BERRIAk bertsolaritzari buruzko dokumental bat estreinatuko du, bost ataletan

Asteazkenero zabalduko dituzte 'Bertsolaritza: denboraren joanean irautea' laneko atalak, bihartik hasita. Dokumentalaz gain, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bideo ugari emango dituzte argitara.

Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano, 'Bertsolaritza: denboraren joanean irautea' dokumentalean. BERRIA
Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano, 'Bertsolaritza: denboraren joanean irautea' dokumentalean. BERRIA
urtzi urkizu
2026ko irailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bertsogintzaren kontzeptualizazioa, genero disidentzia, bertsotarako gaiak eta gai jartzaileak, plazak eta bertsolaritzaren etorkizuna. Bost gai horien gaineko bost atal ondu ditu BERRIAk Bertsolaritza: denboraren joanean irautea dokumentalerako. Bost atal horiek webgunean, Youtuben eta sare sozialetan argitaratuko ditu BERRIAk, asteazkenetan. Bost astez errenkadan, alegia. Bihar hasiko da atalak ikusgai jartzen euskarazko egunkaria. Ez kasualitatez, baizik eta larunbat honetan hasiko delako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Hazparnen (Lapurdi). Urriaren 14an argitaratuko dute azkeneko atala. Hortaz, handik aurrera oso-osorik ikusi ahalko da dokumentala.

Iratxe Muxika Karrion eta Miren Mujika Telleria kazetariak arduratuko dira bertsolari txapelketaren berri emateaz BERRIA egunkarian. Haiek hartu dute parte dokumentalaren gidoian, eta ikus-entzunezko lantaldea arduratu da edizioaz eta gainerako lanez.  «Bertsolaritzak adar ugari ditu, eta horietako batzuk ditu hizpide dokumentalak», azaldu dute egunkariko bi kazetariek. «Txapelketa da adar horietako bat, eta horren gaineko hainbat gai jorratuko ditugu dokumentalean. Baita idatzizko erreportajeetan ere. Hala, saiatuko gara txapelketa gertuxeagotik ezagutzen». Horretarako, makina bat bertsolari elkarrizketatu dituzte.

Dokumentalaz gain, askotariko bideoak argitaratuko ditu BERRIAk txapelketak irauten duen bitartean. «Hasiera-hasieratik, luze eta zabal informatuko dugu, hala paperean, nola digitalean», iragarri dute bi kazetariek.

Txapelketaren lehen fasean, bestalde, BERRIAk asteburuko saioak iragartzeko erreportajeak argitaratuko ditu, bertsolaritzari buruzko gai bat hizpide hartuta —paperean zein webean—. Igandero, bezperako saioaren kronika egingo dute. Eta, astearteetan, asteburuko saioetako irabazleei egindako elkarrizketak emango dituzte argitara.

Bigarren fasean modu bertsuan ariko dira BERRIAko kazetariak, baina berezitasunen bat izango da: ostegunetan, kronika berezi batzuk egingo dituzte, irakurleek txapelketa «gertuagotik» ezagutzeko aukera izan dezaten. Halako zazpi erreportaje egingo dituzte.

Abenduaren 9tik 14ra, txapelketako finalista guztiei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu BERRIAk. Finala Iruñean egingo dute, abenduaren 20an, eta handik bi egunera, gehigarri berezi bat aterako du euskarazko egunkariak. Tarte horretan guztian, ez dira faltako ikus-entzunezko lantaldearekin batera osatutako bideoak.

Eusko Jaurlaritzak babesa emango dio BERRIAk bertsolari txapelketaren berri emateko egingo duen lanari.

Bestelako edukiak 

Udazken osoan, berebiziko garrantzia izango du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak BERRIAren artikuluetan, bideoetan eta sare sozialetako jardunean. Beste komunikabide eta gune batzuetan ere eskaintza berezituak egingo dituzte.

Bertsolaritza: denboraren joanean irautea BERRIAren dokumentala
Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea, 'Bertsolaritza: denboraren joanean irautea' dokumentalean hizketan. BERRIA

Bertsozale Elkarteak, kasurako, Emun kooperatibarekin elkarlanean, Bidegurutzean bideopodcasta grabatu du. Onintza Legorburu Larrea da saioko gidaria, eta, hamabostean behin, kulturgintzaren inguruko ertz bat borobilduko du, bi gonbidaturen laguntzaz. Bata, bertsogintzari lotua egongo da; bestea, ez hainbeste, beste kultur diziplina bateko sortzailea izango baita. Gauzak horrela, diziplinen arteko elkarrizketa izango dute helburu podcastean.

Herenegun hasi zuen, bestalde, denboraldi berria ETB1eko Hitzetik hortzera bertsolaritza saioak. Igandero txapelketari eskainitako programa bat emango dute; guztira hamasei saio, lehiaketa amaitu arte. 2027an, bere ohiko formatuari helduko dio berriz telebista saioak.

Txapelketaren lehen fasean, Bertsoa.eus atarian ikusi ahalko dira saioak. Ez zuzenean, ordea: larunbateko saiokoak astelehenean; eta, igandekoak, asteartean. Lehen faseko saioak osorik ikusteko aukera izango da ETB On plataforman ere. Sailkatze saioak jokatu eta gero, finalaurreko guztiak ETB1 On katean emango dituzte —martxoaren 18ren aurretik, ETB3 zen kate hori; Interneteko kanala ere badu—.

Abenduaren 20an, berriz, ETB1 kateak emango du txapelketako finala osorik. BERRIAren webgunean ere xehe-xehe irakurri ahalko da finalak ematen duen guztia.

Euskadi Irratiak, Naiz irratiak eta Euskal Herriko beste hainbat irratik ere luze eta zabal emango dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren berri asteburu honetatik aurrera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA