Demokrazia defendatzeko «kontzentrazio» gobernu bat

Eusko Jaurlaritzak 90 urte beteko ditu urriaren 7an. Aurrez estatutu bat lortzeko ahaleginak egin baziren ere, altxamendu faxistari aurre egiteko premiak piztu zuen Agirreren gobernuaren txinparta.

Eusko Jaurlaritzaren lehen gobernu kontseilua Bizkaiko Foru Aldundian, 1937an. JON PENCHEK UTZIA
Eusko Jaurlaritzaren lehen gobernu kontseilua Bizkaiko Foru Aldundian, 1937an. JON PENCHEK UTZIA
nerea intxausti
2026ko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak 90 urte beteko ditu aurten, eta, hainbeste urte betetzen dituen orok bezala, gertaera asko ezagutu ditu, eta kontatzeko asko dago. Behin-behineko gobernu gisa jaio zen, ohiz kanpoko egoera batean sortu zelako: 36ko gerra garaian, eta hauteskunderik egin gabe. Korrika eta presaka idatzitako estatutu bat onartu zuten, 1936ko urriaren 1ean, eta, astebete geroago, behin-behineko gobernu bat sortu zuten, iritzi bera ez zutenen artean. Bizkaiko Foru Aldundiko gela batean egin zuten lehen bilera, eta Jose Antonio Agirre lehendakariak eta gainerako sailburuek aurrerapen sozial ugari lortu zituzten bederatzi hilabetez, eta erbestean jarraitu zuten ondoren lan horrekin.

Gobernu hura batasunaren gobernua izan zen, iritzi ezberdina izan arren demokraziaren alde zeuden indar guztiak batu baitziren aurkari beraren kontra: Franco eta estatu kolpea babestu zutenak. «Meritu handikoa da batasun horri eusten jakitea pentsamolde oso ezberdinak izanda ere», adierazi du Jon Penchek, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko Unesco Katedraren ikerlariak. Leyre Arrieta Historia Garaikidean doktorea da eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Berak dio ordukoa «kontzentrazio gobernu bat» izan zela, garai hartan euskal panorama politikoan existitzen ziren alderdi politiko guztiek parte hartu zutelako.

Ohiz kanpoko egoerak eragin zuen ordura arte politikoki eta dialektikoki «guztiz kontra» zeuden bi ikuspegi politiko elkartu ahal izatea, Pencheren esanetan: batetik, EAJko eskuin klerikal nazionalista eta, bestetik, Espainiako errepublikaren aldeko ezkerra —indar errepublikanoak eta sozialistak—.

Arrietak gaineratu du gobernu hura «gobernu historiko bat» izan zela, «Euskal Herriaren lehen subjektu instituzional eta politiko komuna izan zelako», eta hortik bere garrantzia. Are, ziur dago gobernu haren osaketa «jarrera pertsonal eta kolektiboen emaitza» ere izan zela, prest egon zirelako eta borondatea izan zutelako. «Segur aski, Agirreren karismak eta lidergoak batu zituen guztiak». 

37.930

Zenbat haur erbesteratu zituzten. Eusko Jaurlaritzak 37.930 haur erbesteratu zituen 1937ko urtarriletik ekainera bitarte. Gehien-gehienak Frantziara bidali zituzten (22.234 haur), baina Herrialde Katalanetara (6.200), Erresuma Batura (3.956), Belgikara (3.201), Sobietar Batasunera (1.889), Suitzara (245) eta Danimarkara (105) ere bidali zituzten.

 

Arrietaren ustez, «oso-oso gobernu kohesionatua izan zen, egoerak ere hori eskatzen baitzuen». EHUko irakasleak erantsi duenez, «askotariko gobernua izan zen, eta orekatua: EAJk zeukan Lehendakaritza, baina Fronte Popularreko sailburu gehiago zeuden». EAJk lau sail hartu zituen —Lehendakaritza eta Defentsa; Justizia eta Kultura; Gobernazioa; eta Ogasuna—, PSOEk hiru —Industria, Lana eta Gizarte Arreta—, errepublikanoek bi —Merkataritza eta Hornikuntza, eta Osasuna—, alderdi komunistak bat —Obra Publikoa— eta EAE Eusko Abertzale Ekintzak beste bat —Nekazaritza—.

