EITBko zuzendaritzak batzorde batzuetan aurkeztu dituen datuak aintzat hartuz, hainbat ondorio atera daitezke. Telebistari dagozkionak plazaratuko ditu gaur BERRIAk. EITB Audientzia Sailaren txosten batenak dira datu guztiak.
EAEn telebista konbentzionala ikusten dutenen artean, ehunetik soilik bik aukeratzen dute ETB1 euskarazko katea. Hamabost urte baino gehiago dira datu horren bueltan dabilela ETBko lehen katea. Oso txikia da, bestetik, haurrei zuzendutako ETB3 kanalaren kuota: %0,1ekoa. Nafarroan, ETB1ek %1eko ikusle kuota izan zuen iaz.
Saioz saio datuak begiratuz gero, bestalde, 2025ean Donostiako Aste Nagusiko suen emanaldiak %4,3ko ikusle kuota lortu zuen EAEn. Ez du programazioko beste ezein saiok halako daturik lortu, kirol emanaldiak albo batera utzita. ETBrentzat udazkeneko programazioaren «apusturik handiena» Euskal Herria Hegan saioa izan zen, eta hori 2025eko bigarren tokian ageri da: %4,1eko batez besteko kuota EAEn. Bestalde, aintzat hartzeko datua lortzen du egunero Txoriene sukaldaritza saioak: %4koa. Joseba Argiñano Sukalerrian saioak ere gorantz egin zuen azkeneko urtean, eta %3,7ko kuota bereganatu zuen. Herri txiki, infernu handi saioaren 11. denboraldiak, berriz, %3,6ko batez besteko kuota lortu zuen.
ETB1eko albistegiei dagokienez, eguerdiko Gaur egun 1 albistegiak gorakada oso handia izan zuen 2024tik 2025era: %2,4ko kuota izatetik %3,2ko kuota izatera pasatu zen. Aurreko datuaren pare gelditu zen gaueko Gaur egun 2: %2,8tik %2,9ra igo zen. Apalagoa da goizetako Egun on Euskadi: %1,2ko kuota izan zuen 2025ean, aurreko urtean izandako datu bera.
Askoz ikusle gehiago dituzte ETB2ko albistegiek: 15:00etako Teleberri 1 %21,3tik %21,9ra igo zen; eta 21:00etako Teleberri 2, berriz, %19,7tik %19,1era jaitsi zen. Goizetan ETB2k Radio Euskadiko Boulevard emititzen du, eta horren emanaldia 1,4 puntu jaitsi da azkeneko urtean: %5,9ko kuota izatetik %4,5ekoa izatera pasatu zen. EAEn, ETB2 kateak %8,5eko ikusle kuota izan zuen joan den urtean, eta Nafarroan, %3koa.
ETB4 kateak %1eko ikusle kuota izan zuen iaz EAEn.
Kirol emanaldi arrakastatsuak
Albistegien ostean tarte berezia izan ohi du ETBn kirolen aktualitateak. Eta baditu bere jarraitzaileak: ETB1eko eguerdiko kirol albisteek %1,9ko kuota izan zuten joan den urtean, eta gauekoek, %2,4koa. ETB2 katean, berriz, Kirolak 1 emanaldiak %16,3ko kuota izan zuen; eta gaueko Kirolak 2-k, %12,5ekoa.
ETB1eko zuzeneko kirol emankizun batzuek, bestalde, sekulako datuak lortu ohi dituzte. Hala izan zen 2025ean ere: Kontxako Banderaren emakumezkoen estropadak %22,2ko ikusle kuota lortu zuen, eta gizonezkoen estropadak, %20,6koa. Eusko Label Ligak batez beste %11,5eko kuota izan zuen. Eta Euskotren Ligak, %8,9koa. Pilota jaialdi ugari ematen ditu astero ETB1ek, eta horrek ere tiradizo handia du: buruz buruko txapelketako partidek %10,3ko ikusle kuota lortu zuten —aurreko urtean baino bi hamarren gehiago—. Futbol partiden emanaldiek ere ikusle ugari bereganatu zituzten joan den urtean. Eta frontoiko ikuskizunen kasuan, Winter Series zesta-puntako txapelketak eta erremonteko partidek %2,2ko kuota izan zuten iaz. Hortik gora ibili ziren herri kiroletako emanaldiak: %3,3ko kuota izan zuten batez beste. Eta txirrindularitzari dagokionez, Donostiako Klasikoa izan zen ikusle kuota handiena lortu zuen proba: %9,5ko kuota.
ETB2 katean Teleberri da gehien ikusten dena —eguerdiko emanaldian %21,9ko batezbestekoa lortu zuen—. Eta gertu du El Conquistador abentura reality-a: %21,6ko ikusle kuota bereganatu zuen 21. denboraldiak.
Interneteko sare sozialei dagokienez, ETB1eko saioek jarraitzaile ugari dituzte Youtuben. Ondotik, Instagram gailentzen da, Facebook, X eta Tiktok sare sozialen aurretik. ETBko euskarazko eskaintzak 46.000 jarraitzaile ditu sare sozialetan. ETB2ko edukiek, berriz, sare sozialetan 243.000 jarraitzaile dituzte.
Bihar EITBko irratiei buruzko datuak emango ditu BERRIAk.