Sara Azurza
Ekografiak

Fikziozko familia berri bat

2026ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den hilabetean iritsi zitzaigun, azkenean, euskarazko umoreaz gozatzeko proposamen berri bat Primeran plataformara. Manterolatarren familia-negozioa ardatz duen Superra telesailak ateak zabaldu ditu, eta, harekin batera, familia xelebre baten gorabeheretan murgiltzeko aukera dugu.

Aurpegi ezagunek osatzen dute manterolatarren familia: Bakartxok (Aitziber Garmendia), Luixitok (Iker Galartza) eta Karmelok (Anjel Alkain). Hirurek kudeatzen dute familiaren supermerkatua, bakoitzak bere ardurak hartuta eta elkarri zirika egiteko aukerarik galdu gabe. Baina supermerkatu berri baten etorrerak, Merkedonarenak, kolokan jarriko du familia-negozioa. Hor sartuko da jokoan Ekain Ibargurenen pertsonaia: bekadun gisa, manterolatarren sare sozialak kudeatzen hasiko da. Barre-algaren, familia-gatazken eta Instagrameko edukien artean eramango gaitu telesailak atalez atal.

Esan bezala, umorean eskarmentu handia duten aktoreak ditugu protagonista, eta nabarmena da haien arteko konplizitatea. Eroso dabiltza pertsonaien larruan, eta badirudi grabazio-prozesuaz ere ederki gozatu dutela. Horren erakusgarri dira atal bakoitzaren amaieran ikus ditzakegun toma faltsuak. Nola ez, horiek ere ezin falta. 

Protagonistek ez ezik, supermerkatuaren inguruan dabiltzan pertsonaiek ere badute zeresana. Aktore talde zabalaren artean, Sara Cozar, Iñake Irastorza, Telmo Irureta, Ainere Tolosa, Erika Olaizola, Miren Ibarguren eta Zuhaitz Gurrutxaga ditugu, besteak beste. Guztiek egiten diote ekarpena manterolatarren unibertsoari, eguneroko egoera arruntenak komedia bihurtuz.

Aitortu behar dut nostalgia puntu batez ere ikusi dudala telesaila. Izan ere, Superra-k 2000ko hamarkadan telebistan ikusten genituen uniforme berde haiek ekarri dizkit gogora. Ez ditut bi saioak konparatu nahi, garaiak aldatu baitira, eta, zorionez, gaur egun ere euskarazko umorearen aldeko apustua egiten baita. Baina ezin izan dut saihestu Alkain «kakotza» esaten entzun eta aspaldiko esketx haietako batzuk gogoratzea. Umore batzuk ez dira hain erraz ahazten.

Hauxe da Superra telesailaren magia. Gertuko egoerak, pertsonaia ezagunak eta gure hizkuntzan egindako umorea uztartzeko gaitasuna duen lan ederra da. Ez du komedia irauli nahi, ezta behar ere. Batzuetan, nahikoa da telebista piztu eta euskaraz barre egiteko aukera izatea. Izan ere, euskarazko umorea ez da entretenimendu hutsa; gure erreferentziak, hizkerak eta barre egiteko moduak pantailara eramateko tresna ere bada, familiaz familia arrastoa uzteko gai dena.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA