Itziar Ituño euskarazko telesail berri batean

Alberto Gastesi zinemagilea ari da 'Argi gorria' telesaila zuzentzen. Zortzi atal izango ditu, bakoitza 30 minutukoa. Umorea, intriga eta drama familiarra uztartuko ditu.

Itziar Ituño aktorea, 'Argi gorriak' telesailean. ALEJANDRA DONAT
Itziar Ituño aktorea, 'Argi gorriak' telesailean. ALEJANDRA DONAT
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Thriller kutsuko komedia familiar garratz bat». Modu horretan definitu dute Vidania Films ekoiztetxekoek Argi gorriak euskarazko telesail berria. Zortzi atal izango ditu, bakoitza 30 minutukoa. Bertan, euskal familia «disfuntzional» batek aita desagertuaren itzuleraren misterioa argitu beharko du. «Kaosak, zinismoak eta gizatasun sakonak markatutako pertsonaiak daude familia horretan».

EITBk produkzioan parte hartu du, baina ez dute argitu telesaila Primeran plataforman ala ETB1en estreinatuko duten.

Gidoiak Alex Merinok, Alberto Gastesik eta Alejandra Arrospidek idatzi dituzte —Merinorena da istorio originala—. Arrospide da produktore eragilea. Zuzendari lanetan, berriz, Gastesi zinemagilea ari da —Gelditasuna ekaitzean eta Singular film luzeak bereak dira—. Grabaketek zortzi aste iraungo dute, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Itziar Ituño Basauriko (Bizkaia) aktoreak jokatuko du rol protagonista: Elena Mujikaren azalean sartuko da. Bikoizketako aktorea da Mujika, eta atzean utzi ditu bere urterik zirraragarrienak. Errutinan murgilduta bizi da, eta, halako batean, senar ohia itzuliko da, ustekabean. Kontua da senar ohia iktus batek ezgaitu duela, eta heriotza mehatxu arriskutsuak jaso izan dituela. Izan ere, fikzioa mehatxu kriminalez eta iraganeko sekretuz beteta egongo da.

Aktore lantaldea

Ituñorekin batera, esperientzia handiko aktoreek jokatuko dituzte pertsonaiak. Klara Badiola eta Sara Cozar daude lantaldean. Baita Iñigo Gastesi, Arnatz Puertas, Yangxi Chen eta Iñigo Rodriguez ere. Aktore gazteen artean, Nerea Sanz nabarmendu beharrekoa da —gaur egun, Makusi plataformaren Mari sorgin ehiztari telesaileko protagonista nagusia da—. Desagertuta telesaileko protagonista Jon Lukas ere agertuko da telesailean. Baita Guiomar Puerta eta Aitor Beltran ere.

Alberto Gastesi eta Itziar Ituño 'Argi gorriak' telesailaren grabaketetan
Alberto Gastesi zuzendaria eta Itziar Ituño aktorea, 'Argi gorriak' telesailaren grabaketetan, Hernanin (Gipuzkoa). VIDANIA FILMS

Gidoilari taldean parte hartu dute, beste alde batetik, Kepa Errastik eta Gemma Urrakak.

Talde teknikoari dagokionez, Yago Garbizu da zuzendari laguntzailea, produkzio zuzendaria Carmen Sanchez de la Vega da, eta argazki zuzendaria Esteban Ramos. Arte zuzendaria Imanol Etxeberria da, jantzien ardura Arantxa Ezkerrok du, eta makillajeaz Ainhoa Eskisabel arduratzen da. Azken horrek Goya sari bat irabazi zuen Handia filmean egindako lanari esker.

Andrea Saenz da telesailaren soinu zuzendaria. Muntatzailea, berriz, Laida Aranburu da. Musika Haizea Huegunen esku dago. Eta soinu muntaketa Koldo Corellak egingo du. Buda Roses arduratu da castingaz.

LGTBI kolektiboaren ikusgarritasunak telesailean presentzia izango duela iragarri du ekoiztetxeak. Vidania Films telesaileko ekoiztetxeak berak ekoitzi zituen Gastesiren Gelditasuna ekaitzean eta Singular filmak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.