Jone Arriola zinemagilea 'Lehen aldiz' telesaila filmatzen ari da

Lau atal izango ditu, eta urtea amaitu baino lehen estreinatuko dute Primeran plataforman.

'Lehen aldiz' telesailaren filmaketa, Igorren (Bizkaia). EITB
'Lehen aldiz' telesailaren filmaketa, Igorren (Bizkaia). EITB
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igorren (Bizkaia) hasi dira filmatzen, duela egun batzuk, Lehen aldiz telesaila. Lau ataleko fikziozko lan bat izango da. Atal bakoitzean, bi pertsonak topo egingo dute leku batean, eta beraien artean lehen bizipen bat gertatuko da, lehen aldi bat.

Jone Arriola zinemagilearen (Elgoibar, Gipuzkoa, 1998) aurreneko telesaila da. Aurretik Dena asmatuta dago eta Hor konpon film laburrak zuzendu zituen. Primeran plataforman ikusgai daude bi lan horiek, eta plataforma berak estreinatuko du Lehen aldiz telesaila; okerrik ez bada, urtearen amaieran.

Telesaileko aktoreak honako hauek izango dira: Nerea Mazo, Xabier Elizalde, Aiora Enparantza, Mikel Kaye, Xanti Agirrezabala, Kimetz Etxabe, Sara Nieto eta Amets Arbelegi.

Arriolak pertsonen arteko topaketan oinarrituko du fikziozko lan berria: «Egunero egiten dugu jendearekin topo, ezagun zein ezezagunekin. Askotan ez gara ohartu ere egiten elkartzen garen jendearekin batzuetan lehen aldiko topaketa edo lehen aldiko bizipen bat gertatzen ari dela». Istorioan, Arriolak «bizitzaren parentesi txiki» moduan planteatuko ditu topaketak. «Protagonistek lehen aldiko topaketa eta bizipenak izango dituzte, berriak eta naturalak, bizitzan gertatzen direnak bezalakoak. Hor egongo da telesailaren xarma». 

EITBren Formatu txikiak, talentu berriak deialdiari esker egingo dituzten zazpi telesailetako bat da Lehen aldiz. Orio Produkzioak ekoiztetxearena da lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.