Iradokia zuten lehendik. Jakina zen, izatekotan, trazuak aldatuta azaleratuko zela haren silueta aurten, baina zehaztea falta zen. Euskadiko Filmategiak iazko udaberrian programatu zuen bosgarrenez Euskal Emakume Zinemagileak zikloa, eta egitaraua plazaratzearekin batera jakinarazi zuten, hain justu, horixe izanen zela egitasmoa bere horretan eginen zuten azken aldia. Bide hori, baina, ez da erdiz erdi eten; hori agerian gelditu da orain, antolatzaileek aurtengo nobedadeetako bat iragarri dutenean. Hilabeteotan, andre zinemagileei eskainitako programa hori «berritu» eta «zabaldu» egin du Filmategiak, eta beste ziklo bat abiarazi du hala: Euskal Zinema. Zehazki, hiru ardatz zehaztu dituzte haren lehenbiziko aldirako: bat ondare zinematografikoa da; beste bat, urteurrenei loturikoa; eta emakume zinemagileen gainekoa izanen da hirugarrena, hain justu ere.
Apirilaren 15ean hasiko dute zikloa, Gasteizko Artium museoan, eta hiru hilabeteko bidea eginen du ondotik, Artiumen ez ezik, baita Bilboko Bizkaia aretoan eta Donostiako Tabakaleran ere.
Hamar saio antolatuko dituzte osotara, eta hamasei film emanen dituzte haietan. Tartean, erabateko estreinaldi bat ere bai: Gorka Bilbao eta Koldo Almandoz zuzendarien Itzalak argitzen dokumentala. 1980ko hamarkadan estreinatutako lau euskal filmen zaharberritze prozesuak jasotzen ditu film horrek: Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986) lanei erreparatu diete. Iaz zaharberritu zituzten lau filmok, Euskadiko Filmategiak eta EITBk bultzatuta preseski, eta EITBk berak ekoitzi du prozesu horiei buruzko dokumentala orain. Ekainaren 10ean Gasteizen emanen dute, 12an Donostian, eta 14an Bilbon.
Aitortzari segida emateko
Tabakaleran eginiko aurkezpen batean eman dituzte ziklo berriaren gaineko xehetasunak, baina, izatez, agerraldian behin baino gehiagotan nabarmendu dute egitasmo berriak lotura estua duela bere aitzindariarekin; hots, Euskal Emakume Zinemagileak programarekin. Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezen hitzetan, Euskal Zineman ere nabarmen geldituko da bistara emakume zuzendarien lanak eta haiek osatutako genealogiak nabarmendu nahia, eta horren erakusle da, dioenez, ondu duten egitaraua. Eta, bereziki, zikloaren hondarrean eginen dituzten bi saioak.
Izan ere, Elena Irureta aktoreari (Zumaia, Gipuzkoa, 1955) buruzko saio bat antolatuko dute ekainean. «Gure zinemako, antzerkiko eta telebistako aktore hoberenetako eta maitatuenetakoari kariñoz egin nahi diogun aitortza zintzo bat izango da», azaldu dute programatzaileek. Zehazki, Agur Etxebeste! filma (Asier Altuna / Telmo Esnal, 2019) emanen dute, bai Artiumen, bai Tabakaleran eta baita Bizkaia aretoan ere —ekainaren 3an, 5ean eta 6an, hurrenez hurren—, eta Donostiako saioan aktoreak berak eginen du aurkezpena.
Mirentxu Loiarte izanen da zikloaren beste protagonistetako bat. Iaz zendu zen Loiarte, eta, hark urratutako bideei erreparatzeko anbizioz, emanaldi bikoitz bat diseinatu dute Filmategikoek. Batetik, Loiartek ondutako lehenbiziko filma emanen dute, Irrintzi (1978), eta, segidan, Iratxe Fresnedak hari buruz eginiko Irrintziaren oihartzunak lana (2016). Programatzaileen esanetan, honako honi aitortza egiteko ere balioko du Fresnedaren filmak, gainera: iaz bete ziren hamar urte (H)emen ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako Euskal Herriko emakume profesionalen elkartea sortu zutenetik, eta Fresneda da haren sortzaileetako bat. «Pentsatu genuen ideia polita izan zitekeela elkarrekin omentzea Loiarte aitzindaria eta (H)emen».

Urteurren biribil baten aitzakian ekarri dute programaziora Helena Tabernaren Yoyes filma ere (2000). Aurten dira berrogei urte ETAk Dolores Gonzalez Katarain Yoyes hil zuela, eta, Filmategiaren esanetan, besteak beste horregatik errekuperatu dute hari buruzko kontakizuna egiten duen lana, bai eta filma bera estreinatu zenetik mende laurdena pasatua delako ere. Eta film hori bakarrik ez: Yoyesen beraren memoriari jarraikiz preseski, Lur Olaizolaren Hirugarren kuadernoa ere (2022) programatuko dute ziklo berean.
Erreskate lan ugari
«Euskal ondare zinematografikoan» azpimarra egin nahia azpimarratu dute antolatzaileek batik bat, eta helburu hori erdiesteko ekarpena egiten dutelakoan programatu dituzte hauek ere: Josu Martinezen Gure Sor Lekuaren bila (2015) eta Bego Zubia Gallastegiren Urak aske (2021). Gainera, diotenez, komedia ez dute albo batera utzi nahi, eta horregatik egin diete tokia, besteak beste, Borja Cobeagaren Pagafantas (2009) eta Diego San Joseren Novio de mierda (2010) filmei.
1930eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzaren Propaganda atalak ekoitzitako lau film emanen dituzte: Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937), Semana Santa en Bilbao (1937), Guernika (1937) eta Elai-Alai (1938)
1936ko gerrari buruzko programazio berezi bat ere ondu dute. Eusko Jaurlaritzaren Propaganda atalak ekoitzitako lau film emanen dituzte horretan: Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937), Semana Santa en Bilbao (1937), Guernika (Nemesio Sobrevila, 1937) eta Elai-Alai (Nemesio Sobrevila, 1938).
Euskadiko Filmategiaren webgunean ikus daiteke egitarau osoa, eta sarrerak ere eros daitezke dagoeneko; bai sarean, bai leihatiletan, aurrez aurre.