'Desagertuta' telesailak hasi du bidea

'Desagertuta' telesailaren estreinaldia egin dute Donostian, Viktoria Eugenia antzokian. Lehen bi atalak Primeran plataforman ikusgai daude.

'Desagertuta' telesailaren aktoreak, atzo, Viktoria Eugenia antzokian. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Desagertuta' telesailaren aktoreak, atzo, Viktoria Eugenia antzokian. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2025eko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Viktoria Eugenia antzokia aktorez, sortzailez eta telesailen zalez bete zen atzo arratsaldean, Desagertuta telesailaren lehen bi atalak ikusteko. Atzo gauetik Primeran plataforman ikus daitezke lehen bi atal horiek, euskaraz; bihar, berriz, Netflixek gaztelaniazko bertsioa estreinatuko du. Izan ere, aldi berean filmatu zituzten euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Crossover telesailen jaialdiak antolatuta egin zuten Viktoria Eugeniako ekitaldia. Han ziren Xabi Zabaleta Desagertuta-ren sortzaile eta ekoizle eragilea eta Jabi Elortegi bi zuzendarietako bat. Estel Diaz beste zuzendaria eta Juliana Barrera Zebra-ko ekoizle eragilea —Pausokaren eta Zebraren artean ekoitzi dute zortzi ataleko fikzioa—. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia, Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, Ainhoa Santisteban Primeran plataformako zuzendaria eta Lisa Wegscheider Espainiako Netflixeko eduki erosketen zuzendaria ere izan ziren ekitaldian.

Estel Diaz eta Jabi Elortegi 'Desagertuta' telesaileko zuzendariak
Estel Diaz eta Jabi Elortegi 'Desagertuta' telesaileko zuzendariak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Telesaileko aktore gehienak ere Viktoria Eugenian elkartu ziren. Kuadrilla gazte bat da fikzioan protagonista, eta gazte horien roletan ari direnak Donostiako ekitaldira joan ziren: Ane Rot, Jon Lukas, Ainhoa Larrañaga, Ainhoa Azpitarte, Unai Arana, Julen Taboada eta Asier Rikarte. Ertzainen rola jokatzen dute Itziar Atienza eta Jon Olivares aktoreek, eta haiek ere aurkezpenera joan ziren; Gorka Otxoak ere pertsonaia bat jokatzen du telesailean, mutil desagertuaren aitarena, baina Amerikan da lanean, eta ezin izan zen joan. Rol txikiagoak jokatzen dituzten aktoreak ere han ziren: besteak beste, Iñigo Aranburu, Sara Cozar, Iñigo Aranbarri, Susana Soleto, Asier Hernandez, Aia Kruse, Ainhoa Aierbe eta Dorleta Urretabizkaia. Telesailean agertzen ez badira ere, fikzioaren lehen bi atalak ikusteko gogoz joan ziren antzokira beste aktore batzuk ere.

Erakundeetako ordezkariak

Erakunde publikoetako hainbat ordezkari joan ziren, halaber, telesailaren lehen bi atalak ikustera: Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatua, Isaac Palencia Gipuzkoako Gazteriako zuzendaria eta Patxi Presa Crossover jaialdiaren zuzendaria. Donostiako Udaleko hainbat zinegotzik ere ez zuten estreinaldia galdu nahi izan.

EITBko, erakundeetako eta Crossoverreko ordezkariak 'Desagertuta' telesailaren aurkezpenean.
Patxi Presa (Crossover), Unai Iparragirre (ETB), Andoni Aldekoa (EITB), Ibone Bengoetxea (Eusko Jaurlaritza), Eider Mendoza (Gipuzkoako Foru Alundia), Goizane Alvarez (Gipuzkoako Foru Aldundia), Isaac Palencia (Gipuzkoako Foru Aldundia), Ainhoa Santesteban (Primeran) eta Jon Paul Arroyo (Crossover), atzo, Donostian, 'Desagertuta' telesailaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Era berean, Pantailak Euskaraz herri mugimenduko bi ordezkari euskarazko fikzioaren lehen bi atalak ikusten izan ziren.

Photocall-etik pasatu ziren sortzaileak, aktoreak eta erakundeetako ordezkariak, eta inork baino lehenago ikusi ahal izan zituzten Desagertuta-ren lehen bi atalak. Datozen asteetan, astero atal bat sareratuko du EITBren Primeran plataformak. Jon gazte desagertuarekin zer gertatu den deskubritzeko denboraldi osoa ikusi beharko da. Netflixen hemendik hilabete batzuetara estreinatuko dute euskarazko bertsioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.