'Garaikoetxea, eraiki gabeko herrialdea' dokumentala, ETB On plataforman ikusgai

Dokumentalean hizketan ageri dira Garaikoetxea bera, Pedro Luis Uriarte, Pedro Migel Etxenike eta Angel Larrañaga sailburu ohiak, baita lehendakaria ezagutu zuten hainbat kazetari eta politikari ere.

Carlos Garaikoetxeari buruzko dokumentala. ETB
Carlos Garaikoetxeari buruzko dokumentala. ETB
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Komunikabideetan tarte zabala betetzen ari da Carlos Garaikoetxea egunotan, astelehenean haren heriotzaren berri jakin zenetik bertatik. Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria izan zen frankismoaren ondoren, eta haren arrastoa ez da nolanahikoa. ETB1 eta ETB2 kateetan Garaikoetxea, eraiki gabeko herrialdea dokumentala eman zuten herenegun eta atzo, eta aurrerantzean noiznahi ikusi ahalko da Interneteko ETB On plataforman.

Bi hizkuntzatan egindako lan bat da, 2023koa —euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ditu—. Garaikoetxea zena ageri da hizketan, 1970eko hamarkadaren amaierako eta 1980ko hamarkadako lehen urteetako gorabeherak gogoratzen. Dena egiteko zegoenean Eusko Jaurlaritza Gasteizen nola eraiki zuten kontatzen du. Haren lehen gobernuko sailburu izan zirenetako batzuk ere ageri dira dokumentalean, urte haiek gogoratzen: Pedro Luis Uriarte Euskal Ekonomia Itunaren negoziatzailea, Pedro Migel Etxenike Hezkuntza eta Kulturako arduradun eta gobernuaren bozeramailea, eta Angel Larrañaga Osasun sailburua.

Elixabete Garmendiak ondo ezagutu zuen Garaikoetxea —harena da Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari liburua—, eta dokumentalean detaile ugari ematen ditu haren bizitzaz eta ibilbide politikoaz. Charo Zarzalejos ere ageri da lanean. Baita Patxi Zabaleta eta Uxue Barkos Nafarroako politikariak ere. Emilio Gebara Arabako diputatu nagusia da elkarrizketatuetako beste bat. Jose Ramon Belokik ere hainbat pasarte gogoratzen ditu —Jaurlaritzako komunikazio arduraduna izan zen Garaikoetxea lehendakari izan zen lehen urteetan—.

Ainhoa Urigoitiak zuzendu zuen dokumentala. New Digital Media ekoiztetxearen lan bat da.

Agur ekitaldia ETB1en

ETB1ek Garaikoetxeari gaur Ajuriaenean egingo zaion agur ekitaldia emango du, 09:55ean hasita. Euskal Telebistak zuzeneko emanaldia egingo du Gasteizko hil kaperatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA