Euskarazko klasikoak zaharberritzen

Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok zuzendutako 'Itzalak argitzen' dokumentala Primeran plataforman estreinatu dute. 1980ko hamarkadako euskarazko lau film zaharberritzeko prozesua kontatu dute bertan.

Xabier Elorriaga, 'Itzalak argitzen' dokumentalaren irudi batean. ETB
Xabier Elorriaga, 'Itzalak argitzen' dokumentalaren irudi batean. ETB
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 16a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Uau!», harriduraz, begiak zabal-zabalik ditu Arantxa Urretabizkaia idazleak, Xabier Elorriagaren alboan. Zergatik panpox filma zaharberrituta nola gelditu den ari dira ikusten Bolognako (Italia) L'immagine Ritrovana laborategiko areto batean. Negatibo zaharraren koloreen ondoan, zaharberritutako filmaren koloreek alde nabarmena baitute. Urretabizkaiak idatzi zuen izen bereko eleberria, eta Elorriagak zuzendu —zuzendaritzan ez zuen esperientziarik—. Anjel Lertxundik ere film bat zuzentzeko erronkari heldu zion 1985ean, Hamaseigarrenean aidanez bere eleberriaren zinemako egokitzapena, «filma zuzendu behar zuenak huts egin zuelako». Urte berean zuzendu zuen Alfonso Ungria zinemagileak Ehun metro —Ramon Saizarbitoriaren 1976ko eleberrian oinarrituz—. Eta 1976an, Jose Julian Bakedanok Oraingoz izen gabe zuzendu zuen, Bernardo Atxagaren gidoi bati segika —bizkaieraz filmatu zuten—.

Elorriaga, Lertxundi, Ungria eta Bakedano dira Itzalak argitzen dokumentaleko protagonistak. Euskarazko film haiek nola zaharberritu dituzten kontatzen du dokumentalak. Baina ez hori bakarrik: 1980ko hamarkadan film haiek grabatu zituzten tokietan ere ageri dira zinemagileak, ordukoak gogoratuz. Joan den astean dokumentalaren hiru emanaldi egin zituzten, eta EITBren Primeran plataforman ikus daiteke jada. Doako plataforma berean ikus daitezke baita ere Zergatik panpox, Hamaseigarrenean aidanez, Ehun metro eta Oraingoz izen gabe.

Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok zuzendu dute Itzalak argitzen. Gidoia ere haiena da, eta Berde Produkzioak ekoiztetxeak ondu du ekoizpena EITBrentzat. Lau zinemagileez gain, Urretabizkaia ageri da hizketan. Baita Arantxa Renteria aktorea ere, hura izan baitzen Zergatik panpox filmeko aktore protagonista 1985ean. Bolognako laborategian filmatu zituzten Almandozek eta Bilbaok, iaz; emozioz bizi dute denek filmen zaharberritzea, laborategiko teknikari italiarrekin. «Ez dakit asko ikasi dudan, baina mundu bat deskubritu dut», dio Lertxundik. Irudia ez ezik, soinua zaharberritzeko prozesua ageri da dokumentalean.

Itzalak argitzen dokumentala
Bolognako L'Imagine Ritrovanako langile bat, 'Itzalak argitzen' dokumentalaren irudi batean.

Era berean, Euskadiko Filmategiak egiten duen lana ere ageri da dokumentalaren lehen minutuetan, Joxan Fernandez zuzendariaren ahotik.

'Kult Zinea' saioko solasaldia

Euskadiko Filmategia eta EITB izan dira klasiko horien zaharberritze proiektuaren bultzatzaileak —Eusko Jaurlaritzak finantzatu zuen, 80.000 euroko aurrekontuarekin—. Primeran plataformaren Kult Zinea saioan, bestalde, dokumentalaren nondik norakoak azaldu dituzte Almandozek eta Bilbaok, Euskadiko Filmategiko kontserbazio departamenduko buru Ion Lopezekin batera. Felix Arkarazo aktoreak ere parte hartu du solasaldian —Bakedanoren Oraingoz izen gabe filmean protagonista izan zen, Iro Landaluzerekin batera—. Lopezek azaldu duenez, Ehun metro-ren negatiboa Euskadiko Filmategian zegoen, baina beste hiru klasikoen negatiboak Espainiako Filmategian zeuden, eta eskaera egin zuten haiek berreskuratzeko. 

Kult Zinea saioan Itzalak argitzen dokumentalaz
Koldo Almandoz, Gorka Bilbao, Ion Lopez eta Felix Arkarazo, Primeran plataformako 'Kult Zinea' saioan. BEGIRA PRODUKZIOAK

Dokumentalean eta Primeran-eko mahai inguruan kontatzen da, halaber, Eusko Jaurlaritzak apustu egin zuela momentu jakin hartan euskarazko film batzuk egiteko, eta, horretarako, Madrildik Euskal Herrira hainbat teknikari ekarri zituztela. Era berean, filmak egiteko prozesuan Euskal Herriko langileak zineman trebatzea zen asmoa.  

Almandozek dokumentala «western krepuskular» bat dela dio solasaldian: «Lau cowboy dira beren filmekin Bolognara doazenak». 

'ANDER ETA YUL' (1988) zaharberrituko dute

Montxo Armendariz zinemagilearen Tasio (1984) filmarekin ekin zien Euskadiko Filmategiak Euskal Herriko lan klasikoen zaharberritze lanei. Hura ere Bolognako (Italia) L’Immagine Ritrovata laborategian zaharberritu zuten, eta Cannesko zinema jaialdian eman zuten duela bi urte. Ehun metro, Hamaseigarrenean aidanez, Zergatik panpox eta Oraingoz izen gabe zaharberritu zituzten iaz. Bihar goizean, berriz, Ana Diez zinemagilearen Ander eta Yul filmaren (1988) zaharberritzea aurkeztuko dute, Donostian. Diez bera aurkezpenean izango da, Euskadiko Filmategiko, Donostiako Zinemaldiko, EITBko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA