Libanotik mundu osora, Youtube bidez

Free Palestine TV hedabideko hiru kazetari Euskal Herrian dira egunotan. Libanon, Gazan eta Zisjordanian bizitzen ari direna kontatzen dute, ingelesez. «Komunitate txikien aktibismoa inspiratzailea da», esan du Laith Maruf hedabideko zuzendariak.

Free Palestine TVko hiru kide, BERRIAren Andoaingo erredakzioan, astelehenean. UXUE PEREZ
Free Palestine TVko hiru kide, BERRIAren Andoaingo erredakzioan, astelehenean. UXUE PEREZ
urtzi urkizu
Andoain
2026ko ekainaren 24a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ama Haifakoa (Palestina) eta aita Siriakoa ditu Laith Maruf kazetariak. Jordanian jaio zen, eta Kanadan bizi izan zen 25 urtez. 2018an, berriz, Libanora itzuli zen. Maruf da Free Palestine TV hedabidearen sortzaileetako bat, zuzendari nagusia, eta egunotan Euskal Herrian da proiektuaren berri ematen, Rabih Grannam eta Evan Katsounis lankideekin batera. BERRIAren Andoaingo (Gipuzkoa) erredakziora sartu, eta euskararen egoeraren inguruko eta egunkariaren gaineko galderak egiten hasi dira.

Marufi egokitu zaio gero bere hedabidearen inguruko galderei erantzutea. «Palestinaren aldeko mugimenduari buruzko erreportajeak, dokumentalak eta elkarrizketak egiten ditugu. Hona etorri gara Euskal Herriko mugimendu antifaxisten eta aurrerakoien historiaren berri izateko. Palestinaren askapenaren eta Euskal Herriko askapenaren arteko alderaketak egin, eta hemengo istorioen berri ere izan nahi ditugu».

2023ko urrian jarri zuten martxan Free Palestine TV, Youtubeko kanalaren bidez. Libanon sortu zuten, eta han dute lantalde nagusia. Hamabi langileen artean, kazetariak, kamerariak, editoreak eta sare sozialetako adituak dituzte. «Zisjordanian bagenuen talde bat, baina haietako lau atxilotu egin zituzten, eta hango ekoizpena geldiarazi egin behar izan genuen». Youtubeko kanalak 63.000 jarraitzaile baino gehiago ditu. «Hilero milioi erdi bisita inguru izaten ditugu. Iaz, Youtubek kanala debekatu edo zentsuratu zigun. Baina nazioartean kanpaina handi bat egin zuten gure kanala itzultzeko eskatzeko, eta berreskuratzea lortu genuen. Deabrutu egin gaituzte, edonola ere», dio Marufek. Iruditzen zaio Youtubek ematen dituen datuak ez direla erabat fidagarriak. «Zenbaitetan, kopuruak hamar aldiz handiagoak direla esango nuke». Taldeak argi du: ingelesez ari baldin badira, «erresistentziarako» ari dira hizkuntza horretan.

Lantaldeak beste herrialde batzuetan ere

Free Palestine TVko lantaldea Libanon aritzen da. Baina Maruf eta haren lankide batzuk herrialdez herrialde dabiltza azkenaldian; izan ere, beste herrialde batzuetan taldeak sortzeko asmoa dute. «Gure asmoa litzateke frantsesez, mandarinez, errusieraz eta gaztelaniaz ariko diren lantalde berriak sortzea. Toki bakoitzeko jarduerak eta erresistentzia istorioak nahiko genituzke kontatu».

Free Palestine TVko kideak BerrianRabih GhannamLaith MaroufEvan Katsounis
Free Palestine TVko Evan Katsounis, Laith Maruf eta Rabih Grannam kazetariak, astelehenean, Andoainen. UXUE PEREZ

Euskal Herriko aktibistekin harremana du lehendik Marufek. «Asier Herranzekin eta Yousef Navarro berriemailearekin harremanetan izan naiz. Herranzek Euskal Herrian egin izan diren manifestazioen berri eman dit. Gainera, Euskal selekzioak eta Palestinak Bilbon iazko azaroan jokatu zuten lagunarteko futbol partidaren irudiak bidali zizkigun, eta Free Palestine TVn eman genituen». Halakoak zabaltzea garrantzitsutzat jo du Free Palestine TVko kazetariak. «Jende gehienak badaki Frantzian edo Ameriketako Estatu Batuetan zer gertatzen den. Baina Euskal Herriko komunitate txikietan gertatzen direnak gure inguruko jende askok ikusi nahi ditu. Komunitate txikien aktibismoa inspiratzailea da».

Marufek salatu du Espainiako Gobernuak eta israeldar lobbyak Herranzen eta Navarroren aurka egin izan dutela, palestinarrekin harremana dutelako. «Beldurra ematen die komunikabideetan egiak esateak». Halaber, «erokeria hutsa» iruditu zaio Ertzaintzak Loiuko aireportuan (Bizkaia) nola jardun zuen maiatzaren 23an Global Sumud Flotillan parte hartu zuten euskal herritarren aurka. «Israelgo armadaren torturak jasan ostean hegazkinetik jaitsi eta poliziek jipoitzea erokeria hutsa iruditu zitzaidan. Euskal Herrian mezu hau eman nahi dutela dirudi: 'Israeli desafio egiten badiozu, handik itzultzean, Poliziak eta Eusko Jaurlaritzak eraso egingo dizute denen aurrean'». Europako komunikabide handien inguruan ere oso kritiko mintzo da Maruf: «Gehienak sionistak dira, eta juduen nagusitasunaren ideologia babesten dute».

Israelgo armadak Libanon hil dituen kazetariak aipatzen hasi da Maruf. BERRIAk maiatzaren 3an argitaratu zuen artikulu batean ageri da Amal Khalil —israeldarrek apirilaren 22an hil zuten—, eta PDFa inprimatuta ikusi duenean sentimenduak azaleratu zaizkio ahotsean. «Erreferente bat zen, kazetari gazteei asko laguntzen zien. Haren hiletan milaka lagun izan ziren». Orrialdeko argazkiari musu bat eman, eta poltsan gorde du. Gogoratu du misil bat haiengandik bost metrora lehertu zela. «Baina hemen gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA