Warner Bros Discovery konpainiak urrian iragarri zuen prest zegoela eskaintzak jasotzeko, eta denetik gertatu da orduz geroztik. Abenduaren 5ean, Netflixek eta Warner Brosek azaldu zuten «elkarrizketa esklusiboak» hasi zituztela lehenak bigarrena erosteko. Handik hiru egunera, ordea, Paramountek eskaintza oldarkorra egin zuen. Warner Brosek hurrengo egunetan adierazi zuen Netflixen eskaintza onesten zuela. Eta Paramountek eskaintzak egiten jarraitu zuen. Eskaintza horietako azkenak, ordea, Netflixena hobetzen duela azaldu du Warner Bros Discoveryk aste honetan. Netflixek lau eguneko epea zuen Paramounten eskaintza berdindu edo hobetzeko, baina lehiatik baztertzea erabaki du. «Akordioa jada ez da erakargarria finantza ikuspuntutik, eta Paramount Skydancek egindako eskaintza berdintzea baztertzen dugu», esan zuten atzo Netflixeko arduradunek.
Horiek horrela, Paramount da hautagai bakarra Warner Bros Discovery erosteko. Akziodunen batzarrak bozketa egin beharko du eskaintza onartzen duten ala ez erabakitzeko. Baina akordioa egintzat jo du David Zaslav Warner Bros Discoveryko zuzendariak: «Gure administrazio kontseiluak Paramountekin bat egitearen alde bozkatzen duenean, balio handia sortuko da gure akziodunentzat. Ilusioz beteta gaude Paramount Skydance eta Warner Bros Discovery enpresak uztartzearen potentziala dela eta».
Erosketa, edonola ere, ez da berehalakoan gauzatuko. Izan ere, litekeena da erakunde arautzaileen onespen prozesuak hainbat hilabete irautea.
Donald Trumpen lagunak
Netflix erosketa prozesutik atera izanaren ondorioz, streaming plataforma horren akzioek %9 egin dute gora, inbertitzaile askok ikusten baitzuten arrisku handia zuela Warner Bros Discovery erosteak.
Bestalde, AEBetako Gobernuko presidente Donald Trumpek auzian eragina izan duela argitaratu dute hainbat hedabidetan. CNNk argitaratu duenez, Ted Sarandos Netflixeko zuzendaria Etxe Zuritik atera zen atzo bertan, «haserre itxurarekin». Paramount Skydance konpainiaren zuzendaria David Ellison da, eta haren aita Larry Ellison enpresari aberatsa Donald Trumpen laguna da. Oracle enpresaren sortzailea izan zen Larry Ellison, eta, Forbes aldizkariaren arabera, munduko pertsonarik aberatsenetan bosgarrena da. Paramountek egindako eskaintzen epean, 34.400 milioi euroko bermea eskaini zuen. Azkeneko hilabeteetan, David Ellison eta Trump behin baino gehiagotan bildu dira.
Warner Bros Discovery konpainiaren parte dira Warner Bros Hollywoodeko zinema estudioak, HBO Max ordainpeko streaming plataforma, kable bidezko CNN, TBS eta TNT telebista kateak eta Discoveryren kanalak eta plataforma. Trumpek jarrera oldarkorra izan du azken bi urteetan CNN katearekin, eta orain telebista hori Paramounten esku gelditzen baldin bada, asko aldatu daiteke haren ildo editoriala. CBS, Showtime, Nickelodeon eta MTV kateak Paramount Skydance enpresarenak dira gaur egun. Euskal Herrian Skyshowtime da haren streaming plataforma.