren kargu horretan; hau da, EAJk berariaz aukeratua dela. Ikus-entzunezko sektoreko ahots batzuek, ordea, ez dute hitz onik Atorrasagastiren jardunaren inguruan.
Euskara, ahaztu beharreko osagaia
Zineuskadiko koordinatzailea Mar Izquierdo da. Hamabi urtez aritu zen zinemagintzan lanean, ekoizpeneko koordinatzaile gisa. Eta azkeneko hilabeteetan Linkedin sare sozialean idazten dituen testu batzuk edonor lotsagorritzeko modukoak dira.
Hala ere, Izquierdok Fotogramas Espainiako zinema aldizkarian idatzi duen artikulua da hona ekartzeko modukoa. Una perfecta conjunción astral du izenburutzat artikuluak (Astroen konjuntzio perfektua). Amaieran honela dio: «Aipatu ditudan ekoizpen horien gainean, zera galdetu nahi nieke ikus-entzuleei: 'Gogoratzen al duzu zein ziren euskaraz?'. Espero dut ezetz. Espero dut gainditu dugula momentu hori, zeren benetako hizkuntza zinematografikoa da». Euskara zerri askara?