Agirrek berak hartu zuen Defentsa Saila, garai hartan lehentasuna baitzen altxamendu faxistari aurre egitea, gerra irabaztea eta bakea lortzea. Arrietak azaldu du beste helburu bat ere bazutela: gerra, nolabait, «humanizatzea»; hau da, ahaleginak eta bi egin zituzten herritarrek gerraren ondorioak ahalik eta gutxien nabaritzeko. Lehendakari izendatu zuten egunean, 1936ko urriaren 7 hartan, horrela egin zion men karguari Agirrek: «Jaingoikuaren aurrian apalik, Euzko lur ganian zutunik, asabaen gomutaz, Gernikako zuhaitzpian nire agindua ondo betetzia. Zin dagit». Egun hartan bertan ziurtatu zien euskal herritarrei gobernu hura «indar moral ikaragarriarekin» jaio zela, osatu zutenen arteko senidetasunez; «etorkizunerako sari bat» izango zela ere aurreratu zuen orain 90 urte. 

Jose Antonio Agirreren zinaren oroigarria, Gernikako Batzarretxean. LUISTXO FERNANDEZ
Jose Antonio Agirreren zinaren oroigarria, Gernikako Batzar Etxean. LUISTXO FERNANDEZ

Nazioartean ere urak ez zeuden bare. Lehen eta bigarren mundu gerren arteko garaia zen, eta polarizazio handia zegoen nazioartean. Euskal Herrian nabaria zen New Yorkeko 1929ko krak sonatuaren ondorioz piztutako krisi ekonomikoa, eta Mendebaldeko Europa borrokan ari zen bi sistema politikoren artean: aurrez aurre zeuden demokrazia liberalak —Frantzia eta Ingalaterra buru— eta erregimen autokratiko eta totalitario berriak —Alemania eta Italia, kasurako—. Eusko Jaurlaritza demokraziaren alde jarri zen; nazioarte mailan, demokrazia liberalen alde.

Bederatzi hilabetean egindako guztia

Aurrerapen sozial asko egin zituen lehen Eusko Jaurlaritza hark, eta horrek piztu zuen Arrietaren arreta gehien: «Zelan hasi ziren zerotik organigrama baten egitura guztia antolatzen, eta zelan benetako botere eraginkorra izan zuten bederatzi hilabetean».

Gerran egonik ere, Jaurlaritzak estatu bati dagozkion eginkizunak bete zituen garai hartan. Adibidez, nazioarteko harremanak ezarri zituen atzerrian zabaldutako ordezkaritzen bitartez, Euzko Gudarostea sortu zuen, euskal pasaporteak eta txanpon propio bat sortu zituen, indultuak eman… 

Deustuko irakasleak aurrerapen gehiago zerrendatu ditu: «Eskubideen bermea, ordena publikoa, erlijio askatasuna eta kulturarekiko errespetua bermatu zituen». Era berean, politika sozial «benetan aurreratuak» garatu zituen: elkarrizketa soziala, jabetzaren funtzio soziala, merkatuaren legea, legeen erregularizazioa, langileen parte hartzea enpresetan… Lehen unibertsitate publikoa ere sortu zuten: Medikuntza Fakultatea, Bilbon. 

Euskal kultura ere sustatu zutela kontatu du Arrietak. Adibidez, zientzia edukiak jasotzen zituen lehen argitalpena egin zuen Jaurlaritzak. Sinboloen eraikuntzari dagokionez ere, ikurrina onartu zuen ikur gisa, eta Eusko Abendaren Ereserkia ereserki moduan.

«Sinboloa Agirre lehendakaria da, baina ez zaie hainbeste garrantzirik ematen gainerakoei; eta haiek ere bizi esperientzia gogorrak izan zituzten, eta asko sufritu zuten»

JON PENCHE Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko Unesco Katedraren ikerlaria

Gobernu haren ideia izan zen milaka eta milaka pertsona, batez ere haurrak, ebakuatzea eta erbestean laguntzea. Izan ere, 1937ko urtarrilean Bilbo bonbardatu ondoren, haur asko geratu ziren kalean. Ez soilik bizkaitarrak, baita Gipuzkoatik ihesi iritsi zirenak ere. Juan Gracia Colas zegoen Gizarte Laguntza Sailaren buru, eta hark ebakuazioak garatzeko lehen proba egin zuen urtarrila eta otsaila bitartean: zenbait haur Frantziako Oleron uhartera eraman zituzten, bainuetxe batera.

Segidan bonbardatu zuten Durango (Bizkaia), eta Gracia sinistuta zegoen, lehen proba horren ondoren, espedizio gehiago egin behar zirela haurrak atzerrira eramateko. Penchek azaldu duenez, Graciak esaten zuen haurrek kanpora bidali behar zirela «gerraren izugarrikeria» bizi ez zezaten. Horretarako, bi itsasontzi eskatu zituen, Habana eta Goizeko Izarra, eta gutxinaka eraman zituzten haurrak Erresuma Batura eta, bereziki, Frantziara eta Belgikara. 1937ko ekainera arte, Bilbo erori baino egun gutxi batzuk lehenagora arte aritu ziren haurrak atzerrira eramaten. 

Bilboren ondoren, Ezkerraldeko herriak ere hartu baitzituzten frankistek, eta orduan utzi zituen Agirre lehendakariak euskal lurrak: Santanderrera alde egin zuen. Garai hartan sinatu zuen Agirre lehendakariak Turtziozko Manifestua (Bizkaia). Manifestu horretan adierazi zuten Eusko Jaurlaritzaren sugarrak piztuta segituko zuela, eta hitzeman zuten faxismoaren aurka borrokatzen jarraituko zutela «Euskadi berriro altxatu arte». Eta, hain zuzen, horixe egin zuen Jesus Mari Leizaolak 1979an, Carlos Garaikoetxeari Eusko Jaurlaritzaren legitimitatea eskaini zionean.

Agirrez gainerako guztiak

Gobernu hartako ikur eta irudi da Agirre lehendakaria. Penchek eta Arrietak ikuspegi ezberdina dute, halere, gaur egun daukan proiekzioari buruz. 

Arrietaren ustez, «benetan merezi du» aitortu zaion guztia: «Oso karismatikoa omen zen, hizlari paregabea, liderra eta denek maite zuten, baita erbestean ere». «Segur aski, XX. mendeko euskal historiaren pertsonarik garrantzitsuena da», aitortu du. 

Penchek zehaztu du protagonismo handia ematen zaiola Agirre lehendakariari: «Sinboloa bera da, baina ez zaie hainbeste garrantzirik ematen gainerako gizonei —emakumerik ez baitzegoen gobernu hartan—, eta haiek ere bizi esperientzia gogorrak izan zituzten, eta asko sufritu zuten». Gogoratu du gobernu hartako ia kide guztiek joan behar izan zutela erbestera, ez soilik lehendakariak, edo ez soilik EAJkoek.

«Oso karismatikoa omen zen, hizlari paregabea, liderra eta denek maite zuten, baita erbestean ere. Segur aski, XX. mendeko euskal historiaren pertsonarik garrantzitsuena da»

LEYRE ARRIETA Historia Garaikidean doktorea eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea

Zehazki, Alfredo Espinosa sailburua inora joan baino lehen hil zuten, gerra bitartean. Medikua zen, eta Union Republicana alderdiko kidea. Lehenengo Jaurlaritza hartan, Osasun sailburu izendatu zuten. Ardura horretan, Euskal Gurutze Gorria sortu zuen, eta tuberkulosiaren eta beste gaixotasun batzuen kontrako neurriak hartu zituen, besteak beste. Hura zihoan hegazkineko pilotuak saldu ostean, Zarauzko hondartzan (Gipuzkoa) harrapatu zuten frankistek, eta Gasteizen exekutatu gero, 1937ko ekainaren 26an. 

