'Hitzetik Hortzera' saioak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren berri emango du

Irailetik abendura bitarte, igandero txapelketari eskainitako saio bat izango da ETB1en, 15:00etan hasita. Igande honetan emango dute lehenengoa, eta Udane Mugerza Salegi izango da gonbidatua, Bertsozale Elkarteko sustapen eragilea.

Udane Mugerza Salegi eta Mirari Martiarena Iraola, 'Hitzetik Hortzera' saioan. BERTSOZALE ELKARTEAK UTZITAKOA
Udane Mugerza Salegi eta Mirari Martiarena Iraola, 'Hitzetik Hortzera' saioan. BERTSOZALE ELKARTEAK UTZITAKOA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean sartzearekin batera, hasi dira ETBko programen denboraldi berriak. Hurrengo astean hasiko dira gehienak, baina badago aurrea hartuko duen bat edo beste, Hitzetik Hortzera saioa tartean. Ohi bezala, programak bertsolaritza izango du hizpide atal guztietan, baina, aurten, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izango du hizpide bereziki. Irailaren 19an hasiko da txapelketa, Hazparnen (Lapurdi), eta abenduaren 20an bukatu, Iruñean. Hortaz, igandero txapelketari eskainitako programa bat emango dute; guztira hamasei saio, lehiaketa amaitu arte. 15:00etan hasiko dira guztiak, ETB1en.

Igande honetan emango dute lehen atala, eta Udane Mugerza Salegi Bertsozale Elkarteko sustapen eragilea eta txapelketa antolatzeko taldeko kidea gonbidatu dute denboraldiari hasiera emateko. Mirari Martiarena Iraola aurkezlea izango du gidari, eta antolakuntzari buruz mintzatuko dira biak, parez pare. «Egin beharreko lanak, lanean ariko diren lagunak, bertsolariek egin beharreko lanak eta beste hainbat kontu aletuko dituzte», azaldu dute Bertsozale Elkarteko kideek euren webgunean.

Udane Mugerza Salegi izango da Hitzetik Hortzeraren denboraldi berriko lehen elkarrizketatua. BERTSOZALE ELKARTEAK UTZITAKOA
Udane Mugerza Salegi izango da Hitzetik Hortzera-ren denboraldi honetako lehen elkarrizketatua. BERTSOZALE ELKARTEAK UTZITAKOA

Saio bakoitzean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako esparru bati behatuko diote: besteak beste, emanalditik emanaldira txapelketak hartzen duen norabideaz, ekitaldiaren antolaketaz eta egituraz, irudiaz eta eszenografiaz, eta epaileez hitz egingo dute. Horretarako, txapelketarekin lotura zuzena duen jendea elkarrizketatuko du Martiarenak astero, eta lehiaketaren historiako datuekin eta xehetasunekin ere jantziko du saioa.

Saioa bete bertso

Elkarrizketatu nagusiaz gain, mahaiaren bueltan bost gonbidatu bilduko dituzte astero Txikitik Handira atalean, eta txapelketaren inguruko bizipenez arituko dira kontu kontari, bai eta galdera labur batzuk erantzuten ere. Honako hauek mintzatuko dira: Alaitz Rekondo Ferrero gai jartzailea, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa epailea, Larraitz Trojaola Berezibar bertsozalea, Manex Agirre Arriolabengoa bertsolaria eta Marikarmen Albizu Etxabe Bertsularien Lagunak Elkarteko langile ohia. Hala, txapelketari «beste ikuspuntu bat» eman nahi izan diote.

Igande honetako atala bi bertso saiorekin osatuko dute. Batetik, Lakuntzako (Nafarroa) festetan egindakoa; Alaia Martin Etxebeste, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Eneko Lazkoz Martinez ibili ziren kantuan, eta Ibai Hernaiz Ormaetxea gai jartzaile. Bestetik, Hondarribian (Gipuzkoa) egindako bertso jaialdia emango dute. Maialen Lujanbio Zugasti, Miren Amuriza Plaza, Nerea Ibarzabal Salegi eta Xabat Illarregi Marzol aritu ziren bertsotan. Gaiak jartzen, berriz, Karlos Aizpurua Etxarte.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa amaitu ostean, programak ohiko dinamikarekin jarraituko du, adierazi dutenez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA