ETB1 kateak programazio berria jarri du abian irailean. Eta beste urte batzuetan gertatu izan den moduan, abuztutik irailera bere batez besteko ikusle kuota nabarmen jaitsi da. Euskarazko kateak %2,8ko kuota izan zuen abuztuan EAEn, eta horretan eragina izan zuten kirol emanaldiek, jaietako suek eta beste saio batzuek. Irailean, aldiz, %2,1eko ikusle kuota izan du ETB1ek. Kirol emanaldi batzuk ere eman dituzte irailean, baina %25 jaitsi da katearen batez besteko kuota.
Iaz, antzeko beherakada izan zuen ETB1ek: %2,4tik %1,8ra, abuztutik irailera. Hortaz, %25eko jaitsiera orduko hartan ere.
Irailean, ETB2 kateak %8,5eko ikusle kuota lortu du. Iaz datu dezente kaskarragoa izan zuen hilabete berean: %7,7koa.
ETB1 On kateak —martxoaren 18aren aurretik ETB3 katea zen— %0,1eko ikusle kuota izan du irailean. ETB4 ordezkatu duen ETB2 On kanalak, berriz, %0,6ko batez besteko kuota izan du irailean.Â
ETB2ko albistegiek ikusle datu onak izan dituzte: %20,5eko batez besteko kuota. Katalunian, katalanezko TV3 kateko albistegiak dira lider: %23,5eko kuota. Galizian, galegozko TVG katekoek %12,7ko kuota dute.
Hego Euskal Herrian La1 da ikusle gehien dituen telebista katea, eta bigarren tokian da Antena3. EAEn, ETB2 hirugarren tokian da; Nafarroan, berriz, Tele5 da gehien ikusten denen artean hirugarrena.Â