Gracia sailburuaren bizitzako pasadizo dramatiko batzuk ere esplikatu ditu Penchek: «Sailburu sozialista eta haren emaztea Parisen bizi izan ziren, ia pobrezian, naziek okupatuta zeukaten bitartean, eta segika zituzten Gestapo eta polizia frankista; etxez etxe joan behar izan zuen, eta egoera horretan hil zen Gracia, 1941ean».

EHUko irakasleak gogoratu du askok eta askok Amerikara joan behar izan zutela; adibidez, Izquierda Republicana alderdiko Ramon Maria Aldasorok. Santiago Aznarrek Venezuelara joan behar izan zuen. Leizaola sailburua Arnesen geratu zen, eta irakasle plantak egin zituen bertan. «Gehienak ez ziren inoiz itzuli», gaineratu du. 

«Estatutu bat eta gobernu bat aurrez eduki izana ezinbestekoa izan zen trantsizio demokratikoaren ondoren Euskadik autonomia ahalik eta lasterren berreskuratzeko»

JON PENCHE Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko Unesco Katedraren ikerlaria

Bitartean, baina, Eusko Jaurlaritza euskal lurraldeetatik kanpo aritu zen lanean. Gehienbat, lan politikoa egin zuen, eta horren buru zen Agirre lehendakaria. 

Nazioartean euskal herritarrak nola zeuden zabaldu zuen, eta saiatu zen aliatuek esku har zezaten Frantziako eta Erresuma Batuko kantzilertzetan egoeraren berri emanez. Era berean, nazioartean jakinarazi zuen alemaniarrek eta italiarrek gatazkan ez esku hartzeko ituna urratu zutela, eta Espainiako 36ko gerran borrokan aritu zirela.

Gizarte Laguntza Sailak ere lanean jarraitu zuen erbestetik: errefuxiatuak laguntzen zituen, eta hala segitu zuen gerraostean eta II. Mundu Gerraren hasieran ere. Aterpea bilatu zien euskal herritar askori Santanderren, jantokiak Katalunian, eta aterpea eta arreta errefuxiatuei Frantzian. 

Ogasunak ere garrantzi handia izan zuen. Bildutako dirua kudeatu zuten, baina, egoera dela eta, geroz eta gutxiago zen. Sailburuei ordaintzeko eta gizarte laguntzarako aterpeak erosteko baliatu zuten diru hori. 

Eusko Jaurlaritza Parisko Marceau hiribidean zeukaten egoitzan aritu zen lanean —iazko irailean EAJk eraikina berreskuratu zuen—. Baina naziek Paris okupatu zutenean, bertara sartu ziren frankistak eta egoitza bereganatu. Bertan zegoen dokumentazioa miatu zuten, Frantzian zeuden euskal politikariak pertsegitzeko. Aliatuek Frantziako hiriburua berreskuratu zutenean, Eusko Jaurlaritzak egoitza ere berreskuratu zuen, eta handik aritu ziren lanean 1951. urtera arte. Gero, gobernu frankistak Frantziako Gobernuari eraikina eskatu zion, argudiatuta Espainiako Estatuarena zela, eta Senako Auzitegiak arrazoia eman zion. Handik aurrera, Eusko Jaurlaritza Singer kalean egon zen. 

Eusko Jaurlaritza garrantzia galduz joan zen pixkanaka, gehienbat 1960ko hamarkadatik aurrera. Halere, jarraitu zuen Europan euskal herritarren egoeraren berri ematen. Nagusiki, Eusko Jaurlaritzak laguntza eske jo zuen Europara, «Franco agintetik botatzeko».

Gerra Hotzak, baina, ez zuen lagundu. Halere, Arrietak argi utzi du oker dabilela euskal herritarrek ezer lortu ez zutela pentsatzen duen oro. Kontatu du euskal herritarrak Hagako kongresuan egon zirela; han abiatu zen Europako Batasuna eraikitzeko prozesua. «Hori ez da txantxetakoa». Arrietak azaldu du bazekitela ez zutela askorik lortuko, baina gogotik egin zutela berak «presentziaren politika» deitzen duen hori: «Egon, erakutsi zer den Euskal Herria, demokratikoa dela, askatasunaren aldekoa, eta kultura bereizgarria duela».

Ordukoak egungoan duen garrantzia

Pencheren esanetan, estatutu bat eta gobernu bat eduki izana «ezinbesteko aurrekaria izan zen trantsizio demokratikoaren ondoren Euskadik autonomia ahalik eta lasterren berreskuratzeko». Arrietak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak erbestean eman zuen azkeneko hamarkada oso gogorra izan zen, baina, hala ere, garrantzitsua, modu horretan erakundearen legitimitateari eutsi baitzioten —Generalitatea, adibidez, desagertu egin zen—. Horren ondorioz dirau egungo Eusko Jaurlaritzak.

Arrietaren iritziz, gobernu hartako balioek «izugarrizko gaurkotasuna» dute: askatasuna, demokrazia, justizia soziala.

Gobernuari bide eman zion Estatutua

Joanez eta etorriez betetako prozesua izan da estatutuena, hasieratik. Bigarren Errepublika abiatzeko ezinbestekoa izan zen estatu ez-zentralizatu bat sortzea. Aurrez ezarria zegoena oso zentralizatua baitzen, Pencheren esanetan: «Ez bakarrik Primo de Riveraren diktadura, 1876tik aurrerako zaharberritze guztia ere oso zentralizatua da». Eta hori aldatzeko asmotan, autonomia estatutuak ematearekin bateragarria izango zen estatu integral bat sortu zuten.
1931n Espainiako Konstituzioaren aurreko proiektu batzuk egin zituzten. Lehenik, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak barne hartuko zituen estatutu bat sortzeko saiakera egin zuten, baina Lizarrako estatutu hark, lau herrialdeetako alkateek onartutakoak, Espainiako Kongresuaren ezezkoa izan zuen parean, argudiatuta oraindik idazteko prozesuan zen konstituzioarekin talka egiten zuela. Ezezko haren ondotik landu zuten gestoren estatutua, konstituziora egokituko zena, baina, besteak beste, Vatikanoarekiko konkordatuari uko egin izanak pitzadurak sortu zituen ordu arteko gehiengoan, batez ere Nafarroan. 1933an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa soilik barne hartuko zituen prozesua abiatu zuten. Orduan, irekita utzi zuten etorkizunean Nafarroa txertatzeko aukera. Jaurlaritza arautuko zuen estatutua 1933ko azaroan ebatzi zen plebiszitu baten bidez, baina eskuineko indarrek irabazi zituzten hauteskundeak Espainian, eta prozesua geratu egin zen. 1936an, Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi zituenean, estatutuaren gaia berpiztu zen. Fronte Popularrak kanpainan eskatu zuen, 1934ko Urriko Iraultzako presoen amnistiarekin batera, autonomia estatutuarekin jarraitzea ere. Jada gaindituak zituen tramite guztiak, parlamentuak onartzea baino ez zen falta. Horretan ari zirela iritsi zen Francisco Francoren altxamendu militarra, «eta pikutara joan zen prozesu demokratiko hori guztia», dio Penchek.

Beraz, estatutu bat onartu, onartu zen, baina plebiszituan adostu zenaren guztiz kontrakoa. Hasierako hori oso testu zehatza zen, bai gobernuaren funtzioei dagokienez, bai haren eskumenei dagokienez. «Onartu zena, baina, oso labur eta azkar idatzitakoa izan zen», Pencheren esanetan. Euzkadiren Berjabetasun Araudia izena du. Azaldu du horregatik dela «behin-behineko» gobernua eta soilik Bizkaian, Arabaren zati batean, eta Eibarren eta Elgetan (Gipuzkoa) izan zuela eskumena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA