Auto autonomoez sarri hitz egiten da, baina zer da ibilgailu autonomo bat? Automozio Ingeniarien Elkarteak (SAE) sei fasetan sailkatzen du ibilgailuen gidatze autonomoa. Maila bakoitzean zehazten da gidariaren eta sistemaren arteko eskumenen zein erantzukizunen banaketa. Adibidez, 0 mailak erabateko automatizaziorik eza adierazten du; kasu horretan, gidariak mantentzen du ibilgailuaren kontrol osoa. 3. mailan, ostera, sistemak ingurua monitorizatzen du, eta egoera zehatzetan kontrola bere gain hartzeko gaitasuna du.
Hala ere, jauzirik adierazgarriena 4. mailako automatizazioarekin gertatzen da. Ibilgailu horiek ez dute gizakiaren esku-hartzerik eskatzen, nahiz eta haien erabilera eremu geografiko zehatzetara edo baldintza jakinetara mugatuta egon. Ardura legala ere jada automozio enpresarena bihurtzen da maila horretako ibilgailuetan. Azkenik, 5. mailako ibilgailuek edozein lekutan eta testuingurutan autonomoki gidatzeko gaitasuna izan behar dute, eta, horregatik, ibilgailu horiek ez dute ez bolante eta ez pedalik behar. Gaur egungo egoerari erreparatuz gero, 4. mailako ibilgailuak jada martxan ari dira AEBetako eta Txinako zenbait hiritan. Europako araudia askoz ere zorrotzagoa den arren, 2026. urte honetan lehen probak hasiak dira —edo hastear daude— Londres, Madril eta Zagreb hirietan.
Baina zer gertatuko da etorkizunean ibilgailu autonomoak gure herri eta hirietan nagusitzen direnean? Jakina da taxi-zerbitzu baten kostuaren bi heren inguru langilearen soldatari dagozkiola. Bestalde, ibilgailu pribatu baten jabe izateak, independentzia bai, baina urtero milaka euroko gastua dakar herritarrentzat, erosketa, zergak, mantenua eta erregaia kontuan izanez gero.
Horrez gain, auto pribatuek beren bizi-itxaropenaren %95 aparkatuta igarotzen dute. Beraz, errepideetan ibilgailu autonomoak ugaritu ahala jabetza-tasa nabarmen jaitsiko dela aurreikusten da. Beherakada horrek hirien morfologia bera eraldatuko luke, aparkaleku-beharrak gutxituz. Dena den, kontuan hartu behar da urteetan garatuko den trantsizio horrek lan-merkatuan eragin sakona izan dezakeela. Muturreko aurreikuspenak betez gero, goitik behera aldatuko da kamioi, autobus zein taxietan diharduten milioika gidariren etorkizun profesionala.