Ibon Gaztañazpi. ETBko aurkezlea

«Ez dugu fribolizatu nahi; hau ezin du edonork egin»

ETB1ek 'Gailurra Xtreme' saioa estreinatuko du gaur, 22:25ean. Irati Anda eta Ibon Gaztañazpi proba gogorretan jarriko dituzte. Lehena, Zegama-Aizkorri mendi maratoia.

EITB.
urtzi urkizu
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Arraunlaria izandakoa da Ibon Gaztañazpi (Orio, Gipuzkoa, 1977). Obran lanean ibilitakoa, zuzenbidea ikasten, AEKn irakasle, eta komunikazioa ikasten gero. Azkeneko urteetan, ETB1eko makina bat saio aurkeztu ditu: Herri people, Zuek hor!, Auzolan... Kirol emanaldietan ere jardun du, eta, orain, kirola egiten jarri dute Gailurra Xtreme saioan.

Gaur estreinatuko du ETB1ek Gailurra Xtreme. Nola iritsi zara proiektu horretara?

Ikusleek jakingo duten bezala, lehendik Gailurra zegoen, Andoni Aizpururekin eta Irati Andarekin. Gailurra horri buelta erdi bat edo buelta eta erdi eman nahi zioten, eta, xtreme abizena jartzearekinbatera, mendiko beste jarduera batzuk jaso nahi dituzte. Zenbaitetan, korrika ariko gara; bestetan, orientazio probak izango dira, bizirik irautearekin zerbait egongo da. Egun modan dauden mendi lasterketak egongo dira tartean. Kilometro bertikalak eta ultratrailak ere bai. Saiokoek erabaki zuten niri deitzea, eta beti gustura laneko proposamenekin.

Zegama-Aizkorri proba egingo duzue gaur, lehen atalean, Irati Andak eta zuk.

Bai, eta arazoa da oso denbora gutxi izan dudala prestatzeko. Arrauna utzi nuenetik kirola egiten dut, baina suabeago. Probaren kontuak eskatu dit denbora gutxian sasoian jartzea, elikadura zaintzea... Bestalde, errespetu guztiarekin esan nahi dut horrelako probak ez zaizkidala oso erakargarriak egiten, gorputza gehiegi behartzea dela. Erreparoa banuen, baina azkenean gustura bukatu nuen. Probetan arituak diren euskaldunak izan ditugu lagun, eta primeran portatu dira lagun horiek guztiak.

Grabaketak ez dira errazak izango, ezta?

Kamerek gurekin etorri behar dute. Askotan, kameren zain egon behar dugu, eta niri hori gogorra egiten zait. Gure sentsazioak kontatuz joaten gara.

Hurrengo bi atalak nolakoak izango dira?

Bigarrena Gorbea inguruan grabatutakoa izango da, Itxina pagadi zabalean. Arratsalde batean utzi gintuzten han, begiak itxita eta galduta. Hortik ea ateratzen ginen zen proba. Iluntze elurtua izan zen, gainera. Hirugarren atala Uharte-Arakilgo (Nafarroa) kilometro bertikala izan zen, motza eta intentsua, baina asko disfrutatu nuen horretan.

Asteburu honetan ere baduzue proba gogor bat. Nola ikusten duzu zeure burua?

Basque Ultra Trail zirkuituko lau proba egingo dira aurten, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotuz. Aurrenekoa asteburu honetan izango da, Bilbo eta Gasteiz artean, 110 kilometrokoa. Hori egingo dugu asteburu honetan, eta kaka eginda nago. Kilometro asko dira.

Sei atal izango dira, oraingoz.Badakizu zer egingo duzuen azkeneko bi ataletan?

Ez, oraingoz ez. Uste dut ezustekoak egongo direla. Ez didate ezer esan nahi.

Irati Andak zer dio saioko probez?

Gogorra dela dio. Mediku kontrolekin gabiltza, eta dakitenek aholkatuta. Ez dugu fribolizatu nahi; mendi maratoi bat ezin du edonork egin.

Irudi aldetik, nolako apustua egingo du saioak?

Ahalegin berezi bat dago hor, kamera gehiago sartzen direlako. Droneekin daude kamera batzuk. Osmo izeneko kamera batzuekin ere ari dira grabatzen, eta irudia zaindua dago. Azken produktua ikusteko zain nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.