Euskal Telebistak handitu egingo du gastronomia eskaintza datorren denboraldian. Batetik, ETB1ek Dagoenean Bonbon saioa estreinatuko du bihar, 22:20an. Bertan, Euskal Herriko gozorik esanguratsuenen atzean dauden istorioak emango ditu ezagutzera Armintz Gorrotxategi aurkezleak —gozogile sendi ezagun batekoa da—. «Gutizia eta bidaia zaporetsu bati ekingo dio Gorrotxategik», iragarri du ETBk. Jatekoarekin lotutako saio berri gehiago ere izango dira: ETB2 kateak Pintxo Pote saio gastronomikoa estreinatuko du. Saio horretan, Javi Sierra —beste saio batzuk aurkeztu izan ditu gaztelaniazko katean— Euskal Herriko herrietan barna ibiliko da, ikus-entzuleek pintxo poteak egiteko lekuen zerrenda osa dezaten.
Afari baten bueltan elkartuko dute jendea ETB2ko El Otro Lado de la Mesa saio berrian, baina hori ez da gastronomiari buruzko programa bat izango. Izan ere, saio horretan Xabier Garcia Ramsden kazetaria ariko da aurkezle, eta «esperimentu sozial berritzaile bat» egiten ahaleginduko dira. Gai berari buruz iritzi kontrajarriak dituzten eta elkarren artean ezagutzen ez diren bi pertsona eseriko dira afaltzera. Amagoia Eizagirre psikologoak topaketa bakoitzean sortzen diren dinamikak aztertuko ditu.

Gasteizko FesTVal jaialdiaren testuinguruan egin du gaur ETBk programazio berriaren aurkezpena. Han izan da Anne Igartiburu ere, denboraldi honetan ETB2n Tal para cual saioa aurkeztuko baitu. Saio horretan, bikoteek bateragarriak direla erakutsi behar dute.
Aurkezleetan berrikuntza gehiago izango dira: ETB2ko La Noche de... zinema saioa Sara Gandarak aurkeztuko du, Dani Alvarezen ordez; eta Alvarezek gaueko Teleberri albistegia aurkeztuko du, Juan Carlos Etxeberriaren tokia beteta.
ETB2ko beste berrikuntza bat Asà se escribe un crimen izango da, «Euskadiko kronika beltzari buruzko dokumental saila». Ainhoa de las Heras, David Olabarri eta David Gonzalez kazetariak eta Miriam Duque aurkezlea ariko dira kronika beltz hori egiten.
'Tribuaren berbak' itzuliko da
BERRIAk uztailean azaldu zuen moduan, denboraldi honetako berrikuntza handienetako bat Euskal Herria Hegan saioa izango da. Bederatzi ataletan, Euskal Herria airetik zeharkatuko du dokumental saioak. Miren Gaztañagak jarriko dio ahotsa kontakizunari, eta Fernando Velazquezek sorturiko soinu banda izango du lagun. ETB1en eta ETB2n emango dute. Donostiako Zinemaldian, EITB Galan proiektatuko dute aurreneko atala Belodromoan —gonbidapenak agortuta daude—.

ETB1ek denboraldi honetan beste berrikuntza bat ere izango du, nahiz eta hilabete batzuk barru izango den: Tribuaren berbak programaren itzulera. Euskara izango du erdigunean, «modu eraikitzailean landutako edukiekin». Kike Amonarriz soziolinguistarekin batera, Izaro Arrutik gidatuko du programa. Saioaren lehen etapa 2013tik 2015era izan zen ETB1en; geroago, atal berezi batzuk ere egin zituen Amonarrizek ETB2rako, Reyes Pradosekin.
ETB2 kateak, bestalde, arratsaldeetan magazin berri bat izango du astegunetan: Euskadi Quédate. Odei Esnaolak aurkeztuko du —aurreko denboraldietan Egun on gidatzen aritu da, eta Asier Otegik beteko du haren tokia—. ETB2ko arratsaldeetan aritu ohi zen Leire Torre, eta denboraldi honetan eguerdietan ariko da Xabier Lapitzekin batera En Jake saioan.
Fikzioaren aldeko apustua
ETBk Gasteizko aurkezpenean nabarmendu du datozen asteetan eta hilabeteetan fikzioaren aldeko apustua sendotuko duela. Desagertuta telesaila udaberrian estreinatu zuen Primeran plataformak —datu oso onak eskuratu ditu—, eta hilaren 18tik aurrera ETB1 katean ikusi ahalko da. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektatuko dute Koldo Almandozen Zeru ahoak telesaila, eta hori Primeran plataforman zein ETB1en ikusi ahalko da zine jaialdia amaitu bezain laster. ETB2 kateak, bestalde, beste plataforma batzuek ekoitzitako bi telesail emango ditu denboraldi honetan: Cristobal Balenciaga eta Las Pelotaris 1926.
Aintzat hartu behar da, era berean, uda honetan euskarazko beste bi telesail berri grabatu dituztela: Odol ilargia eta Argi gorriak. Ahaztu gabe gaztetxoei zuzendutako Go!azen-ek eta Irabazi arte-k jarraipena izango dutela. Hamabigarren eta bosgarren denboraldiak grabatu dituzte, hurrenez hurren.

Gastronomia saio berriekin batera, programazioan jarraituko dute Txoriene, Joseba Argiñano Sukalerrian eta A bocados saioek. Datozen asteetan itzuliko dira ETB1eko programaziora Mihiluze, Biba zuek!, 11 Entzuteko, Hitzetik hortzera eta Teknopolis saioak ere. Ez baita dena jatekoa telebistan.
ETB1eko Gaur egun albistegiari dagokionez, astegunetan Xabier Usabiagak aurkeztuko du eguerdikoa, eta Nerea Reparazek gauekoa. Asteburuetan, berriz, Lierni Arrizabalaga ariko da aurkezle lanetan —aurreko denboraldian astegunetako iluntzekoa aurkezten aritu zen—.