ETB

‘Kalea gurea da. Ertzainik ez!’, jarri zuen Jexux Mari Irazuk

Igandean 30 urte beteko dira ETB1eko saio batean Joxerra Garziak emanaldia bukatzeko agindua jaso zuenetik. Lau bertsolari gazte egiten ari zirena ez zen zuzendaritzaren gustukoa. Soka luzea ekarri zuen egun hartakoak.

Joxerra Garzia ETBko aurkezle zen garaian, 1994an. ETB
Joxerra Garzia ETBko aurkezle zen garaian, 1994an. ETB
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Apirilak 21 zituen, 1994an. Hau da, 30 urte beteko dira etzi. ETB1eko saio bat aurkezten ari zen Joxerra Garzia, baina ezin izan zuen programa amaitu. Telebista publikoaren zuzendaritzaren deia jaso zuen, saioa amaitu behar zela aginduz. Hala egin behar izan zuen Garziak.

Garziak bazeramatzan urte batzuk ETBn aurkezle. 1988an hasi zen Hitzetik hortzera bertsolaritza saioa aurkezten, eta 1989tik zen asteroko saioa. Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero (BERRIA, Jakin, Elkar, 2024) liburuan ere mintzatu da Garzia duela hiru hamarkada gertatu zen egoera hartaz. «1993. urtean, [Luis Alberto Aranberri ] Amatiño etorri zitzaidan, asteroko programaz gain, hilean behin beste programa bat egitea nahi zuela esanez, prezio berean noski; estutasun ekonomikoak aipatu zizkidan». Bertsozale Elkartearen eskutik, magazin gisako bat jarri zuten martxan. Zuzenekoa zen saio hura, eta dozenaka ikus-entzule zituen platoan (Miramonen, Donostian). Saio bakoitzean gonbidatu nagusi bat izaten zuten, eta oholtza gainean Joseba Tapia eta haren musika taldea izaten zuten.

Lehen atalean, Andoni Egaña eta Xabier Amuriza gonbidatu zituzten; bigarrenean, Sebastian Lizaso eta Jokin Sorozabal; hirugarrenean sortu zen zalaparta: Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin. Gazteak ziren orduan, ez dira alferrik 30 urte pasatu. Bernardo Atxaga idazlea zen gonbidatu nagusia.

Unai Iturriagak gogoan du egun hartan gertatutakoa. Bertso batean, «desinformazioa orduero Euskadi Irratian» kantatu zuen. «Bai, nik hori esan nuen, horrela izan zen. Baina nire iritziz, detonantea edo puntu gorena izan zen Jexux Mari Irazuk egin zuen pintada». Dekoratu bat zen han, eta Irazuk hitz hauek idatzi zituen: «Kalea gurea da, ertzainik ez!». Iturriagak azaldu duenez, saio guztia prestatua zuten lau bertsolariek albistegi kritiko moduko bat egiteko. «Nire irudipena da pintaketa izan zela detonantea saioa eteteko». Egun hartan, bertsolariek entseguetan galdetu zuten ea pintaketarik egin zezaketen dekoratuan, eta baiezkoa bazuten. Iturriagak gogoan du garai «gogorra» zela hura. «ETB oso alderdikoia zen. Jose Maria Calleja ETB2n zebilen, eta propaganda esajeratua zen».

Legebiltzarrean azalpenak

Garziak bazterrak aztoratu zirela dio Txoria hodei artean liburuan. «Hasieran, egun hartan bertan, Joxe Mari Oterminek [orduko ETBko programen arduradunak] eskerrak eman zizkidan, txukun antzean despeditu nuelako programa». Baina funtsean, zentsura kasu bat izan zen hura. HBk gertatutakoaz galdera egin zion Iñaki Zarraoa EITBko zuzendari nagusiari Eusko Legebiltzarrean, eta hark esan zuen ez zela zentsura izan. «Bertsolariek gidoia saltatu zutela, eta horrexegatik moztu behar izan zutela saioa esan zuen Zarraoak».

Iturriagak gogoratu du duela 30 urteko egun hartan «noraeza handia» izan zela. «Jendea ez zen konturatu saioa eten zutenik. Eta platoan jarraitu genuen tarte batean, saioa etenda zegoela ere». Ondotik, programa hura egiten jarraitu zuen Garziak sei hilabetez. «Pentsatzekoa denez, ez zen giro Miramon aldean», kontatu du liburuan.

Duela 30 urteko pasartea ez da EITBk bertsolariak zentsuratu dituen kasu bakarra. 2022ko urrian, esaterako, Maddalen Arzallusek Euskadi Irratian kantatutako bertso batzuk webgunetik kendu zituen EITBko zuzendaritzak. Ondotik, EITBko enpresa batzordeek zuzendaritzaren «zentsura» salatzeko elkarretaratzea egin zuen. Iturriagak argi du egoera ez dela aldatu: «EAJ alderdiaren kontrola beti hor egon da. Zaintzen dute beti alde baten sentiberatasuna, baina beste alde batzuen sentiberatasunak bost axola du. Orduan hala zen, eta gaur egun ere horrela da».

Joxerra Garziak gogoratu du duela 30 urte inguru Euskal Telebistak agindua emana zuela Korrikaz ez hitz egiteko. Horretan bada alderik gaur egungo egoerarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.