urtzi urkizu
Pantailen artetik

Eta txakurrak gorpuak jaten

2026ko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dokumentalaren hasieran ematen dute azalpena: naza terminoa erabiltzen dute batzuek «albo kalteak» adierazteko. Zehatzago esanda, Israelgo armadak Gazan (Palestina) «helburu militar» bat suntsitzeko jarduten duenean bidean hilko dituen herritarrak; tartean, umeak, adineko pertsonak, familia osoak... Igual-igual zaie. Soldaduetako batek dioen moduan, «sistema halakoa da». Eta ezin zaio kontra egin. Punta-puntako teknologia darabilte horretarako: herritar zibilen hizketaldiak entzuten dituzte, droneen kamerekin kontrolatuak dituzte denak, suntsipen handiko armak ez zaizkie falta... eta hori guztia begi aurrean dute Israelgo armadakoek. Batean, familia bateko haur guztiak hilko dituzte. Bestean, «albo kalteak» 50 herritar zibil dira.

Baina mugarik ez dute. Gizabanako bakar bat hiltzea helburutzat hartu, eta baliteke israeldarrek eraso batean 200-500 herritar errugabe hiltzea. Iluntasunean kontatzen dituzte halakoak 24 soldadu israeldarrek Naza dokumentalean. Non eta Tel Aviv hiriko etxe batzuen teilatuetan, Gazatik 60 kilometrora. Dokumentala amaitu zuten garairako, 73.000 herritar baino gehiago hil ditu Israelek Palestinan. Hiru urtean. Horretan jarraitzen dute.

https://youtu.be/SQhstLddMK8?si=AroFNmZWfQRJmEnx

Naza dokumentaleko zuzendari Yuval Abraham eta Rachel Azor garden mintzo dira: «Pelikula hau egin genuen iruditzen zitzaigulako, zinemagile eta kazetari israeldarrak izanik, gure posizioak behartzen gintuela palestinarren hilketa masiboen sistemak aztertzera». Xede horrekin lortu zuten genozidioan parte hartzen ari diren 24 soldaduren lekukotzak grabatzea, teilatuetako iluntasunean; «inteligentzia militarreko ofizial eta soldaduak», egileen arabera —lantaldeak The Guardian-en esan du ehun iturrirekin hitz egin zutela—. «Gauez filmatzen ari ginela, XX. mendean gure aitona-amonek egindako galdera berak egiten hasi ginen. Zerk bultzatzen du gizatalde bat beste batzuen erabateko deshumanizazioa erabat onartzera? Nola funtzionatzen dute halako sistema baten mekanismoek?». Ez zitzaien erraza egin iturriak lortzea, baina funtsezkotzat jo zuten hogei lekukotza baino gehiago izatea.

Garrantzitsua da nabarmentzea Naza dokumentalaren ekoizpenean The Guardian egunkari britaniarrak parte hartu duela; +972 Magazine eta Local Call hedabideekin batera. Irakurleek jakin beharrekoa da Naza datorren ostiralean estreinatuko dutela zenbait zinema aretotan. Eta aretoetan bidea egin ostean, The Guardian egunkariak bere webgunean jarriko duela filma doan eta osorik, noiznahi ikusteko —bi zinemagileek erabaki dute hala egitea—.

Naza dokumentala
'Naza' dokumentalaren irudi bat. ELASTICA

Veneziako zinema jaialdian, Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen dokumentalak. Donostiako Zinemaldian, berriz, Publikoaren Europako Film Onenaren Saria. Irailak 25 zituen, eguerdia, Principe zinema aretoan. Kredituetan, isiltasuna, musikarik ez. Ikusleek jasotako kolpea, sekulakoa. Zinema arloko profesional batekin solas laburra, pantailan ikusitakoaz. Atsekabea. Euskal Herriko zinema munduko makina bat lagun elkartu ziren egun hartan, Abraham eta Szor zuzendariei elkartasuna adierazteko, Kursaaleko tapiz gorrian.

Dokumentaleko eszena batean, soldadu israeldar bat zerbait benetan gogorra ari da kontatzen. Nola hil dituzten eraso batean dozenaka palestinar, eta, ondotik, txakurrak nola ari diren haien gorpuak jaten. Ez dira irudiak ikusten, baina Naza-ko lekukotzen bortizkeria jasangaitzaren detaile bat da.

Zuzendariak mehatxatuta daude

Naza-ko bi zuzendariek In the Other Land dokumentala estreinatu zuten 2024an. Orduko hartan, kontatu zuten nola Zisjordaniako hegoaldean israeldarrek Masafer Yattako etxeak nola suntsitzen dituzten. Dokumental onenaren Oscar saria jaso zuen. 

Rachel Szor eta Yuval Abraham 'Naza' dokumentaleko zuzendari israeldarrak.
Yuval Abraham eta Rachel Szor 'Naza' dokumentaleko zuzendari israeldarrak, irailaren 10ean, Venezian (Italia). FABIO FRUSTACI / EFE

Israel zertan ari den ageri da Naza-n. «Filma gure gizarteaz mintzo da, gure indar armatuez, eta haren ekintzen ondorioez», kontatu dute zuzendariek. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «onartezintzat» jo du dokumentala.

Segurtasun arazoak direla eta, Donostiara ezin izan ziren etorri Szor eta Abaham. Senideen etxeetan pintaketak egin dizkiete. «Traidore» deitu diete. «Kazetaritza ez da traizioa», diote bi egileek. Hilko dituzten beldur dira. Haien oihua ozena da. Abrahamek The Guardian-en esan du Netanyahuk kazetaritza lana eta dokumentala «kriminalizatu» egin nahi dituela. Ez hori bakarrik. «Gu hiltzera akuilatu nahi ditu israeldarrak». 

Gogorra izanagatik, ikusi beharrekoa da Naza. Andrey Zvyagintsev errusiarrarekin Minotaur fikziozko filmarekin batera, urteko lanik garrantzitsuena.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA