urtzi urkizu
Pantailen artetik

Fresnedari eta Ovejerori, esker onez

2026ko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren urtean beteko dira ehun urte Fritz Langek Metropolis film handinahia estreinatu zuenetik. Film miretsia, zinemaren historian toki bat egina duena. Zinez, liluragarria. «Litekeena da hain ezaguna ez izatea Langen emazte Thea von Harbou idazlearen [Dohlau, 1888-Berlin, 1954] izen bereko eleberriaren zinema moldaketa izan zela», kontatzen du Gentzane Martinez de Osabak Dena egiteke dago, zinema tirokatu liburuan (Nosferatu bilduma, 2025). «Harbouren ekarpena funtsezkoa izan zen Metropolis sor zedin». Eta hark idatzi zituen Dr. Mabuse, der Spieler eta Die Nibelungen Langen filmen gidoiak ere. Baina nor akordatzen da Harbourekin?

Munduko beste herrialde batzuetan bezala, Euskal Herrian ere isilpean gelditu izan dira zinemagintzan aritu diren emakume ugari. Olatz Ovejeroren doktore tesiak Euskal zinema zuzendarien (ikus)ezintasunaren genealogia: Yannick Bellonetik Kimuak programaren lehen belaunaldira arte (1947-1998) du izena. Uxue Rey Gorraizek duela bi igande idatzi zuen BERRIAn lan horren inguruko erreportajea: Emakume zinemagileen genealogia (bat): puntu itsuak eta aulki hutsak. Ovejeroren iritziz, emakume zinemagileak historiatik «ezabatu» izana ez da zoriz gertatu. Eta ikerlariarekin sakon hitz egin ostean, Rey Gorraizek zera ondorioztatu du: «Historiografia patriarkalak mekanismo jakin batzuk baliatu ditu andreak baztertzeko, eta ederki olioztatutako engranajea da hori, funtsean».

Miren Loiarte zinemagilea
Mirentxu Loiarte zinemagilea, 2005ean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hamar urte beteko dira irailean Iratxe Fresneda zinemagile eta ikerlariak Irrintziaren oihartzunak dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu zuenetik. Orduan deskubritu zuen euskal gizartearen parte handi batek Mirentxu Loiarte zinemagilea (Iruñea, 1938-2025). Irrintzi (1978) eta Ikuska 12 Euskal emakumeak (1981) euskarazko film laburrak deskubritzeko leiho bat zabaldu zuen Fresnedak, maistraki. Primeran plataforman ikusgai da Irrintziaren oihartzunak. Primeran-en ez ezik, Youtuben ere ikusgai daude Loiarteren bi lan haiek. 

https://youtu.be/BpvLLzladFc?si=OZ_rHgpLY1HCXKss
https://youtu.be/u1Z7sFce2Ro?si=hEakJMCpebOungfY

Fresnedak berak koordinatutako liburua da Dena egiteke dago, zinema tirokatu. Maria Luisa Eliori buruz idatzi zuen bertan Ovejerok. En el balcón vacío filmean (1961) Eliok izan zuen parte hartzeaz eta, aldi berean, hark izan zuen aitortzarik ezaz hausnartzen du Ovejerok. «Kasuak aukera ematen du bi keinu aplikatzeko: ikusezintasuna ez ulertzea hutsune gisa, baizik eta bazterketa aktiboaren forma modura; eta begirada trebatzeko, ikusgai eta zilegi denaren markotik kanpo geratu dena atzemateko». Funtsean, diskurtso ofizialetatik baztertuak izan ziren emakumeak isilarazteko mekanismoak jarri ditu paperean Ovejerok.

MARITXU URRETA ZULAIKA
Maritxu Urreta, Txikien eskola (1970) euskarazko film laburraren egilea.

Doktore tesian, 29 zuzendariren obrak katalogatu ditu Ovejerok; besteak beste, Maritxu Urreta Zulaika (Donostia, 1915-2018). Txikien eskola euskarazko film laburra zuzendu zuen (1970). Euskadiko Filmategian jaso dituzte haren film laburrak, senideei esker.

(H)emen eta orain 

Fresneda bera, Miren Aperribai, Izaskun Arandia, Kristina Zorita, Uxue Jimenez eta Olatz Beobide. Sektoreko sei emakume horiek, beste batzuen laguntzarekin, (H)Emen Her(e) elkartea sortu zuten duela hamar urte, ikus-entzunezkoetako emakumeen lana sustatzeko. (H)emen du orain izena elkarteak, eta ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeei zuzendutakoa da. Profesionalen katalogo bat dute osatua, formakuntza saioak egiten dituzte... Egitura txiki batekin, nahikoa lan. Maiatzeko azken astean, elkartearen hamargarren urteurreneko emanaldiak egin zituzten Gasteizen, Donostian eta Bilbon, Euskadiko Filmategiak antolatu duen zikloaren barnean, eta Loiarte zena omendu zuten, bide batez.

Ikus-entzunezkoetan ari ohi den emakume bati baino gehiagori entzundako galdera: «Euskal Herriko zenbat zinemagile emakume ezagutzen dituzu euskarazko film luze bat baino gehiago zuzendu dutenak?».

Emakume zuzendarien euskarazko filmen bilakaera euskal zinematografian azterlana kaleratu zuten iaz Maria Pilar Rodriguezek eta Esther Ferrerrek. Haien arabera, finantzaketa funtsezkoa da hizkuntza eta sexu arrakala murrizteko.

Lara Izagirre zinemagilea ekoizlea ere bada —aktore lan txiki bat egin du Tamara ta Mara telesailean—. Euskarazko bere bigarren film luzea ari da egiten: Yerma. Salbuespentzat jo daiteke Izagirre?

Sara Fantovaren Jone, batzuetan Primeran-en ikus daiteke. Irati Gorostidiren Aro berria hilaren 18an iritsiko da plataforma berera. Beste emakume batzuen alboan ondu dute beren opera prima, lagun artean.

Begona Arana Itzuli film laburraren filmaketan
Begona Arana zinemagilea Itzuli film laburraren filmaketan, Bergaran (Gipuzkoa). DE AGUERO FILMS

Begoña Arana zinemagile gazteak Itzuli euskarazko film laburra grabatu berri du Bergaran (Gipuzkoa), Itziar Lazkano eta Miren Gaztañaga aktoreekin, lau egunetan. Nork ziurta dezake lan horrek ikusgaitasuna izango duenik? Etorkizunean Aranak film luze bat baino gehiago estreinatzeko aukerarik izango al du?

Ovejerori esker onez, eta hari jarraituz, begirada trebatzen jarraitzea baino ez dago. Ez dago, hemen eta orain, zinema tirokatzeko beste modu jasangarririk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE