Abuztutik irailera, ETB1en audientzia %25 jaitsi da; ETB2rena, %12,5

Euskarazko kateak %1,8ko ikusle kuota izan du irailean. Gaztelaniazkoak, berriz, %7,7koa. ETB3k %0,1eko kuota bereganatu du.

ETBren 2025-2026ko programazio berriaren aurkezpena, Gasteizen, irailaren 2an. FESTVAL
ETBren 2025-2026ko programazio berriaren aurkezpena, Gasteizen, irailaren 2an. FESTVAL
urtzi urkizu
2025eko urriaren 2a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abuztuan ikusle datu onak izan zituzten ETBko kateek: ETB1ek %2,4ko ikusle kuota lortu zuen EAEn; eta ETB2k, %8,8koa. Baina irailean gainbehera iritsi da, eta nabarmen egin dute behera bi kateek. Euskarazko kate publikoak %25 egin du behera azkeneko hilabetean, eta %1,8ko batez besteko kuota izan du. Eta ETB2k ere nabarmen egin du behera: 1,1 puntu galdu ditu, eta %7,7ko kuota izan du. Horri gehitu behar zaio ETB3 haurrentzako kanalaren datu eskasa: %0,1eko ikusle kuota. ETB4k %1eko ikusle kuota izan du.

EAEn, La1 katea izan da liderra irailean. Alde handiz, gainera: %13,2ko ikusle kuota lortu du. Urrun gelditu dira Tele5 (%8,9) eta Antena3 (%8,3). Laugarren tokian gelditu da ETB2, eta La Sexta gertu samar izan du. Izan ere, %7,2ko ikusle kuota lortu du La Sextak, ETB2k baino puntu erdi txikiagoa. Nafarroan ere La1 da gehien ikusi den katea, baina bigarren tokian Antena3 da, eta hirugarrenean, Tele5.

ETB1en, kirol emanaldiek eusten diete ikusle datuei. Udan ere hala izan zen, baita irailaren hasieran ere: iraileko lehen bi igandeetan, Kontxako Banderak datu oso onak lortu zituen. Baina, ikasturtea hastearekin batera, beste kate batzuek apustu sendoak aurkeztu dituzte, eta ETB1en ikusle kopuruak nabarmen egin du behera. Horren erakusgarri, asteartean, iraileko azkeneko egunean, ETB1ek %1eko ikusle kuota izan zuen; sukaldaritza programek izan zituzten daturik onenak: Txoriene eta Joseba Argiñano Sukalerrian saioek. Zeru ahoak telesaila estreinatu zuen ETB1ek joan den igandean, eta %2,9ko ikusle kuota lortu zuen, katearen batezbestekotik nabarmen gora.

ETB2 kateak egin ditu apustu berri batzuk; tartean, El otro lado de la mesa. Eta Anne Igartiburu Tal para cual saioa aurkezten ari da. Baina abuztutik irailera, asko jaitsi da gaztelaniazko kate publikoaren ikusle kuota. Teleberri albistegiak ematen dizkio kateari daturik onenak: irailean %19,4ko kuota izan du.

TV3, indartsu

Katalunian, berriz, katalanezko TV3 da nagusi: %14,6ko ikusle kuota lortu du irailean. TV3eko albistegiek %24,2ko kuota dute.

Galizian, TVGk %9ko ikusle kuota lortu du. Balear uharteetan, IB3k %4,5ekoa; eta Valentzian, A Punt kateak %3,2koa.

TV3en, Euskal Herriko dokumental bat estreinatu zuten astearte gauean: Indarkeriaren Oi(h)artzunak. ETBk ez du eman oraindik, eskubideak badituen arren. Film horren emanaldiak %11,3ko ikusle kuota izan zuen: ordu berean EAEn ETB1ek eta ETB2k batera izan zuten kuota halako bi.

Telebista kontsumoaren datuetan bada nabarmentzeko konturik: Nafarroan, telebista konbentzionalaren kontsumoak %12 egin du behera iazko irailetik aurtengora. Egun, Nafarroako herritar bakoitzak 123 minutu pasatzen ditu egunean telebista konbentzionalaren aurrean. Datu hori askoz handiagoa zen duela urte batzuk. EAEn, herritar bakoitzak egunean 163 minutu pasatzen ditu telebista konbentzionaleko kateei begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.