Euskadi Irratian bertsolaritzari buruzko irratsaioa gidatzen aritu zen urte luzez Xabier Sukia (Orio, Gipuzkoa, 1976). Sei urte daramatza ETB1eko Biba zuek arratsaldeko magazina aurkezten, Maddalen Arzallusekin batera. Egunotan Urdaibain (Bizkaia) ari da egunero, ETB1en Bizi natura aurkezten (13:30).
Izaro uhartean koartza baten hiru txitatxo jaio dira; hirugarrena nola jaio den zuzenean eman du ETBk. Zer sentipen sortu zaizkizu halakoetan?
Sentipenak oso politak dira. Horrelako gauzak naturaltasunez transmititu beharko genituzke. Baina, halako txitatxo bat jaiotzen denean, ez dugu esajerazioetan erori behar; sentsazionalismoz ez dugu aritu behar. Bizi natura-ren helburuetako bat da naturak ematen digun hori zuzenean emozioz transmititzea, eta, oreka horri eutsiz gero, emozioa oso polita da. Lantalde osoak asko disfrutatzen du txitatxoarena bezalako zerbait gertatzen denean. Jende asko ari da saioan lanean, haietako batzuek hilabeteak daramatzate... baina, bai, ilusioa egin zigun txitatxoenak.
Maiatzaren 31n hasi zen ETB saioa ematen. Bizi natura-ren lehen bi asteak nola bizi izan dituzu?
Emozio, ilusio, jakin-min, errespetu eta ardura handiz. Niretzat opari zoragarria izan da saio hau aurkeztea. Urdaibaira iritsi, hango lantaldea agurtu, jende profesionalarekin beste proiektu batean aritu... Ondo egitearen kezkak banituen hasieran, baina hasiera-hasieratik ikusi nuen: «Hau ederra izango da». Eta hala da: gozamen handia.
Prestaketa lan handia izan al du taldeak aurretik?
Bai, izugarria gainera. Ni iritsi nintzenean, dena prestatuta zegoen. Askotan esaten dugu nola hemezortzi kamera dauden jarrita Urdaibaiko biosferako zenbait lekutan. Eta, horretan, Lexeia Larrañaga eta talde osoak lan handia egin dute lekuak aukeratzen, ikertzen. Mugimenduak non dauden, espezieak non bizi diren detektatzen aritu dira. Hala, aurretik ondo egindako lan horri esker, kamerak ondo jarrita daude, eta kamera den-denek eman digute pista bat baino gehiago. Zuzendaritza, erredakzio eta errealizazio taldea oso indartsua du saioak, era berean. Urdaibai Bird Centerrek, berriz, ate guztiak parez pare ireki dizkigu.
Zientzialari adituei esker gauza asko ari dira ikasten egunotan ikus-entzuleak. Africa Baeta ETB2ko aurkezlea eta zu ere bai?
Bai, pila bat. Larrañaga eta Edorta Unamuno gurekin daude, eta haiek laguntzen digute azaltzen kameren bidez ikusten ditugun interpretazio txikiek zer esan nahi duten. Haiek azaltzen digute zikoina gurasoek umea nola zaintzen duten, eta zergatik egiten duten mugimendu bakoitza. Espezie bakoitza desberdina da, eta xehetasun pila bat ari gara deskubritzen. Gainera, egunero gai batean aditua den zientzialari bat ekartzen dugu. Sugeei eta marrazoei buruz ere gauza ugari ikasi ditugu.
Ur azpiko irudiak ere eman dituzue saioan. Halakoak ez dira telebistan egunero ikusten.
Irudien eta saioko dokumentalen kalitatea izugarria da. Urpeko dokumentalari dagokionez, ikusi genituen espezie ugari, eta azpimarratu behar da Kantauri itsasoko espezieak direla. Biologo batek azaldu zigun kostaldetik gertu badirela marrazoak, eta ez dutela ezer egiten, hemengoek ez baitute haragirik jaten.

Hirugarren eta azken astea duzue. Etzi saio berezi bat egingo duzue, ezta?
Ordubeteko programa berezia egingo dugu: ETB1ekoa, 20:55ean; eta ETB2koa, 22:25ean. Gonbidatu ugari izango ditugu.
Biba zuek saioan Miramongo plato batean aritu ohi zara. Zertan da desberdina Bizi natura-ko aurkezle lana?
Batetik, lantaldea eta lekua. Giro aldaketa bat izan da. Espezieetan espezializazio bat bada hemen, bestalde.
Zerbitzu publikoko saioa da Bizi natura. Nola erantzun dute ikus-entzuleek?
Sekulako harrera izaten ari gara. Saioko arduradunak oso pozik daude ikusle datuekin. Jendeak ulertu du, konektatu du... saioak lortu du ikusleen arreta piztea. Hitz onak besterik ez daukat.
Bizi natura Gipuzkoan non egingo zenuke?
Urola ibaiaren jaitsieran, Zumaiaraino. Oria ibaiak ere sekulako aberastasuna du. Ibon Gaztañazpik Errio dokumental ederra egina du Oria ibaiari buruz. Euskal Herriko lurralde historiko guztiekin egin daiteke Bizi natura bat, zalantzarik gabe.
Biba zuek arratsaldeko magazinak jarraituko al du hurrengo denboraldian?
Seigarren denboraldia uztailaren 24an amaituko dugu. Eta ziurtatu dezaket zazpigarren denboraldia izango dela irailetik aurrera. Oso gustura gabiltza programa egiten. 1.200. atala ere egingo dugu uda partean.