ETB

Gure Zirkua barrutik erakutsiko du ETBk

ETBk 'Gure Zirkua' estreinatuko du urtarrilean; lau atal izango ditu. Sua Enparantza zirkuaren atzean dagoena deskubrituz joango da.

ETB1eko 'Gure Zirkua' saioa
Gure Zirkuaren taldea, ETBren saioan. ETB
urtzi urkizu
Tolosa
2023ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Zuhaitz Gurrutxaga Gure Zirkuko karpatik irten da, Iker Galartzarekin antzezlan baterako entseatzen ari baita. Joseba Usabiaga batera eta bestera dabil. Zirkukoak emanaldi berezietarako sarrerak nola doazen aipatzen ari dira. Esperientzia ahaztezina da Gure Zirkuaren ikuskizun bat bertatik bertara ikustea. ETB1ek, berriz, Gure Zirkuaren atzean dagoena erakutsiko du: urtarrilean estreinatuko dute lau ataleko programa. Sua Enparantza aktore eta dantzaria joango da saiora zirkua nolakoa den ikustera, eta haren begietatik iritsiko da magia hori etxeko ikus-entzuleengana.

Orio Produkzioak ekoiztetxeak egin du Gure Zirkua saioa. Irati Sarasua da zuzendaria. Gidoilari lanetan, berriz, Aitzol Barandiaran aritu da, eta zuzendariordea Luis Oiartzabal da —Herri txiki, infernu handi programako zuzendaria—.

ETB1eko 'Gure Zirkua' saioa
ETB1eko 'Gure Zirkua' saioa. ETB

Iker Galartza Gure Zirkuaren sortzaile eta arduradunak kontatu duenez, ETBren ideia izan zen programa bat egitea. «Duela bi urte telebistatik esan ziguten polita izango zela erreportaje bat egitea Gure Zirkuaren inguruan. Guk ETBri esan genion nahiago genuela gauzak egonkortu arte nahiago itxaron. Ez genuen nobedade bat izan nahi, besterik gabe». Aurten, berriro joan zitzaizkien ETBkoak eskaera berarekin. «Taldea egonkortuta dago orain, eta aurrera egin genuen. Pentsatu genuen zirkuaren atzealdea ezagutarazteko modu bat izan zitekeela saioa». Jendearen galderei erantzuteko modua izan daiteke programa, Galartzaren aburuz. «Eta oso eskertuta nago, gauzak erraztu egin dizkigute eta».

ETB Orio Produkzioak ekoiztetxearekin jarri zen harremanetan saioa egiteko. Irati Sarasua saioko zuzendaria maiatzean hasi zen Gure Zirkuko artistengana hurbiltzen. «Inbaditu gabe, haien egunerokoa ezagutuz joan ginen». Gero, abuztuan joan ziren kamerekin grabatzera. Lehen atala Orion (Gipuzkoa) girotuta dago —Gure Zirkuak han ematen du abuztua—; bigarrenak desmuntatzeko lana nola egiten duten erakutsiko du, eta nola joan ziren handik Arbizura (Nafarroa); hirugarrena Arbizun bertan dago girotua; eta laugarrena eta azkena, Tafallan (Nafarroa). «Gure Zirkuaren atzealdea ikusten da, eta Sua Enparantzaren ibilbidea. Saio bakoitzean zirkuko bi edo hiru protagonista daude. Eta protagonisten emanaldia ere ikusten da», iragarri du Sarasuak.

Sua Enparantza 'Gure Zirkua' ETBko saioan
Sua Enparantza, 'Gure Zirkua' ETBko saioan. ETB

Programako zuzendariak aipatu duenez, Enparantzarenak izango dira zirkuaren begi berriak. «Lehen aldian zirkura joan eta harritzen gintuen hori haren begietan ikusiko du ikus-entzuleak». Galartzak hori bera azpimarratu du: «Publikoaren begiak izango dira Suarenak. Askotan telebistan gauzak presaka egiten dira, baina, kasu honetan, ondo egin dira». Batekin eta bestearekin hitz eginez joan dira, eta gero planteatu dute gauzak nola egin. «Kamera bati gauzak azaldu beharrean, errazagoa izan da hori Enparantzari kontatzea». Aktorea, gainera, zirkuko beste artista batzuek egiten dituzten diziplinetan saiakerak egiten jarri dute. Sarasuak nabarmendu du, adibidez, Ekain Ibarguren hainbat pilotarekin malabarak egiten ikustean nabari dela horren atzean «sekulako lana» dagoela. «Diziplina guztientzat behar dena azalduko da saioan».

Primeran-en ere ikusiko da

Programako zuzendariak adierazi du lantaldeak «ilusio handia» jarri duela proiektuan. «Astean astekoa egitera ohituta gaude, baina lantaldean asko eman dugu guretik, eta azken emaitzan nabarituko da hori».

Galartza gustura dago telebista saioa egiteko ekoiztetxeak erabili duen prozedurarekin. «Kamerak etorri dira, eguna eta gaua pasatu dute gurekin, gurekin bazkaldu dute... Horrek gerturatu egin gaitu, harremana estutu egin da. Eta garrantzitsua izan da hori». Oholtzara ateratzen ez diren zirkuko beste langileak ere agertuko dira saioan, eta haien lana nabarmendu dute Galartzak eta Sarasuak.

ETBko emanaldiaren ostean, Primeran plataforman edozein unetan ikusi ahalko dira programako atalak. Galartzaren arabera, jendeak saioan ikusiko du badaudela beste ogibide batzuk, eta zirkua hor dagoela. «Gure jendea ere badela ikusiko dute, eta denetik dagoela». Esaterako, Osakidetzako lana utzi duen erizain bat dute taldean, trapezista: Lander Briones.

ETB1 kateko 'Gurte Zirkua' saioa
ETB1 kateko 'Gure Zirkua' saioa. ETB

Galarzak eskerrak eman dizkie Orio ekoiztetxeari eta ETBri, lan egiteko moduagatik. «Garen modukoak izaten utzi digute, eta horrela azalduko gara pantailan. Dena oso egiazkoa eta naturala da saioan. Interesa piztu dezake, eta gaztetxoei erakutsiko diegu badaudela beste gauza batzuk».

Sei urtean, Gure Zirkua Euskal Herriko 57 herritan ibili da ikuskizunak egiten. 210.000 ikusle baino gehiago izan dituzte. ETBko saioak erakutsiko du lanbide bat baino gehiago dela zirkuarena: bizitzeko modu bat. Igande gauetan emango du saioa ETB1ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.