2024ko azaroan, Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztu zuten Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zinemagileek Itoiz. Udako sesioak film dokumentala. Zinema aretoetara iritsi zen gero, 2025eko urtarrilean. Eta berriki Primeran plataformara iritsi da, Itoiz fenomenoa dokumental sortarekin batera. Gaur, berriz, aurreneko aldiz ikusi ahalko da telebista konbentzionalean: ETB1ek 22:30ean emango du.
Zuri Goikoetxearen arabera, lan historiko bat egin beharrean, «bidaia katartiko bat» proposatzen da filmean. Zinta zahar batzuk dira horretarako aitzakia. Haien bidez, taldearen hasieraz, bilakaeraz eta agurraz hitz egin dute dokumentalean, bai eta Juan Carlos Perez musikariaren unibertso sortzaileaz ere. Ainhoa Andrakak Zinebin dokumentala aurkeztu aurretik hala esan zion BERRIAri: «Taldeko kideekin lehenago egindako elkarrizketetan ohartu ginen aurrez ezarritako erantzun asko eman zituztela, baina elkarrizketak jolas modura planteatuta, inork espero ez zuen lekuetara iritsi ziren».
Musikariak gazte zireneko garaiak filmatu zituzten aktore batzuekin. «Pasarte horiek ez dira birsorkuntzak, baizik eta oroitzapenen filmazioak», dio Goikoetxeak. Taldeak Indar Trabes izena zueneko garaiak gogoratzen dituzte modu horretan.
Ezustekorik ere bada dokumentalean. Perezek berak proposatuta, Itoiz taldeko kide izandakoek Alkolea diskoko (1982)Â Lanbrora kanta jotzen dute elkarrekin, Urdulizko Tio Pete estudioan (Bizkaia).
Â