ETB1ek 'Akelarre: marearen kontra' emango du gaur gauean

Akelarre musika taldearen ibilbidearen inguruko dokumentala iazko urrian estreinatu zuten, Lekeitioko Euskal Zine Bileran. Telebistan gaur ikusi ahalko da aurrenekoz.

Akelarrek eman zuen azken kontzertua, 2017an. ALEX AMOR
Akelarrek eman zuen azken kontzertua, 2017an. ALEX AMOR
urtzi urkizu
2026ko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belaunaldi batzuetako euskal musikazaleek ondo gogoratuko dituzte 1, 2, 3, 4 ispiluen aurrean, Hotel California, Goizero eta beste hainbat kanta. Akelarre taldearen kantak; Hotel California The Eagles taldearena zen, bai, baina euskarazko bertsioak ere jendea dantzan jartzen zuen plazaz plaza. 1972. urtean sortu zenetik, hain zuzen ere, 33 urteko ibilbide luzea egin zuen Akelarre musika taldeak. Hamabost disko argitaratu zituzten, eta herri askotako jaietan klasiko bilakatu. Taldearen ingurukoak dokumental batean jaso zituzten Carlos Iglesias eta Xabier Zabala zinemagileek iaz. Akelarre: marearen kontra izena du filmak, eta ETB1 kateak emango du gaur, 22:05ean. Telebistan emango duten lehen aldia da.

Dokumental hori iazko urrian estreinatu zuten, Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bileran. Gero, azarotik aurrera, Euskal Herriko hainbat herritan egin zituzten emanaldiak. Modu horretan, Akelarreren zale sutsuek garai bateko istorioak oroitu zituzten, gogoan gordeta eduki dituzten kantak entzutearekin batera.

Artxiboko irudien eta taldeko kideen gaur egungo erretratuen arteko kontrastez beteta dago 85 minutuko lana. Carlos Iglesias zinemagilearen arabera, «ikuspuntu emozional ukaezina» du dokumentalak: «Askok usteko dute filma Akelarreren 33 urteko ibilbidearen bilduma hutsa izango dela. Baina hori baino zerbait gehiago da: hurbileko begirada batetik egindako lan bat». Musika adituen hitzak eta kultur arloko hainbat lagunen elkarrizketa zatiak ere tartekatzen dituzte dokumentalean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA