Xabier Landabidea Urresti.
Komunikazioa eta gu

Jokoaren hizkuntzak

2026ko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Irlandan egon naiz duela bi aste BDCCri esker, bertako Sormen eta Kultur Industriak hobeto ezagutzeko bidaian. Baile Atha Cliath (Dublin) Gardaí-k eta militarrek hartuta zegoen, mundu osoko agintariak bertan bilduta zeudelako Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentetzaren harira. Errepublikaren historiako operazio polizialik handiena izan omen dena martxan zen artean Cluain Dolcaineko Aras Chronain kulturgunearen proiektua ezagutzeko aukera izan dugu. Baita Mac Auid Enterprises konpainiako Alex eta Alisonekin Emerald Blood bideojokoari buruz hitz egitekoa ere.

Bideojoko historiko eta fantastiko hori sortzeko hizkuntza modu kontzientean tratatzea erabaki dute estudioan. Badakite milioika ingeles hiztuneko irlandar diaspora dutela produktuan interesatuta egon daitekeena eta ez diote ingelesari uko egiten, baina gaeilge-a jokoaren unibertsoaren erdigunean dago, mitoen eta lurraldearen parean. Estudioak irlanderaz egiten du lan, eta fikziozko pertsonaiek bietan hitz egingo dute bai testuz bai ahotsez. Diseinu erabakiak dira: unibertso berri oso bat sortzera bideratutako eta Irlandako iragan mitikoarekin ez ezik, irlaren egoera soziolinguistikoarekin eta etorkizuneko hiztun komunitatearekin lotutako erabaki kontzienteak.

Hizkuntzak jokoen eta komunitateen sorkuntzan duen garrantziaz pentsatzeko aukera eman didate irlandarrek. Zabaltzen ari garen aukerez. Hartu ditzakegun bideez. Eginda dagoenaz eta egiteko daukagunaz.

Arbasoen Eguna, Mugalur, Txintxa Misterio Jolasak eta Toki jolasak bezalako ekimenen berriak iritsi zaizkit etxera bueltan, tantaka eta tai gabe. Durangoko Azokan ere jada klasiko bihurtu zaizkigun euskaraz sortutako joko eta jolasez gain nobedadeak datoz aurten, adibidez, Rolariak elkartearen eta Sugaar argitaletxearen standetara: Isladak rol joko esoterikoa, Adur: azken erronka bideojokoa eta Adurtxo umeei zuzendutako rol jokoa, Zortzimilakoa mendi-rola, Nimiñoak rol jokoa eta Itsaslabarretako Sekretua liburu-jokoa.

Konturatu orduko hizkuntza eta hiztunontzat eremu berriak lortu ditugu, hemen eta Eiren. Eta gehiago datoz. Hiritik At-eko lagunek zioten bezala, batzuetan «komunitatea ez da berez existitzen: eraiki egin behar da».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA