Rockekoa ez ezik, euskal kantagintzako izen berezi eta esanguratsua ere bada Errobi taldearena. Euskarazko lehen rock diskoa grabatu izana aitortzen zaio, 1975ean argitaratu baitzuen. Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk erreferentziazko taldea sortu zuten 1970eko hamarkadan, ondotik etorri baitziren beste banda esanguratsu batzuk. Niko Etxart zuberotarrarekin batera, garai baten isla da Errobi. Bost disko argitara eman ostean, 1985. urtean esan zieten adio zaleei. Duhaldek eta Ducauk beren bidetik segitu zuten gero.Â
2024. urtean, taldearen 50. urteurrena ospatzeko, Ducauk eta Duhaldek iragarri zuten kontzertu bat emanen zutela Bilbon. Eman zituzten beste batzuk ere. Baina iazko abenduaren 30ean azken-azkena eman zuten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Azken kontzertu hori ETB1 kateak emango du gaur, 22:10ean. ETB On doako plataforma digitalak ere emango du, eta, handik aurrera, gune horretan noiznahi ikusteko modua izango da.
Ducau gitarran, saxoarekin eta txirularekin. Duhalde, gitarrarekin eta ahotsarekin. Eta haiekin batera, azken kontzertuetan, beste taldekide hauek izan zituzten: Txomin Duhalde (Anjeren semea) atabaletan, Iñigo Telletxea baxuan, eta Remy Gachis gitarran. Lehen etapan beste musikari batzuk izan zituzten bidaide.
Urko Ansak Viktoria Eugeniako azken kontzertu haren kronika idatzi zuen BERRIAn. Bertan kontatu zuenez, Errobik azken agurrean Agur t'erdi, Gure lekukotasuna, Nagusiaren nigarrak, Aitarik ez dut, Ametsaren bidea, Perttoli, Zuretzat, Ez deat erranen, Andere, Xileko langileria, Gure zortea eta Lantegiko hamar mandamenduak kantak eskaini zituen. Ahaztu gabe Rock eta Rolling historikoa. Eta Nora goaz? ereserkia albo batera utzi gabe, nola ez. Horiekin guztiekin gozatzeko modua izango da gaur ETB1en.