ETB1ek eta Primeran-ek 'Popel' dokumentala estreinatuko dute gaur

Oier Plazaren filmak kontatzen du naziek hildakoen errautsak nola jaso zituzten Pragan, ezkutuan. Hori baino gehiago ere bada, memoria historikoa lantzeko xedez. Dokumentalak bide luzea egin du jaialdietan eta aretoetan.

'Popel' dokumentalaren argazki bat. OIER PLAZA
'Popel' dokumentalaren argazki bat. OIER PLAZA
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren Mundu Gerran, Frantisek Suchy arduratu zen Pragako Strasnice errausketa labeaz, eta, semearen laguntzaz, nazismoak hildako 2.000 preso baino gehiagoren errautsak jaso zituen, ezkutuan. Unai Egia Bilboko irakasleak ikerketa bat abiatu zuen pandemia garaian, Enric Moner deportatu katalanari buruzko jakin-minak bultzatuta, eta hari esker jakin zuen Anjel Lekuona gudariaren familiak haien senidearen errautsak Pragako Strasnice errausketa labearen memorialean daudela lurperatuta. Baita Espainiako sei errepublikanorenak ere. Gertaera historiko haiek eta bi ikerketek bat egiten dute Popel-Errautsak Oier Plazaren dokumentalean. Hainbat jaialditan eta aretotan bidea egin ostean, telebistan gaur estreinatuko dute: ETB1ek 22:15ean emango du, eta aurrerantzean Primeran plataforman ere ikusi ahalko da.

«Heriotzarekin lotutako istorio dramatiko eta ilun bat du sakonean. Baina badago ederra den zer edo zer ere, pertsona batzuen memoria berreskuratzeko egin diren ekintza txikiek istorio eder bat osatu baitute», esan zion BERRIAri Plazak azaroaren 7an. «Dokumentala memoria ariketa handi bat da».

Musika Aitor Etxebarriarena da. Kote Camachok sortutako animazioak erabili zituen Plazak. Anton Gandarias —Angel Lekuonaren iloba—, Unai Egia irakaslea eta Espainiako errepublikano batzuen senideak ageri dira hizketan dokumentalean.

Popel dokumentala
Kote Kamachoren animazioak ageri dira 'Popel' dokumentalean. KOTE KAMACHO

Txekiako Errepublikan estreinatu zuten lehenbizi dokumentala, iaz. Donostiako Zinemaldian eman zuten, Zinemira sailean. Eta, ondotik, Miarritzeko (Lapurdi) Fipadoc jaialdian, Parisen, Madrilen, Figueresen (Katalunia), Erresuma Batuan, Grezian, Bordelen (Okzitania), Serbian eta Berlinen eman zuten, besteak beste. Trilobit saria ere eman zioten Txekiako Errepublikan. 

Txekian ondo funtzionatu zuen

Popel lanari urteko dokumentalik onenaren Dias de Cine saria eman zioten urtarrilaren 27an, Madrilen —izen bereko TVEko zinema saioak ematen ditu sariak—. Pessaceko (Frantzia) Historia Filmen Jaialdian Epaimahaiaren Saria jaso zuen. Eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 2025eko Lauaxeta saria ere eskuratu zuen.

«Jaialdietan ibilbide polita egin du filmak. Nazioartean istorio hau ezagutarazteko aukera ere eman digu», dio Plazak. Hala ere, egileak aitortu du Txekiako Errepublikako zinema areto komertzialetan hobeto funtzionatu zuela Euskal Herriko aretoetan baino.

Dokumentalean ageri diren protagonistek, bizirik direnek, elkar aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dutela nabarmendu du Plazak. «Oso modu berezian bizi izan dute filmaren inguruko guztia. Biktimen senitartekoei dagokienez, dokumentalak are gehiago laguntzen du modu bidegabean hildako haien memorian duintasuna ematen».

Filma telebistaz ere ikusi ahalko delako «pozik» da Plaza. «Beste urrats bat da desagerrarazi nahi zituzten biktimen historia ezagutarazteko».

Popel hitzak errautsa esan nahi du txekieraz. Hortik dokumentalaren izenburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA