«Euskal zinema, telesail eta ikus-entzunezko ekosistemari eskainitako saio berria da». Modu horretan aurkeztu du EITBk KULT_zinema saioa; Primeran doako plataforma digitalean estreinatu dute, eta aurkezle lanak Amaia Artetxe Atela EITBko kazetariak beteko ditu. Mahai inguru formatuan, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen egoera, erronkak eta sorkuntza prozesuak izango dira ardatz. Sektore horretako zinemagileak, gidoilariak, ekoizleak, aktoreak, teknikariak eta bestelako eragileetako ordezkariak gonbidatuko dituzte saiora.
Begira Produkzioak arduratuko da saioa ekoizteaz. Ane Rotaetxe Torrontegi da zuzendaria; Naia Arantzamendi, gidoilaria; eta Larraitz Zuazo, ekoizle eragilea. Zirriborro taldearena da errealizazioa. Rotaetxek KULT_zinema-ren xedea definitu du: «Zinema taldean egiten den artea izanik, artea egiten duten horien lana erakustea eta ikus-entzuleengana ailegatzea dugu helburu». Amaia Artetxe aurkezlearen lana nabarmendu du, bestalde, Rotaetxek: «Altxorra da Artetxe gurekin izatea, haren jarduna ezinbestekoa baita saioaren gidaritzan. Gaia ondo baino hobeto menperatzen du, eta esperientzia izugarria du solaskideekin aritzen; hortaz, erosotasuna transmititzen du eta egonkortasuna ematen du».
Artetxek ilusioz ekin dio saioa aurkezteari: «KULT_zinema aurkezteak profesionalki ekarri didan erronka handia bada ere, bereziki sektoreari diodan errespetuagatik, handiagoa da eskaintzen didan aukera. Hain zuzen ere, aukera Euskal Herrian dauzkagun zinemagileen eta sortzaileen ahotsa zuzenean jaso eta interesa duen ikus-entzuleari bere horretan emateko. Eta hori emateko, prozesatu gabe, protagonistek beraiek bizitako eta azaldutako prezio berean». Aukera baliatzeko prest da. «Ez baitzait okurritzen alor bat sakon ezagutzeko modu hoberik». Garrantzitsutzat jo du telebista publikoan Euskal Herriko zinemari leku propio bat eskaini ahal izatea. «Zinemaz, lasai, patxadaz, baita sakon ere hitz egiteko gune zabala». Lehen atalak 53 minutu irauten du.   Â
Aurreneko atalean, 'Maspalomas'
Saio berriko lehen denboraldiak zortzi atal izango ditu. Atzo sareratu zuten aurrenekoa, eta bertan, Maspalomas euskarazko filmaren inguruan aritu ziren Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zinemagileak eta Zorion Egileor eta Kandido Uranga aktoreak —saioan bertan Urangak aitortu du ez dela elkarrizketa zalea, baina Amaia Jimenez Larreak BERRIAn elkarrizketa luzea egin zion otsailaren 14an—. Jose Ramon Soroiz aktore protagonistari makina bat sari eman dizkiote lan horregatik. Oraindik bidea egiteko du pelikulak; izan ere, Moriartiko zinemagileek iragarri dute ekainaren 24an estreinatuko dutela pelikula Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Frantziako zinema areto komertzialetan. Primeran plataforman ikus daiteke Maspalomas, baina Hego Euskal Herrian soilik; izan ere, Iparraldean aretoetako bidea egin eta bolada batera ikusi ahalko da EITBren plataforma horretan.
KULT_zinema saio berrian, lehentasuna izango dute EITBren parte hartzea duten edo talde bereko plataformetan dauden ekoizpenek, «euskarazko ikus-entzunezko paisaia propioa indartzeko helburuarekin». Hurrengo asteetan, Piztiak telesaila, Jone, batzuetan filma, Popel-errautsak dokumentala, Tamara ta Mara telesaila, Aro berria filma eta Itzalak argitzen dokumentala aztertuko dituzte. Iragarri dutenez, era berean, Euskadiko Filmategiko eta Zinegoak jaialdiko ordezkariek parte hartuko dute programan.
Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak saio berria sortu izanaren garrantzia nabarmendu du: «EITBrentzat estrategikoa da euskarazko zinema eta atalkako fikzio lanaren alde lan egiten jarraitzea. Kasu honetan, euskal zinema sustatzen jarraitzeko proposamen honekin, gure sortzaileei hitza ematea garrantzitsua da. Balio erantsiko edukia eskaintzea izan da gure helburu nagusia».
Guau audio plataforman, berriz, bada euskal zinemari eskainitako bideopodcast bat: Klaketa. Gaizka Izagirre BERRIAko kolaboratzaileak aurkezten du. Bigarren denboraldian da oraintxe bertan.