Primeran, Makusi, Orain, Guau eta ETB On. Bost plataforma bi urtean. 2023ko irailean jarri zuen abian EITBk Primeran. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak orduko hartan zera esan zuen: «EITBrentzat euskara estrategiaren erdigunean dago». Euskarazko edukiekin abiatu zen Primeran. Haurrentzako Makusi plataforma heldu zen gero, eta bertan euskaraz dira edukiak. Aldiz, elebidunak dira Orain, Guau eta ETB On: euskarazko eta gaztelaniazko edukiak dituzte. Primeran-en ere eduki batzuk gaztelaniaz jarri dituzte azkenaldian.
EITBk Primeran sortu zuenean, eremu hori euskaraz landu nahi zuela iragarri zuen. Apustua elebiduna bihurtu da gero. Plataformen 2025eko kontsumo orduak begiratuz gero, parez pare daude bi hizkuntzak: 20.615 ordu euskaraz, eta 20.249 ordu gaztelaniaz. Lanen kopuruari dagokionez, euskarazkoak gehiago dira gaztelaniazkoak baino. ETB On plataforma jaioberrian, gaztelaniazko edukiek ikustaldi eta kontsumo ordu gehiago dituzte euskarazkoek baino.
Primeran eta Makusi plataformetako kontsumoan, bestalde, joera batzuk sumatzen dira EITBren Audientzia Saileko 2025eko txostenean. Primeran da profil erregistratu gehien duen plataforma: 194.000. Merkatuan denbora gehien daraman zerbitzua ere bada. Makusik 80.000 profil erregistratu ditu. Baina erreprodukzio orduak 2025ean gehiago izan ziren Makusin Primeran-en baino: Makusin 1,4 milioi ordu; eta Primeran-en, 0,7 milioi.
'Desagertuta'-k ikusleak kateatu zituen
2025eko Primeran plataformaren datuak xehe-xehe begiratuz gero, nabari da kontsumitzaile erregistratuen eta erreprodukzio orduen datuek gorakada handia izan zutela udaberrian; hain justu, Desagertuta telesaila estreinatu zutenean —fikzio hori euskaraz ematen zuten astez aste Primeran-en, astelehenetan; eta Netflixen, gaztelaniaz, asteazkenetan—. Urte osoko erreprodukzio orduei erreparatuta, Desagertuta ageri da lehen tokian: 112.300 ordu. Bigarren tokian Go!azen dago: 92.800 ordu. Eta hirugarrenean, Irabazi arte: 69.700. Hiru telesail horiek alde handiz gailentzen zaizkie beste saioei. Laugarren eta bosgarren tokian animaziozko bi saio daude: Dragoi Bola eta One Piece. Eta seigarrenean, Zeru ahoak lau ataleko telesaila ageri da. Horren ondotik daude zerrendan Intimitatean elkarrizketa saioa eta Krimenak. Gure kronika beltza erreportaje saioa. Wazemank umore saioa zerrendako 22. tokian dago.
Haur eta gaztetxoentzako Makusi plataformari dagokionez, Go!azen telesaila da alde handiz 2025ean erreprodukzio ordu gehien izan duena: 291.300. Bigarren tokian Irabazi arte dago: 174.300 ordu. Kontsumo ordu askorekin ageri da hirugarren tokian Txakur-patruila marrazki bizidunetako saioa: 153.000 ordu. Ondotik, errenkadan doaz Dragoi bola, Doraemon, One Piece, Pippi Kaltzaluze eta Dora esploratzailea. Potx eta Lotx pailazoen saioa zerrendako bederatzigarren tokian da, 29.400 erreprodukzio ordurekin. Aintzat hartu beharrekoa da, bestalde, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezin direla edukien %73 ikusi. Hego Euskal Herrian, bestalde, kontsumitzaile erregistratuen kopuruak nabarmen egin du gora 2025eko azkeneko bi hilabeteetan. Aipatzekoa da baita ere milaka haurrek parte hartu zutela iaz Makusik antolatutako ekitaldietan.
Interneteko sare sozialei dagokienez, Makusin Instagram gailentzen da, Tiktoken aurretik. Gauza bera gertatzen da Primeran-en sare sozialetako profilekin.
EITB taldeko Primeran, Makusi, Guau eta ETB On plataformako datuak batuz gero, 336.000 profil erregistratuta zeuden 2025. urtearen amaieran. Kontsumitzaileak orotara 900.000 baino gehiago dira. Euskarazko erreprodukzio orduak hiru milioi izan ziren iaz. Gaztelaniazko orduek, bestalde, datozen hilabeteetan gorantz egingo dutela espero daiteke, ETB On plataforman kanal propioa baitute El Conquistador eta Vaya semanita saioek.