Bost ataleko euskarazko telesail bat ari dira filmatzen azkeneko asteetan Bilbon eta Bizkaiko hainbat herritan. Odol ilargia du izenburua telesailak, eta datorren urtean estreinatuko du Primeran plataformak. Osagai fantastikoak dituen thriller gisa definitu dute.
David R. Losada zinemagilea da telesail berriaren zuzendaria. Gidoilariak, berriz, Losada bera eta Mikel Alvarez Sarriegi dira. Azken horrek Bira ekoiztetxean egiten du lan, eta harena da Euskalia zientzia fikziozko eleberria. Losadak, bestalde, Enarmonía, La noche del ratón eta Mosquito film laburrak zuzendu ditu, baita Lady Off filma ere —2018an estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian, Zinemiran—.
Baleuko ekoiztetxearen eta EITBren produkzio bat da telesaila. Ekainaren 9an hasi zituzten grabaketak. Eta fikzioak lagun talde baten bizitzako bi garai zehatz ditu ardatz; hamar urteko aldea dago bataren eta bestearen artean (2015 eta 2025). Suizidio batek eragin handia izango du pertsonaia nagusiengan, eta gertaera horren atzean urteetan isildutako traumaren inguruan garatuko da istorioa. Julen protagonistak argitara aterako du guztia. Pertsonaien bide horretan, hainbat gaitan jarriko du arreta telesailak: bigarren aukerak, adiskidetasunaren balioa eta identitate sexuala, besteak beste.
Aktore taldea
Telesail berriaren aktoreen artean, aurpegi ezezagunak eta ezagunak ageri dira. Lantaldean da, esate baterako, Sambou Diaby Faisaien irla filmeko (Asier Urbieta, 2025) protagonistetako bat. Nerea Sanz Mari sorgin ehiztari telesaileko (Makusi) protagonistak ere parte hartuko du. Baita Go!azen-eko Mikele Arizkorretak ere. Aktore gazteen artean dira Jon Muñoz, Aritz Kortabarria, Nekane Otxoa, Itziar de Castro eta Asier Valdestilla, besteak beste.

Aktore beteranoago batzuek ere parte hartuko dute Odol ilargia-n: Iñigo Aranburuk —Desagertuta telesailean ere ari da—, Iraia Eliasek —antzerkigintzan egindako lanean nabarmendua— eta Aitor Borobiak.
Basaurin eta Galdakaon egin dituzte azkeneko asteetan telesailaren grabaketetako batzuk, baita Bizkaiko hiriburuan ere, Bilbon.
ETBk iragarri duenez, erritmo bizia izango du telesailak, eta «gaur egungo lengoaiaren aldeko apustua» egingo du. Musika, bestetik, osagai garrantzitsua izango dela nabarmendu du telebista publikoak. Belako eta 2zio taldeen kantak entzungo dira fikzio lanean, baita Elena Setienek konposatutako musika originala ere.
Euskarazko telesail gehiago ari dira grabatzen egunotan Euskal Herrian. Fikzio lan berrien artean, Itziar Ituño protagonista duen Argi gorria aipa daiteke. Vidania Filmsen ekoizpen bat da.
Pausoka ekoiztetxea, bestalde, Go!azen eta Irabazi arte telesailen denboraldi berriak filmatzen ari da.
Txintxua Filmsen Zeru ahoak telesaila, bestalde, aurten estreinatuko dutela espero da, gauzak ondo bidean.
Egunotan, bestalde, Primeran eta Netflix plataformak Desagertuta telesaila ematen ari dira: lehenak, euskaraz, eta bigarrenak, gaztelaniaz. Espainiako Netflixen hainbat egunetan gehien ikusitako telesailen artean lehen tokian dago. Primeran-en, berriz, hasiera-hasieratik izan da lehen postuan. Datorren astean estreinatuko dute denboraldiko azkeneko atala.