Asteazkenean beteko dira 90 urte Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenetik. 36ko gerra betean, «kontzentrazio» gobernu bat eratu eta talde politiko demokratikoek martxan jarri zituzten hainbat egitasmo. Lehen Eusko Jaurlaritza haren «kudeaketa zibila» nolakoa izan zen ikus-entzuleei azaltzeko, dokumental bat zuzendu du Maite Ibañezek: Lehen Eusko Jaurlaritza. Eusko lur gainean zutunik. ETB1 kateak astelehenean estreinatuko du, 21:45ean; ETB2k urriaren 7an emango du, 22:30ean, La noche de... saioaren emanaldi berezian.
New Media Euskadi ekoiztetxeak proposatu zion ETBri dokumentala egitea. «Jaurlaritza euskal lurretan egon zen bederatzi hilabeteetan jarri dugu arreta», azaldu du Ibañezek —dokumental ugari egin ditu; irailean, Donostiako Zinemaldian, Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica aurkeztu du—. Gaineratu du filmean ageri dela Jaurlaritza erbestean izan zeneko garaia, labur, baina batez ere Bilbon egin zuen kudeaketaz mintzatuko dira bertan.
«Pentsatu genuen ez genuela dokumental konbentzional bat egin nahi, elkarrizketekin eta off-eko ahotseko batekin», esan du saioaren zuzendariak. «Hortaz, bururatu zitzaigun bisita gidatu bat egitea». Leire Elustondo ETBko kazetaria da bisita horren gidaria. Bilboko kaleetan ibiliko dira, 1936ko Jaurlaritza hartan esanguratsuak izan ziren tokietan, eta haietan anfitrioi lanak egingo dituzte Edurne Portelak, Pedro Luis Uriartek, Marisol Ruiz de los Toyosek, Marcela Espinosak, Joxe Mari Zeberiok, Onditz Leizaolak, Estepan Aldamiz Etxebarriak, Ascension Badiolak, Katixa Agirrek, Victoria Ortegak eta Kontxita Beitiak. Haietako batzuk lehen Jaurlaritza hartan sailburu izan zirenen bilobak dira.

Badituzte, halaber, elkarrizketa batzuk beste toki esanguratsu batzuetan, ordu hartako historia hobeto ezagutzeko: Xabier Irujori, Maria Jose Villari, Iñaki Goioganari, Josu Txuekari eta Leire Arrietari eragindakoak. «Garai hartan adituak diren historialariak dira». Elkarrizketa horiek Gernika-Lumon (Bizkaia), Turtziozen (Bizkaia), Parisen eta Bilboko Carlton hotelean egin dituzte. Hain zuzen ere, hotel hura izan zen lehen lehendakaritzaren egoitza, 1936ko urritik 1937ko ekainera arte.
Elkarrizketak euskaraz eta gaztelaniaz
Lehen Eusko Jaurlaritza. Eusko lur gainean zutunik dokumentala elebiduna da. «Parte hartu dutenei aukera eman diegu euskaraz ala gaztelaniaz aritzeko», dio Ibañezek. Hortaz, lanaren bertsio bera ikusiko da ETB1en zein ETB2n. Herenegun, aurrestreinaldia egin zuten EITBren Bilboko egoitzan, eta han izan ziren Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Eusko Legebiltzarreko hainbat ordezkari.
Ibañezek, bestalde, nabarmendu du artxibo irudi askotarikoak erabili dituztela dokumentalerako. «Euskadiko Filmategitik jasoak dira irudi batzuk; tartean, familien baimenak behar izaten dira; beste batzuk Sabino Arana Fundazioarenak dira; eta EAJk ere utzi dizkigu irudiak». Egileak aipatu du, halaber, 1955. urtean Jose Antonio Agirrek eman zuen diskurtso baten audioa erabili ahal izan dutela. «Jaurlaritzaren lehen hilabeteetan, Bilbon, sail bakoitzak egindako lanaz hitz egiten du hartan». Ibañezen arabera, «une hunkigarri ugari» daude grabaketa horretan. «Gerra betean, bazen nekazaritza erreforma bat egiteko apustu bat, lurrak langileei emateko. Orduko Jaurlaritzaren justizia soziala eta humanismoa ikusten da hor. Baina Agirrek ere aitortzen ditu hogei urte lehenago egindako hutsak».

Halako dokumentalak belaunaldi gazteei helarazteak «balio handia» duela iruditzen zaio Ibañezi. «Gaur egun dauzkagun giza eskubideak eta demokrazia egonkortuta daudela dirudi, berez emanak direla. Baina beldurrez nago gertatzen ari diren gauzekin». Ibañezek gogorarazi du lehen Jaurlaritza hura martxan jarri zuten hamar gizonek pauso bat aurrera eman zutela. «Haien ondasunak galdu zituzten. Haietako batzuk hil egin ziren. Eta gehienak ez ziren erbestetik itzuli».
Dokumentala amaitu ostean, ETB1ek Paperezko ahotsak lana (Esti Urresola, 2016) emango du. Eresoinka taldeak erbestean egin zuen bidearen ingurukoa da, batik bat. Primeran plataforman ikusgai dago.